Teknologiari buruzko blogak eta albisteak jarraitzen badituzue, beharbada ikusi duzue honezkero: Appletik ateratako bi ingeniarik Humane enpresa sortu, eta ‘Apple berria’ bilakatu nahi omen dute, gatxet teknologiko erabat berria sortuz. Gailuari izena jartzeko, egunotako modari jarraitu diote, eta AI Pin bataiatu dute. Adimen Artifizialeko pin edo txapa, hain zuzen ere.
Aitortu behar dizuet zirrara sortu didala traste berriaren berri jasotzeak. Gailu informatikoen mundua oso-oso geldi dago azken urteotan. Ez dago berrikuntza nabarmenik eta panorama aspergarri samarra da. Gauzak horrela, gailu mota berri bat agertzea albiste bikaina da. Ikusi beharko da bidea egin eta kategoria bilakatzea lortzen duen, bere garaian smartphoneak, iPoda edo erloju adimendunek egin zuten bezala.
Zer da AI Pin?
Izenak dioen bezala, AI Pin delakoa pin edo txapa bat da, paparrean jantzita eramateko pentsatuta dagoena, Star Trekeko komunikagailu mitikoen estiloan. Gailuak bi zati ditu: ordenagailua edo pina bera, eta magnetikoki itsatsi eta, bere lekuan mantentzeaz gain, gailu nagusiak barruan daraman bateria txikia elikatzen duen ‘Battery Booster’ delakoa.
Gailuak mikrofonoa, kamera, argitasun, kokapen eta mugimendu eta ukipen sentsoreak ditu, bozgorailua eta internet konexioa, telefonia sarearen zein WiFiaren bidez. Adimen artifizialean espezializatutako prozesagailua eta, ahaztu aurretik, laser proiektore txiki bat ere, irudiak erabiltzailearen eskuan edo beste gainazalen batean proiektatzeko. Hori dena COSMOS delako sistema eragileak kontrolatzen du, Humanek OpenAI eta beste hainbat enpresarekin batera sortutakoa, eta adimen artifizialerako pentsatua.
Laguntzaile birtual hiperbitaminatua
Hortik aurrera, aurkezpen bideo inkietantean esaten dutena sinisten badugu behintzat, pin hau Alexa edo Google Home estiloko laguntzaile birtual bat da, baina hiperbitaminatua: ukitu batez esnatu eta eskatu ahal zaio
- Abisatu Alexi berandu noala
- Mezua Alexentzat: ‘Berandu noa. Bidali nahi duzu?‘ Erantzungo dizu pinak bere ahotsarekin.
- Adierazi bera ikusteko gogoz nagoela.
- Mezua Alexentzat: ‘Berandu noa, zurekin egoteko gogoz!’. Bidali nahi duzu?
- Bai!
- Mezua bidalita
Eta hantxe doa mezua, zuk atzamar bakar bat mugitu beharrik gabe.
Beste hamaika gauza egin ditzake, noski: non gauden esan ahal digu, gauean lagunekin dugun afaria enkargatzeko lekuak iradoki, aurrez geure zein lagunen gustuen inguruan eman diogun informazioan oinarrituta, musika jar dezake, argazkiak eta bideoak egin, jan behar duguna aztertu eta kaloriak eta abarrak kontatu…
Txuloa dirudi boteprontoan, batez ere, hasieran nioen bezala, oso zientzia-fikziozko esperientzia ematen omen duelako, Star Trekeko kapitulu batean egongo bagina bezala.
Alde iluna
Hori bai, badu bere ifrentzu iluna. Hasteko eta behin, momentuz Estatu Batuetan baino ez da salduko. Eta han ere, baldintza gogor samarretan. Gailuaren beraren prezioa 699 dolarrekoa da, konfigurazio merkeenean… Eta hori gutxi balitz, pin hau teknobisuteria pieza garestia besterik ez da, zerbitzua martxan izateko hileko 24 dolarreko kuota ordaindu ezean.
Gorroto ditut harpidetza ordaindu ezean erabat ezeztatuta geratzen diren gailuak… baina kasu honetan, gainera, horrek beste inplikazio bat du: pinari bere lana ondo egiteko ematen zaion informazio guztia enpresaren zerbitzarietara bidali eta bertan prozesatzen da. Horrek hainbat ondorio latz ditu:
- Erabiltzailearen zein bere kontaktuen informazio pribatua enpresaren esku geratzen da (beharbada horregatik ez dute momentuz Europan saltzeko asmorik).
- Enpresa itxi edo negozioz aldatzea erabaki eta zerbitzariak itxiz gero, zure 700 dolarreko gailua harri koskor bat bilakatzen da.
Edonola ere, arretaz jarraitzeko moduko bitxikeria iruditu zait, zer bilakaera duen ikusteko. Zer iruditzen? Hemen aurkezpen bideo inkietantea.