Kaixo! Beharbada despistatuta ibili zara egunotan eta itxialdirako teknoaholku sorta hau galdu duzu. Lasai, Hemen dituzu aurreko kapituluak:
Firefoxekin bezala, gaurko proposamena seguruenik mazi erabiliko duzun software bat ordezkatzea. Askorentzako buruhauste ederra da Microsoft Office informatika paketea lortzea. Badakizue: Word testu prozesadorea, Excel kalkulu orria, Access datubasea…
Softwarea zerbitzu gisa
Informatika programak pirateatzea, gainera, gero eta zailagoa da: garai batean erabiltzaileak programaren bertsio baten kopia erosten zuen, eta nolabait bertsio hori bere ordenagailuan instalatu eta erabiltzeko ‘baimena’ lortzen zuen. Bertsio berria ateraz gero, erabiltzaileak bertsio berri hori erosi behar zuen erabili nahi bazuen. Eskema horretan, gutxi-asko, erraza zen programen kopia bat eskuratzea, eta-edo programa hori aktibatzeko klabe bat…
Gaur egun, ordea, softwaregile gehienak ‘SaaS’ edo ‘Software as a Service’ delako eskema erabiltzen dute. Softwarea zerbitzu gisa: orain ez da saltzen bertsio jakin bat erabiltzeko baimena. Orain, aplikazio ezagun handi gehienetan, softwarearen ‘harpidetza’ bat erosten da: hilabeteko edo urteko kuota bat ordaintzen duzu, eta haren truke programa hori denbora horretan erabiltzeko baimena duzu, ateratzen diren bertsio berri guztietan. Hori bai, programa irekitzen duzunean, egiten duen lehenengo gauza ‘etxera deitzea’ da: bere jabeari kontatzen dio programa ireki dizula, eta, noski, erabiltzeko baimena duzun ala ez kontrolatzen du. Zure harpidetza balekoa da, problemarik ez. Baina harpideduna ez bazara, funtzio batzuk murriztuak izango dituzu, edo kasurik txarrenean, programa ireki ere ez da egingo. Microsoft Officek ‘Office 360’ deitzen dio modu horri. programa dohainik ere deskarga dezakezu bertsio batzuetan. Baina harpidetza ordaindu ezean, dokumentuak irakurri baino ezingo dituzu egin. Ez sortu, ez editatu ta ez ezer.
Gratis et amore
Firefoxekin bezala, beraz, arrazoi mordoa dago LibreOffice erabiltzeko. Haietako bat: erabat doakoa dela. Ez duzu ez lizentziarik, ez harpidetzarik, ez ezer ordaindu beharko. Baina, gustatzen bazaizu eta nahi baduzu, aukera duzu, noski, egileei ekarpen bat egiteko. Ekarpen hori dirutan edo denboran egin dezakezu, gainera, beitu ze ondo!
Baina gainera, Firefox bezala, LibreOffice software librea da, bere ‘tripak’ ezagunak eta publikoak dira, eta edonork ikus dezake programak nola funtzionatzen duen barrutik. Horrek, besteak beste, errazten du programak euskaraz ere funtzionatzea, eta ziurtatzen du programazioa egin duen jabeak ez dituela gauza arraroak egiten idazten ditugun dokumentuekin edo gure informazioarekin oro har.
Microsoft Office bezala, LibreOffice ofimatika software bat da, hainbat aplikazio dituena:
- LibreOffice Writer, testuak idatzi eta irakurtzeko. Microsoft Worden parekoa da, eta, gainera .doc eta .docx dokumentuak sortu eta irakur ditzake. (LibreOfficek berez .odt artxiboak sortzen ditu, estandar irekia den Open Document formatuan. PDF, TXT, RTF eta beste hainbat formatu ere idatzi eta irakur ditzake.
- LibreOffice Calc, kalkulu orriak maneiatzeko programa, Microsoft Excelen parekoa, eta harekin egindako artxiboak ere ireki eta editatzeko ahalmena duena.
- LibreOffice Impress, pantailako aurkezpenak egin eta erakusteko programa da. Hots: Microsot Powerpointen parekoa, eta harekin bateragarria, noski.
