NabarmenakTrepetak

Kaixo, Pebble Time!

Kickstarter corwdfunding plataforman marka guztiak hautsi ondoren, ekainaren 22an jarriko dituzte aurresalmentan Pebble Time erloju adimentsu berriak.
Kaixo, Pebble Time! 7 - teknopata.eus
Pebble Time erlojuak
Pebbleren oinarrizko bertsioa ,hiru koloretan.

Abenduan deskubritu nuen Pebble smartwatch ‘alternatiboa’: merkea, Android Weardunak baino dezente sinpleagoa… baina funtzionalagoa ere bai. Besteak beste, 7 eguneko bateria iraupena omen du. Euskaraz ere bazegoela ulertu nuelako aurkitu nuen… eta gero konturatu euskararena ez zela nire gaizki ulertu bat baino. (Erratu naiz eta ez da berriz gertatuko).

Bada, egunotan zeresana ematen ari da Pebble berriz ere. Enpresa gazteak diru-bilketa kanpaina abiatu zuen martxoan, bere erlojuaren bigarren bertsioa ateratzeko. Record guztiak hautsi zituen Kickstarter plataformako proiektuak: Pebblek 500.000 dolar lortu nahi zituen 40 egunean. Guztira 20.338.986 lortu zituen, 78.471 lagunen artean jarritakoak. Esango nuke gainera neu naizela 78.471. laguntzailea -horrexek eman zidan azken bultzada proiektuari laguntzeko-. Bigarren aldia da Pebble enpresa, gazte talde batek sortutakoa, Kickstarterren marka guztiak hausten dituela. Lehenengo erlojua ateratzeko ere sistema bera erabili zuten, inbertsore tradizionalak erakarri ezinik ibili ondoren, sekulako arrakasta lortuz.

Erloju berriak Pebble Time du izena, eta lehenengoaren bertsio hobetua da, noski, haren izpirituari muzin egin gabe:

  • Paper elektronikoko pantaila izaten jarraitzen du, energia kontsumo txikiari esker etengabe piztuta dagoena, baina oraingoan koloretakoa, jatorrizkoa baino askoz ere ikusgarriagoa. Egun argiz ondo ikusten omen da, eta gauez erabili behar izanez gero ere, argi propioa du.
  • Bateriari dagokionez, aurrekoak bezala, 7 egun bitartekoa ere omen du, lehiakide guztien aldean abantaila handia ematen diona.
  • Mikrofonoa ere badu. Haren bidez, ahozko aginduak eman, idatzizko mezuak diktatu eta erantzun automatikoak grabatu daitezke.
  • Sistema eragilea goitik behera berritu dute. Timeline du izena, eta aplikazioetan baino, unearen araberako informazioan oinarritzen da. Erlojuaren botoiei eraginez etorkizuneko informazioa ikus dezakegu (agenda, eguraldi iragarpena…), unekoa (ordua, eguraldia, kokapena…) ala iraganekoa (galdutako deiak, jasotako mezuak, kirol emaitzak…). Ideia ona omen da: Applek ere kopiatu egin dio WatchOS 2.0 delakoan.
Pebble TimeLine interfaze berria
Timeline sistema eragilearen oinarria denbora bera da.
  • Android eta iOSekin erabil daiteke, sistema bakoitzerako garatu duten apliaren bidez. Probatu dutenek diote Androideko apliak zuku gehiago ateratzen diola erlojuari. Applek, gainera, trabak jarri izan ditu aplikazioa bere App Storean argitaratzeko orduan.
  • Hasierako kontzeptuari heldu diote egileek: ez da smartphone bat eskumuturreko batekin lotuta, telefonoarekin konektatzen den erloju bat baino. Erlojuaren funtzio nagusia ordua erakustea da, eta hori ahaztu gabe diseinatu dute gailua eta softwarea.
  • Diseinua estilizatu egin dute. Diru-bilketa kanpainako laguntzaileak dagoeneko jasotzen hasi diren modelo estandarra, plastikozkoa,  zein beste batzuek uztailean jasoko dugun Steel aldaera, metalezkoa, aurrekoak baino meheagoak dira, txikiagoak, eta itxura zainduagoa dute.

Bada, interesa izanez gero, Kickstarter laguntzaileei banatzen bukatu ostean, Pebble Time oinarrizkoa ekainaren 22an jarriko dute aurresalmentan, printzipioz 199 dolarreko prezioan. Steel aldaerak berriz, 299 dolarreko prezioa izango du, baina oraindik ez dute aurreratu noiz erosi ahal izango den (kickstarterroi uztailean banatuko zizkigutela agindu zuten, desiatzen nago!). Informazio gehiago nahi izanez gero, Pebbleren webgunean eman dezakezue izena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.