Beharbada gogoan izango duzu bere garaian martxan jarri nuen orritxo hau. Auzolanean osatzeko taula bat, norbere sakelako berria euskaraz jarri ote daitekeen ala ez bilatu eta/edo adierazteko. Bueno, garai batean ondo funtzionatu zuen, eta taulak 120 sarrera jaso ditu guztira. Baina mugikorren mundua oso azkar aldatzen da, eta ez da erraza modelo berrien jarioari jarraitzea…
Sarritan esan dudanez, euskararen normalizazio digitalerako OSO garrantzitsua da euskaraz konfiguratu daitezkeen gailu eta softwareak euskaraz erabiltzea. Gailu eta aplikazio guztiak unero internetera konektatua dauden garai hauetan, egileek oso erraz atzeman dezakete erabiltzaileen artean zenbatek erabiltzen duten hizkuntza bakoitza… eta noski, erabilera horren arabera erabaki hizkuntza jakin bateko itzulpenekin jarraitu ala ez. Adibidez: fijatu zarete Googlek azken hileotan atzera egin duela euskaraz erabiltzen duen zerbitzu kopuruan? Ni bai.
Horregatik, asko poztu naiz jakin dudanean PuntuEus Fundazioko lagunek modua topatu dutela datu-base erraldoi bat sortzeko, euskaraz jar daitezkeen Android gailuekin (eta jarri ezin daitezkeenekin ere bai, noski!). Lehen Hitza aplikazioaren bidez egin dute hori. Aplikazio sinplea da, Android gailuetarako: zure gailua euskaraz jar daitekeen ala ez atzematen du, eta nahi izanez gero, botoi bati sakatuta euskaraz jartzen dizu sistema.
Baina horrez gain, aplikazioak gorde egiten du zure gailuaren marka, modeloa eta euskaraz jar daitekeen ala ez, eta Lehen Hitza Euskaraz kanpainaren webguneko datu base batera bidaltzen du. Horrela, hurrengo telefonoa erosi aurretik, han kontsulta dezakezu euskaraz erabiltzeko aukera ematen ote duen. Eta horren arabera erabaki erosi ala ez! :-)
Eta iOS gailuetarako, ez?
Ez, Applek ez du aukerarik ematen ez bere ordenagailu, ez bere eskuko gailuak ere euskaraz erabiltzeko. Bueno: Mac ordenagailuetan, ‘euskara’ aukeratu daiteke sistemako hizkuntza gisa. Baina ez dago itzulpenik, eta beraz, sistema berdin-berdin agertuko zaizu erdaraz.
Are gehiago: herriko zaharrenok gogoratuko duzuenez, bere sistemak euskaraz erabiltzea era proaktiboan ere galarazi izan du Applek: 2003 bukaeran boluntario talde batek auzolanean egin eta zabaldutako Mac OS Xsistemaren euskaraketa banatzea debekatuz.
Deskargatu aplikazioa!
Baina tira! Android erabiltzen baduzu, behintzat, deskargatu Lehen Hitza aplikazioa eta egiaztatu zure gailua euskaraz jarri ote daitekeen! Edo kontsultatu hemen zer marka eta modelo diren euskaraz jar daitezkeenak.
[…] Zure telefonoko ezarpenetan begiratu dezakezu interfazea euskaraz jar daitekeen ala ez. Edo bestela Lehen Hitza Euskaraz aplikazioa erabili. Hemen aurkituko duzu pista gehiago, telefonoa oraindik euskaraz jarrita ez […]
[…] nire ingurukoei begira. Euskaldun gutxik galdetzen dute, esate baterako gailua erosterakoan[2][3], ea gailuak fabrikatik dakarren euskaraz konfiguratzeko […]
[…] Nola euskaratu Windows 10 Itxialdian, euskaratu zure gailuak Hurrengo telefonoa, euskaraz […]