Lehengoan esan nizun nire ustez, gutxienez teknologia alorrari dagokionez, kakaztea izan dela 2024ko hitza. Etekin ekonomiko azkar eta handienarekiko irrikak modu basatian bizkortu du interneteko zerbitzu eta produktuen degradazioa (Twitterretik Xrako ‘bilakaera’ ezin argiago erakusten duenez), eta, are gehiago, fenomeno bera internetetik kanpoko zerbitzu eta produktuetara ere hedatzen ari dela esango nuke.
Kakaztea, gero eta bizkorrago
Tira, ba 2025ek bost egun ere bete ez dituen honetan, ikusten ari naiz Cory Doctorowk asmatutako kontzeptua, kakaztea, txiki geratu behar zaigula laster, eta haren biharamuna deskribatzeko beste zerbait behar dugula ya. “Adimen artifizialaren” (eta haren atzean dagoen mundu ikuskera psikotikoaren) noranahikotasuna argiaren abiaduraren gainetik bizkortzen ari da kakazte prozesua, inongo disimulurik gabe gainera.
“Adimen artifiziala” eta internet apurtua
Aurrekoan ere esan nizun: nire mapa mentalean behintzat, kakaztea oso lotuta dago beste ideia batekin: internet apurtua. Sareko zerbitzu handi guztien helburua bat eta bakarra da: eskaintzen dituzten enpresentzako diru sarrera azkar eta handiak erakartzea, normalean espekulazio funtsen inbertsioen bidez. Kakaztozenoaren (edo gorotzaroaren) fase terminal honetan, zerbitzu horien jabeei berdin die erabiltzaileentzat erabilgarriak diren zein ondo ala txarto funtzionatzen duten. Zerbitzu horien helburu bakarra da ahalik eta kolorintxi gehien izatea, dirua daukaten funtsei ‘berritzaile’, ‘disruptibo’ eta estiloko ez dakit zenbat adjektibo gehiagorekin saltzeko. Eta horregatik, bilatzaileek jadanik ez dute ondo bilatzen, sare sozialek ez dute balio elkarrekin komunikatzeko, eta abar…
Hala, 2024ko hondarretako egunotan irakurri ahal izan dugu nola Metak iragarri duen “adimen artifizal” bidez sortutako “erabiltzaileak” baimenduko dituela Facebooken. Erabiltzaile faltsu horiek AA bidez sortutako profil argazkiak eta abarrak izango dituzte, eta hezur-haragizko erabiltzaileekin interaktuatzeko aukera izango dute: mezuei erantzun, ‘datsegit’ botoiari eman… Bilatuta ere, ez dakit posible den kakazte adibide argiagorik topatzea. Esan nahi dut:
- Mugimendu horrek ez die batere ekarpenik egiten erabiltzaileei. Aitzitik: desinformazioa, iruzur saiakerak eta abarrak biderkatzeko modua esku-eskura jartzen du. Eta gainera, zerbitzuaren beraren ustezko helburuaren kontra doa. Facebook ez zen, ba, erabiltzaileek elkarrekin komunikatzeko tresna bat? Zer pintatzen dute hor tartean erabiltzaileak ez diren robotek?
- Iragarleentzat ere kalte da. Behin AA bidezko erabiltzaile faltsu horiek martxan jartzen direnean, Facebooken iragarki bat jartzen duenak nola jakingo du zenbat erabiltzaile erreal eta zenbat erantzungailu automatikok ‘ikusi’ duten iragarkia?
- Baina, ai! Kontu honek oso erraz jartzen dio Metari inbertsio funtsen aurrean hainbat argudio erabiltzea:
- Eske punta-puntan gabiltza AAren erabileran
- Eske trilioika erabiltzaile dauzkagu (botoi bati emanda nahi beste sortu ahal izango dituzte, denak ezberdinak), eta haren deribatu ezagun bezain dibertigarria: eske jendea hemen dago
Ez dezagun ahaztu, gainera, Meta dela Instagram, Whatsap
p eta Threads sareen jabea. Esan nahi dut, AA bidezko kontu faltsuak sustatu behar badituzte Facebooken, arrazoi gutxi ikusten ditut nik bere menpeko beste sareetan ere ez sartzeko, orain ez bada aurrerago…
Zirkuluaren koadratura, beraz, apur bat Twitterren bezala. Jendea elkarrekin komunikatzeko sortutako plataforma bat, irabazi azkarren izenean, haien artean etengabeko parraplan dabiltzan robotez beteta.
Jenderik gabeko sare soziala
Egunotan akordatu naiz duela hilabete batzuk aurkitu eta kriston grazia egin zidan kontu batekin. iPhone (edo Mac) erabiltzen baduzue, bada SocialAI izeneko ‘sare sozial’ berezi bat, eta ezaugarri nabarmen bat du: zeu zara benetako erabiltzaile bakarra.
Erregistratzean, zer nolako jarraitzaileak nahi dituzun aukeratu dezakezu (umoretsuak, haserrekorrak, ironikoak, zure aldekoak, zure kontrakoak…), eta sartu bezain laster, sistemak AA bidez sortutako milaka jarraitzaile jartzen dizkizu, idazten dituzun mezu guztiei erantzuten… Euskarazere bai! (Tira… gutxi gorabehera). Bere garaian uste nuen umoretik egindako ariketa kritiko bat zela, baina Facebooken mugimendu hori ikusita, honezkero ez dakit zer pentsatu!
(Nabarmendutako irudia: Antzinako Bizkaiko Jolas Parkeko anfiteatroko eserlekuak. cc-by-sa Iker Vázquez).
@teknopata @joxe , aipatzen duzu zuretzat bakarrik den sare sozial horrek pentsarazi dit. Kakaztearen fase hau “pertsonaia nagusiaren sindromea” (main player syndrome horrela euskera genezake?) puzteko ez ote da? Zera, benetako hartu-emanak gure neurrira egindako hartu-emanek ordezkatzeko eta horrela beti plataforma horietan egoteko, “nahi” ditugun elkarrekintzak bertan ditugulako. Ta, klaro, hori monetizatuko dute
@koldotxu @teknopata Hortik ere izango da zeozer, noski. Eta seguru nago SocialAI 'sare' hori erabiltzaileen datuak xurgatzeko makina bat ere badela. Hainbeste geruza daude hor tartekatuta, ni honezkero erabat galduta nago.
@joxe @koldotxu @teknopata nik askoz ilunagoa naiz , astroturfing , sockpuppets ta iritzi publikoa medio masiboetatik kanpo manipulatzea.
also: black mirror (2×03) the waldo moment