Astelehenean egunkariak berak jakinarazi duenez, The New York Timesek Wordle joko arrakastatsua erosi berri du “milioi bat dolarretik gorako” kopuru baten truke. Egunkariak azaldu du jokoa baliabide esanguratsua izango dela bere harpidetza estrategian. Gaur egun ere, harpidetza mota ezberdinak eskaintzen ditu NYT-k, denborapasak baztertzen zein barne hartzen dituztenak barne.
Bere aldetik, jokoaren sortzaileak, Josh Wardle hizkuntzalariak, azaldu du Wordleren bat-bateko hazkundeak ezustean harrapatu duela. Wardlek Covidaren ondorengo itxialdian zehar diseinatu zuen jokoa, NYTren denborapasen zale amorratua den bere emaztearentzako opari gisa. 2021eko urrian publikatu zuen web formatuan, eta jokalariak oso azkar pasatu ziren 90 inguru izatetik mundu zabaleko milioika batzuk izatera. Euskaraz ere badugu gure bertsioa, Talaios kooperatibako lagunek garatutakoa. Arrakastaren giltza, zalantzarik gabe, jokoaren sinpletasuna da: ez dago puntuaziorik, ez rankingik, ez erregistratu beharrik…
Hain zuzen ere, horrexek piztu eztabaida sareetan jokoaren salmentaz. Wardenek esan du negoziatu duela erosleekin jokoa erabat doakoa izaten jarraitzea, baina New York Timesek argi utzi du lehen unetik jokoaren erosketa bere negozio estrategia indartzeko planen parte dela. Erabiltzaile askok adierazi dute asko pozten direla Wardenek egin ahal izan duen negozioagatik, baina ziur daudela New York Timesek Wordle jokatzearen esperientzia erabat hondatuko duela. Duela egun gutxi batzuk komentatu genuen hementxe bertan zelako buruhausteak izan dituen Wardlek bere jokoa aplikazio bihurtu eta jokatzeagatik kobratzen hasi den jendearekin. Horrelakoak kudeatu beharraz nazkatuta erabili du egileak jokoa saltzea.
Eta Euskal Herrian?
Eta Euskal Herrian, zer gertatuko da zure ustez? Salduko dio euskal Wordle Talaiosek euskal hedabideren bati? Zeini? Zenbatean? Zuen burutazioak irakurtzeko irrikatan!