NabarmenakTrepetak

Mikrofonoak nonahi

Gero eta mikrofono gehiago ditugu inguruan, abisatuta zein abisatu gabe, esaten dugun guztiari adi-adi entzuten.
Mikrofonoak nonahi 7 - teknopata.eus

mikrofonoaMomentu bat iristen ari da, gero eta zailagoa dena erabakitzea iristen zaigun teknologia berri bakoitza moloia ala beldurgarria ote den, edo bietatik zein den gehiago.

Azken hamabost egunetan, adibidez, bata bestearen segidan iristen ari zaizkigu gizakion solasaldi arrunten ezagutza automatikoarekin lotutako albiste eta produktu iragarpenak. Soltean begiratuta, oso albiste ezberdinak dira, eta normalean horrelakoak jasotzen ditugun pilula solte formatuan, zerikusirik ez dutela eman lezake. Baina, hara, elkarren ondoan jarriz gero, panorama izugarri samarra plantatzen diguten begien aurrean, konspiranoia alarma guztiak pizteraino. Ikusi:

google-home
Google Home, etxerako espioi eder eta diseinuzkoa…

2016/05/19.- Googlek Google Home aurkeztu du, etxerako laguntzaile berria. “Morroi” deituko nioke, baina ez nago oso ziur gailu horrek zein bihurtzen duen morroi. Kontzeptua sinplea da: mikrofono omnidirekzionala, etxeko egongela jartzeko, 24 orduz piztuta eta Googleren koknektatuta. Etxeko beste gailu batzuei gure aginduak betearaztea gain, gure elkarrizketak entzun eta haien araberako informazioa emango diguna. Bizilagunari esanez gero “jopetas, gustura hartuko nuke, bada, izozki bat”, trepetatxoak azkar demonio esango dizu alboko herriko Telepizzan 3×1 eskaintza dutela izozkietan, adibidez. Eta salmenta gauzatuz gero, noski, zatitxo bat Googlerentzat…

Kontzeptua ez da berria, Amazonen badu dagoeneko halako gailu bat, Alexa izenekoa, Estatu Batuetan soilik funtzionatzen duena. Googlek espresuki aitortu du kontzeptu hori bera hartu eta urrats bat harago eraman nahi duela.

Pebble Core, ahotsaz kontrolatzen den kiroletarako jantzigarria
Pebble Core, ahotsaz kontrolatzen den kiroletarako jantzigarria

2016/05/24.- Izugarri miresten dudan Pebble etxeak, erloju adimendun merke eta funtzionalak egiten dituenak, bere produktuen hirugarren belaunaldia aurkeztu du: Pebble 2, kirolarientzako erlojua; Pebble Time 2, bertsio ‘dotorea’… eta ‘jantzigarri’ berri bat: Pebble Core. Oinarrian: erloju horien bertsio murriztu bat, printzipioz kirolarientzako pentsatua. Pantailari gabe, Internet konexio propioarekin, eta informazio sartu-irten guztia ahoz egiten duena. Ezetz asmatu zer teknologia erabili duten ahozko informazio trukea gauzatzeko? Bai, Amazonen Alexa deritzon hori. Ikusi beharko da kontzeptuak aurrera egiten duen ala ez, baina hor dago ideia: beste mikrofono bat, 24 orduz internetera konektatuta, zer esaten/egiten dugun etengabe entzuten.

2016/05/29.- Espainiako Epaitegi Gorenak dio poliziak interbenitutako sakelakoak erabil ditzakeela inguruan gertatzen ari diren solasaldiak grabatzeko. Eta ofizialki jakin dugu badirela inguruko soinu horretan gertatzen diren solasaldiak automatikoki atzemateko sistemak. Eta grabazioak egin daitezkeela telefonoan deirik ez badago ere. Albistea noraino den egia, noraino gezurra, telefonia protokolo teknikoek noraino ahalbidetzen duten funtzio hori, eztabaidagai dago hainbat forotan, maila kuñao samarrean gainera.

2016/06/03.- Entzuten… eta grabatzen! Google berriro erasora: Android sistema erabiltzen duzuenok, jakingo duzue aspalditxo gehitu ziotela funtzio bat, Ok Google deitzen diotena. Gaituta baldin baduzu, bi hitz horiek esatean, telefonoak jarraian zer esaten diozun entzun, eta ulertzen duenaren arabera, zure agindua betetzen edo, bestela, bilaketa bat egiten saiatzen da. Problema? Ematen dizkiozu agindu horiek grabatu eta gorde egiten dituela. ‘Ok Google’ esaten diozunero, baina baita ‘Ok Google’ esan duzula ‘uste duenean’.

Lewis Hilsenteger  youtuber estatubatuarrak bideo honetan erakusten du, Googleko bere historialari jota, nola dauden hor ehunka ahots grabazio, batzuk benetan telefonoari emandako aginduak… eta beste batzuk ez:

Ok Google funtzioa inoiz erabili baduzue, jo history.google.com orrira, eta hortxe konprobatu ahal izango duzue zuen grabazioan historiala. Ederra e? Hor ez dago epailerik tarteko! o.O

Legez, legez kanpo, abisatuta, abisatu gabe, grabatuta, grabatu gabe… mikrofonoak, mikrofonoak ditugu nonahi!!! O.o

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.