- LibreOffice Draw, marrazkiak egiteko programa. Uste dut Microsoftek ez duela parekorik. Bueno, Windowseko Paint hori akaso. Hau zertxobait aurreratuagoa da… Esango nuke burumapak (mind maps) egiteko aplikazio horien paretsu dela… Aitortiko dizuet ez dudala sekula erabili.
- LibreOffice Base. Datubaseak kudeatzeko aplikazioa, MS Accessen estilokoa.
- LibreOffice Math. Formula matematikoak idazteko aplikazioa. Letra hitsetakook garenontzat ez du askorako balioko. Baina tira, hor dago behar izanez gero…
Nola instalatu LibreOffice
LibreOffice oso erraz instalatzen da, eta gainera bertsioak ditu GNU/Linux, Windows, zein macOS sistemetarako. Hemen instalatzeko moduak, sistemaz sistema:
Instalatu LibreOffice GNU/Linuxen
Linux erabiltzen baduzu, seguruenik ezaguna duzu honezkero LibreOffice. Defektuz dator instalatuta distribuzio nagusi gehienetan.
Zure distribuzioak programa instalatzaile grafiko bat baldin badu, saiatu bertan bilatzen. Bestela, komando interfazearen bidez ere lortu dezakezu. Ni ez naiz batera iaioa gauza horietan, baina nonbaitetik hastekotan, hemen topatuko dituzu pista egoki batzuk…
Instalatu LibreOffice Windowsen
Windowsen ere oso erraza da LibreOffice instalatzea:
- Deskargatu instaladorea hemendik.
- Ireki instaladorea. Windowsek abisu bat aterako dizu, esanez instaladoreak aldaketak egin nahi dituela zure sisteman. Zuk baietz, beldurrik gabe!
- Jarraitu instaladoreko pausuak. Beldurrik gabe, zuk danari baietz! :-)
- Minutu batzuen ondoren, prest izango duzu LibreOffice erabiltzeko, eta haren lasterbide bat zure maaigainean. Baina eh! Oraindik ez dugu amaitu: instalatu duzun softwarearen interfazea euskaraz badago ere, euskarazko zuzenketa ortografikoa ez dakar berez instalatuta.
- Euskarazko zuzenketa ortografikoa instalatzeko, bi aukera dituzu:
- Lehengoan aipatu genuen Xuxenen webgunera jo, eta han topatuko duzun gehigarria deskargatu. Jarraibide zehatzagoak behar badituzu, hemen dituzu eskura.
- Hain ezaguna ez bada ere, bada Xuxenen alternatiba bat euskarazko zuzenketari dagokionez. Hobelex du izena, eta hemendik deskargatu dezakezu. Teknologikoki, Hobelex garatuagoa da Xuxen baino, eta euskararako pentsatutako zuzenketa teknologia propioa erabiltzen du, Xuxenen oinarria den Hunspell zuzenketa software orokorraren ordez. Jarraibide gehiago behar baduzu, hemen topatuko dituzu.
Instalatu LibreOffice macOSen
Mac ordenagailuetan ere erraz instalatzen da LibreOffice, baina kasu honetan bi pausutan egin beharko duzu. Hara:
Ireki zure web nabigatzailea Firefox, eta joan LibreOffice deskarga orrira. Arretaz ibili, bi deskarga egin behar dituzu eta:
Lehenengo eta behin, LibreOffice aplikazioa bera deskargatu beharko duzu. Ingelesez. Botoi horiari sakatu, eta deskargatuuko duzun instalatzailea exekuktatu normal. Gero 2. zenbakia duen loturan klik egin, eta euskarazko hizkuntza paketea eskuratuko duzu. Bigarren artxibo horretan klik bikoitza egin, eta LibreOffice automatikoki ireki eta bere hizkuntza euskarara aldatuko da.
Amaitzeko, jo Xuxenen webgunera, eta deskargatu eta instalatu zuzentzaile ortografikoa. (Tamalez, Hobelex ez dago eskuragarri macOS sistemarako).
Ta horixe da guztia! Ikusi ze erraz lor dezakezun ofimatika pakete bat, super osatua, erabilgarria, librea, euskalduna eta %100 doakoa! Gehiago ezin zaio eskatu, eh? Probatuko duzu? Kontatu zer moduz doakizun!
[…] Instalatu LibreOffice […]
[…] Instalatu LibreOffice […]