Aurreko batean kontatu nizuen zer moloia den Sphero 2.0 robo-pilota. Egia esan, Olentzerorako ideia bila bazabiltzate, oso egokia izan daiteke etxean umerik (edo Peter Pan-ik) izanez gero. Best of Robots dendan, adibidez, 119 eurotan daukate, %20ko deskontuarekin. (Bai, etxean daukadana haiek emandakoa da, publi apur bat egitearen truke! :-))
Orain, behin gastutan sartuta -esperientziatik esaten dizuet- oso komenigarria da pilota erabiltzen hasi aurretik apur bat babestea. Probako bideoan esan nizuen: Spheroren polikarbonatozko azala gogorra da, eta kolpe handiak har ditzake kalteri jasan gabe… baina erabiltzen hasi orduko galduko du bere jatorrizko distira, kaleko harritxoen hozkaden eraginez. Etxean erabiliz gero ere, erraz samar egingo ditu arrailak zoruan edo ukitzen dituen altzarietan.
Horregatik merkaturatu dituzte Spherorentzako gomazko ‘galtzerdi’ moduko batzuk, funtzio bikoitza dutenak: pilota bera ez ezik, inguruko gauzak ere babestea. Erresuma Batuko HexNub enpresak, esaterako, koloretako batzuk atera ditu duela gutxi, baita probatzeko bidali ere! :-)
Hexnub Cover gomazko estalki batzuk dira, Spheroari galtzerdi baten moduan ‘jantzi’ eta haren kanpoaldea babesten dutenak. Hainbat koloretan aurki daitezke. Niri, goiko argazkian ikusten duzuen bezala, urdina, arrosa, berdea, horia eta beltza bidali dizkidate.
Behin ‘galtzerdia’ jantzita, Spheroaren ibilera askoz ere isil eta leunagoa da eta, etxe barruan erabiliz gero, esaterako, zoruan edo altzarietan marakarik uzteko beldurrik gabe erabili dezakegu. Kalean berriz, bola bera izango da galtzerdiak babestuko duena, azalak larregi sufritu ez dezan.
Horrez gain, Spheroaren funtzionamendua ere hobetu ere egiten da funda hauekin: kanpoaldean dituzten koskatxo hexagonalek pilotaren trakzioa eta itsasgarritasuna hobetzen dute, eta horrela, askoz errazagoa da Spheroa erabiltzea maldan gora, edo belar zein hondar artean. Uretan ibiltzeko ere lagungarriak dira fundak, ‘arraunean’ laguntzen baitiote Spherori.
Eta amaitzeko, arrazoi ezin hobea halako fundatxo bat hartzeko: Yokori izugarri gustatzen zaio!!! Txakurrentzat ere errazagoa da pilotari eustea goma hori jarrita daukanean, eta beraz askoz hobeto pasatzen du harekin jolasten! Hori bai, kontuz ibili beharra dago, nire txakurrak behintzat berehala zulatu baitu utzi diodan funda!
Tira, Sphero bat erostea pentsatu baduzue, nire gomendioa da horrelako funda bat ere (gutxienez) hartzea, paketea osatzeko. Hexnuben webgunean bertan aurki ditzakezue, baita Amazonen ere, 8,99 eurotan. Esango didazue oparia gustatu den ala ez!!!
Hexnub, Spherorentzako ‘galtzerdiak’ http://t.co/y0XWT5XAh5
RT @joxe: Hexnub, Spherorentzako ‘galtzerdiak’ http://t.co/y0XWT5XAh5
DILISTA OSTEKO PASEA: Hexnub, Spherorentzako ‘galtzerdiak’ | http://t.co/y0XWT5XAh5
RT @joxe: DILISTA OSTEKO PASEA: Hexnub, Spherorentzako ‘galtzerdiak’ | http://t.co/y0XWT5XAh5