BlogosferaNabarmenak

Goazen, lagunok!

Sare sozial komertzialak arrisku publikoa bilakatu dira. Hustu beharra dago. Horregatik, #goazenlagunok kanpainarekin bat egin eta fedibertsora etortzera gonbidatu nahi zaituztet.
goazenlagunok kanpainako irudia
Facebooken ikurra zakarrontzira arrastatzen

Cambridge Analytica kasuaren ostean (non frogatuta geratu zen Facebooketik ateratako informazioa erabili zela, besteak beste, Trumpen lehen agintaldia eta Brexit erreferendumaren emaitzetan eragiteko), eta beste hainbat kontutxo txiki eta ez hain txiki, 2018an erabaki nuen Facebook kontua ixtea. (Interesa baduzue, hemen zergatik, hemen nola, eta hemen ondorio eta ikasgaiak).

Kostatu egin zitzaidan, ez pentsa. Ezagutzen nauzuenok badakizue sare sozial komertzialen erabiltzaile konpultsiboa izandakoa naizela. Barre asko egin dut haietan, eta jende zoragarria ezagutzeko parada eman didate. Baina orduan egindako aurkikuntza haiek ‘betaurreko moreak’ janztea bezalakoxea izan zen. Behin sare horiek era jakin horretan ikusten hasita, ezin atzera egin eta bestela begiratu.

Denborarekin, gainera, gauzek ez zuten hobera egin. 2020-2021ean, esperientzia pertsonal beldurgarri eta ez sinistekoa bizi nuen lehen pertsonan. Estatu Batuetako sekta ero batek oso gertuko pertsona bat endredatu zuen, nagusiki sare sozialak eta mezularitza aplikazioak erabilita, harik eta brote psikotikoa eragin eta ospitalean behartuta/engainatuta sartu behar izan genuen. Txosten medikuak eta polizia-salaketak eskutan, Metari eskatu genionean mesedez ixteko talde arriskutsu hura, Zuckerbergen enpresak GU blokeatu gintuen, taldeari jazarpena egiten ari gintzaizkiolakoan. Momentu hartan ikusi nuen inoiz baino argiago: ya ez da bakarrik ‘beste ideologia bat’, edo ‘mundu ikuskera diferentea’, ez. Sare sozial komertzialen atzean jende gaiztoa dago. Besterik gabe: bost axola zaiena erabiltzaileen ongizate eta osasuna.

Nik ez dut potxingo horretan egon nahi

Are gehiago: ez dut nahi nik maite/estimatu/axola zaidan inor ere jendaila horren atzaparretan egotea. Facebookekoa baino are gehiago kostatuta, 2021eko maiatzean Whatsapp kontua ere itxi nuen.

Txiokatu ala ez txiokatu, hortixe da kontua
‘Adimen artifiziala’ deitzera behartu gaituzten horretaz beste egun batean hitz egingo dugu, ya si eso…

Twitter baino ez zitzaidan geratzen, eta kariño handia nion, bertan ordu eta eduki asko emandakoa bainaiz. Baina badakizue, Musk-ek erosi zuen, eta odura arteko ‘giro mikatza’ ezerezean utzi zuen eskua sartzen hasi bezain pronto: moderazio taldeak desegin, ultraeskuineko erabiltzaile blokeatuak berriz ekarri, bortizkeria sustatu eta moderazio irizpideak komenientziaren arabera aplikatzen hasi izana… Aurreko kasuetan baino izerdi eta perna are handiagoarekin, baina 2023ko otsailean Twitter kontua ere itxi nuen.

Berriz: ez dut potxingo horretan egon nahi. Ez dut nahi maite/estimatu/axola zaidan inor ere bertan harrapatuta ikustea. Eta seguru nago zeuk ere berdin pentsatzen duzula.

Zuk ere ez duzu hor ibili nahi, seguru!

Azken asteotan, Trumpen garaipenaren ondorioz, gauzak ez dira hobetu. Sare sozial eta teknologia enpresa handien atzetik dabiltzan pelikulako gaizto psikotikoek mozorroa kendu eta lotsa guztiak agerian utzi dituzte:

Goazen, lagunok!

goazelagunok logoa - karratua

Orduan zer? Isolatuta bizi behar dugu, sare sozialek eman diguten hiperkonektibitatearen onurak ezagutu ondoren?

Bueno, bada aukera bat, baina ez bakarra, ezta politena ere. Zorionez, badugu Fedibertsoa, elkarren artean konektatutako sare txikien sare bat, propio diseinatuta dagoena kakazteari ihes egin eta fokoa beti-BETI-beti erabiltzaileen arteko komunikazioan jartzeko, eta ez enpresaren jabearen etekin ekonomikoetan. Ez naiz oso tekniko jarriko, baina ezaugarri orokorrak hauek dira:

  • Sare, nodo edo instantzia txikiz osatutako sare handi bat da. Nodo edo instantzi bakoitzak bere jabea, bere arauak, eta bere tematika dauka. Baina denak daude elkarrekin konektatuta (federatuta) eta sare bakoitzeko erabiltzaileak beste sareetakoekin komunikatu daitezke. Euskaraz ere baditugu makinatxo bat:
  • Horretako edozeinetan kontu bat ireki (Mastodon da garatuena une honetan) eta beste guztietako erabiltzaileei jarraitu ahalko diezu besteetan ere apuntatu beharrik gabe. Imaginatzen duzu Instagrameko kontu bat jarraitu ahal izatea Twitterretik? Ba halaxe.
  • Denak dira software librekoak, ez dago sekreturik zerbitzariak zure informazioarekin egiten duenaz eta ez duenaz.
  • Denek ematen dute aukera zure kontua zerbitzu batetik bestera migratzeko. Botatzen bazaituzte, edo ez bazaude gustura zerbitzari batean, maletak egin eta beste batera eraman dezakezu zure kontua, jarraitzaileak, gogokoak eta abarrak mantenduz.
  • Ez dago algoritmorik. Ez dago inor ezkutuan tematuta ildo jakin bateko mezuak ikus ditzazun. Nori jarraitzen diozun, horixe ikusiko duzu.
  • Eta, inportanteena: sare komertzialetan baino askoz ere giro abegikor eta lagunkoiagoa dago. Aber: denetarik dago leku guztietan, baina, benetan, fedibertsoan, norbait ez badago ados zurekin, oso arraroa da hasieratik irainka edo mehatxuka hastea. Askoz ohikoagoa da ezadostasuna azaltzea eta, benetan, nolabaiteko elkarrizketa bat sustatzea. (Horrek ez du kentzen arratsalde tonto bat edozeinek izan dezakeela, noski!).

Enfin, txapa hau guztia, esateko nik ere bat egiten dudala #goazenlagunok traolarekin hasi den kanpainarekin, eta gonbidatzen zaitudala FUERTEMENTE fedibertsoan kontu bat ireki eta sare komertzialak, pixkanaka bada ere, uzten hastera. Probatu, mesedez! Eta han zaudela laguntza behar baduzu, galdetu beldurrik gabe! @joxe@tkm.eus gisa aurkituko nauzu han ere bueltaka!

Orduan, zer? Fedibertsoan elkartuko gara? ;)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.