Bestela ere eztabaida gutxi izaten da gure artean eta… lehengo astean Euskadi Irratiko Amarauna saiorako gaiak begiratzen, arreta eman zidan (eta azkenean saioan aipatzeko denborarik gabe geratu ginen) albiste bitxi batekin egin nuen topo: Espainiako zirkulu jakin batzuetan behintzat eztabaida sutsua piztu da, Filmin Plataformak iragarri duelako gaur bertan estreinatu behar zuela 4 eta 8 urte bitarteko umeentzako animaziozko telesail danimarkar bat: John Dillermand.
John Dillermand gizon heldu bat da, bibote oparo samarra duena, eta Wallyk daramanaren estiloko bainujantzi marradun batekin janzten dena. Bere birramonarekin bizi da, eta badu ezaugarri oso nabarmen bat: munduko pitilinik luzeena du. Hortik datorkio bere izena: gazteleraz Juan Pilila deitu diote. Euskaraz Jon… edo, errima izateko, Fermin Pitilin izango litzateke.
Ferminen pitilinak, munduko luzeena izateaz gain, hainbat ezaugarri oso berezi ere baditu: tamaina eta forma alda ditzake, bizi propioa du, eta bere erabakiak hartzen ditu, Ferminen borondatetik erabat independenteak. Are gehiago, telesaileko bost minutu inguruko atal bakoitzaren ardatza da pitilinak Ferminek egin nahi ez zuen zerbait egin duela, eta Ferminek modua bilatu behar duela pitilinak eragindako korapiloak desegiteko.
Pentsa dezakezuen bezala, lehenengo Danimarkan eta orain Espainian, mundu mailako deforestazioa astebetean burutzeko besteko egurra eman diote telesailari. Eskuinetik, planteamendua immorala, indezentea, zikina eta lotsagabea delako, adibidez.
Ezkerrarentzat, berriz, eta kezka ulertu eta partekatzen dut neurri handi batean, telesail honen planteamendua onartezina da bizi garen genero bortizkeria etengabeko testuinguruan: falozentrikoa da, zakilari botere magikoak egozten dizkio, bere zakila kontrolatu ezin duen gizonezkoaren figura sustatzen du… Horrela, paperean behintzat, ez dirudi, ez, emakumeen aurkako bortxa desagerrarazten lagunduko duenik.
Egileek, bitartean, defendatzen dute telesaila psikologo eta pedagogo talde baten laguntzaz idatzi dela, eta egindako akatsen gaineko erantzukizuna hartzeaz mintzatzen zaiela umeei, bide batez gorputzaren inguruko jakin-mina asetzeko laguntza eta ezberdina izateko lotsaren aurkako tresnak eskainiz.
Eta jo, aitortu behar dizuet ez dakidala oso ondo zer pentsatu kontu honetaz. Ezin dut erabaki telesail honen alde ala kontra nagoen. (Beharbada berez ezinezkoa delako iritzia beti mutur batean kokatzea). Alde batetik, kezkatzen naute genero kontuekin eta, nolabait esateko, zakilaren protagonismoarekin, lotutako alderdi horiek. Bestetik, estetikoki ere nahiko gauza zatar eta inkietantea ere iruditu zait ikusi dudan apurra. Baina bestetik, ba ez dakit: puntu surrealista eta ganberrotik ere badu planteamenduak, eta barrea ere ateratzen dit tarteka, iruditzen zait umeri bururatu ahal zaion ateraldi barregarri bat izan litekeela… Aldi berean, oso jabe naiz gizonezko baten ikuspegitik ikusten dudala gaia, noski. Eta kasualitatea ere badela protagonista pitilina izatea, eta kostatzen zait irudikatzea zein izango litzatekeen erreakzioa Fermin Pitilin baino, Karlota Potota izan balitz… edo, are gehiago, zergatik den Fermin Pitilin eta ez Karlota Potota…
Enfin, zuei zer iruditzen zaizue? Iritziak jaso nahi nituzke! (Lasaitasunez, mesedez!)