NabarmenakTrepetak

BQ Aquaris E5 HD Ubuntu Edition: Linux poltsikoan

BQ telefono egile espainiarrak Ubuntu sistema eragilea daraman telefono berria merkaturatu du. Ekainaren 22tik aurrera jarriko du salgai.
BQ Aquaris E5 HD Ubuntu Edition: Linux poltsikoan 7 - teknopata.eus
Ubuntu Phone Launcher
Ubuntu Phoneren ‘Launcher’ delakoa, aplikazioak irekitzeko erretilua

BQ enpresa teknologiko espainiarrak eta Canonical, Ubuntu Linux banaketaren egileak, Aquaris E5 HD Ubuntu Edition izeneko telefonoa aurkeztu dute. Otsailean merkaturatu zuten Aquaris E4.5 Ubuntu Edition aurrekariak izandako harrera ikusita, eta enpresa bien arteko epe luzerako lankidetza akordio baten baitan, beste urrats bat egitea erabaki dute, Linux banaketa entzutetsua sakelakoetara eramateko bidean.

Segapoto berriak 5 hazbeteko pantaila du, IPS HD teknologia eta 720 x 1280 pixeleko bereizmenaz. Prozesagailua MediaTek Quad Core Cortex A7 bat da, 1.3 GHz abiadurakoa. Biltegiratzeko 16 Gbeko memoria du, eta Gb bateko RAM memoria. Kamerei dagokienez, aurrekoa 5 megapixelekoa da, eta atzekoa berriz 13koa. Atzeko kamerak, gainera,  Largan lenteak ditu, kalitate handikoak, eta BSI sentsoreak, flash bikoitza eta bideoa Full HDn grabatzeko aukera (1080p). Gama ertaineko gailua dela esan daiteke, espezifikazioei begiratuta behintzat.

BQren beste smartphone guztiek bezala, Aquaris E5 HD Ubuntu Edition librea da -edozein sare operadorerekin erabil daiteke- eta Dual SIM: bi SIM txartel erabil ditzake batera, operadore ezberdinenak badira ere.

Botoirik ez

Baina bereizgarririk nagusiena, pentsa dezakezuen bezalaxe, softwarean dago. Aquaris E5 HD honek Ubuntu sistema eragilearen sakelako bertsioa darama. Ubuntu Phone honek paradigma aldaketa handi samarra dakar iPhoneak ezarritako estandarrarekiko. Interfazea *oso* ezberdina da, Android zein iOSekin konparatuz gero:

  • Keinu bidezko kontrola. Telefonoaren aurrealdean ez dago botoirik. Bat ere ez. Ez ‘atzera’, ez ‘menua’ ezta ‘home’ ere. Deeeeena egiten da atzamarretako keinuen bidez. Arrastatu ezker-eskuin aplikazioen erretilua erakusteko, eskuin-ezker pantaila batetik bestera pasatzeko, goitik behera jakinarazpenak eta kontrol azkarrak ikusteko…
  • Widgetik ez. Ubuntu Phonen, pantaila nagusiak Scope (ikuspegi) izenekoak dira: NearBy ikuspegiak inguruan dituzun lekuen berri ematen dizu; Musika, Albisteak, eta Gaur ikuspegietan zelako informazioa topatuko duzun ez dizut azaldu behar, ezta?
  • Desblokeo pantailak ere informazioa piloa ematen du. Ordua, eguraldia eta bateriaren egoera, noski, baina baita zenbat argazki egin ditugun egunean, zenbat dei, mezu…

Hona Canonicalek prestatutako ‘ibilbide birtuala’, sistema berriaren ezaugarriak gainetik behintzat ikusteko:

Oso moloia dirudi, ezta? Garrantzitsuena ahaztu gabe: software libre eta irekia dela, eta ez gure datuak sekulako irrikaz bildu eta multinazional bati isilpean bidaltzeko diseinatutako espioi txiki bat!

Erosiko dugu bat guztion artean?

Bai, ni, zuek bezala, lerdea dariola geratu naiz jostailu berria ikustean. Ekainaren 22an jarriko dute salgai, eta izugarrizko gogoa daukat horrelako bat probatu eta zuekin konpartitzeko! Horregatik antolatu dut crowdzozketa: joko ezin emozionanteagoa, ondo pasatzeaz gain, telefono hau zure etxera eramateko aukera emango dizuna. Gehiago jakin nahi? Sakatu, bada, botoi gorriari!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.