NabarmenakTrepetak

Telefono eta erlojuen ostean… badatoz etxe ‘adimendunak’

Ez dakit zergatik, baina uste dut laster saiatuko zaizkigula etxea 'adimentsu' bihurtzeko tramankuluak modan jartzen. Hona hor zehar ikusi ditudan aukera ikusgarri batzuk.
Telefono eta erlojuen ostean... badatoz etxe 'adimendunak' 7 - teknopata.eus

Ikusteko dago oraindik zer moduz funtzionatuko duten merkatuan erloju ‘adimendunek’, gabonetako kanpaina gakoa izango da horretarako. Oraingoz behintzat, ez du ematen iaz Samsungek bere Gear gailuarekin egin zuen saiakerak arrakasta handirik lortu duenik. Nik neuk behintzat ez dut horrelakorik ikusi kalean.

Baina ordulari azkarren arrakasta gorabehera, azken asteotan ikusi dudanagatik esango nuke badatorrela beste teknomoda bat, eta haren arrastoa usaintzen hasi daitekeela honezkero: ez telefonoak eta ez erlojuak, baizik eta etxe adimendunak, urrunetik kontrola daitezkeenak.

nest-termostatoa
NEST termostato adimenduna da domotikarekin lotutako produktu arrakastatsuenetakoa

Ideia sinplea da: hartu etxeko traste guztiak eta eman ahalmena horiek internet bidez kontrolatzeko, dela telefono batetik, tabletatik edo ordenagailu batetik. Horri gehitu sentsore mordo bat, lanetako batzuk automatizatu ahal izateko etxeko unean uneko baldintzen arabera, eta ttak! Horra zure betiko etxea, baina orain adimen propioarekin.

Teknologia hori guztia ez da berria, noski, eta badira domotika eskaintza komertzial serioak merkatuan. Baina kontua da, azken asteotan behin baino gehiagotan ikusi dudala han eta hemen etxe arruntetan ahalmen domotikoak txertatzeko ‘kit’ sinple eta merkeen berri. Horregatik uste dut horrelakoen olde handi samarra ikus genezakeela datozen hileotan. Adibide pare bat erakutsiko dizuet, ea zer iruditzen zaizkizuen:

LittleBits SmartHome Kit

SHK-wBits_LR
Lego elektrifikatua dirudi, baina kit honekin gauza moloi samarrak egin daitezke etxean…

LittleBits enpresaren kit koloretsu honek (Estatu Batuetarako prestatutakoa, momentuz) ‘adimentsu’ bihur ditzake etxeko zenbait gailu eta eremu, jabeak urrutitik kontrolatu edo gailuek beraiek erabakiak har ditzaten unean uneko baldintzen arabera.

Sistemaren ardatza cloudBit deritzon gailua da. Batetik, internetera konektatzen da, eta bestetik, sistemaren gainontzeko sentsore eta osagai guztiekin komunikatzeko gauza da, informazioa haiengandik jasotzeko zein gailuei aginduak bidaltzeko. IFTT webgunearen bidez programatzen da gainera: hau da, oso modu erraz eta intuitiboan, eta interneteko makinatxo bat aplikaziorekin interaktuatzeko aukerarekin. Hona, esaterako, kafe makina urrutitik piztu ahal izateko konbinazioa (azalpenak ingelesez daude, baina oso bisualak dira!):

Kitaren prezioa 249 dolarrekoa da (201 euro inguru), eta hemendik eros daiteke. Ez da batere garestia, eta ematen du aukera asko ematen dituela. Kitaren barruan, Cloudbit ‘burmuina’ eta 20 pieza ezberdin aurki daitezke, tartean motore bat, botoia, argi, tenperatura eta soinu sentsoreak… hortik aurrera, bakoitzari bururatzen zaiona :)

Webee

Smartee, WeBee sistemaren 'bihotza'.
Smartee, WeBee sistemaren ‘bihotza’.

Aurrekoaren aldean, WeBeerena hurbilpen ‘dotoreagoa’ dela esan daiteke, sofistikatuagoa. Kasu honetan, sistemaren burmuina Smartee deritzon router moduko bat da. Telebistara konektatzen da HDMI bidez eta, sistemako beste gailuak kontrolatzeaz gain, multimedia jogailua ere bada, telebista ere ‘adimentsu’ bihurtu ahal izateko Android sistemari esker.

Kasu honetan ere, unitate zentral honek gure etxeko gailuei atxikitzeko moduko osagarriak kontrolatzen ditu, baina honek haririk gabe kontrolatzen ditu osagarriak, Wi-Fi bidez. Hori bai, osagarri horiek, nolabait esateko, modulu ‘bukatuak’ dira, eta ez guk nahi erara muntatzeko pieza solteak. Hala, osagarrien artean badira bonbilletarako adaptadoreak, etengailu eta erreguladoreak, entxufeak, baita hainbat sentsore ere.

Badirudi hau produktu bukatuagoa dela, domotikaren aukerak etxean erabili bai baina esperimentazio askorik nahi ez dutenentzat, eta aurrekoak baduela gehiago ‘jostailu’ izaeratik. Baina biak ere aukera interesgarriak iruditu zaizkit. Deigarriak behintzat bai.

Hori bai, WeBee honen prezioaz ezin gauza handirik esan, haien webgunean ere ez baita agertzen.

Beste aukera bat Arduino hardware libreko plakak dira. Helburu irekiko makinak dira, ez domotikarako bereziki pentsatuak, baina komunitate zabala du atzetik, eta seguru nago domotikarako hamaika aplikazio dituela sortuta honezkero.

Zer iruditzen? Prest zaudete zuen etxea adimentsu bihurtzeko? Niri, ez dakit zergatik, aspaldi ikusi nuen “Demon Seed” filma etorri zait burura. Ikusita daukazue?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.