Adi: Post honek blogintzaren arau guztiak apurtzen ditu eta garizuma baino luzeagoa da. Barkatu!
Urduri-urduri iritsi nintzen ostegunean Miramonera. Lehen aldia zen hain publiko handi baten aurrean jarri behar nintzena eta bueno, areto horren konfigurazioak ez du asko laguntzen, egia esan. Kontestu horretan, asko eskertzen zen UEUko lagunen h/jarrera ireki eta adeitsua, lehenengo momentutik bertatik alde egin arte uneoro egon baitziren kabletxo bat botatzeko prest.
Alboko argazki horretan ez da ikusten, jardunaldia hasi baino lehenagokoa baita. Baina zirraragarria zen Bilkuran bildutako jende andana ikustea. Are zirragarriagoa, Iñaki Alegriak itxieran esan zuen moduan, kontuan izanda haietako asko ezezagunak zirela, aurpegi gazte eta berriak. Beste garai batean ez bezala, dagoeneko ezinezkoa da informatikan euskaraz dabilen mundu guztia ezagutzea. Eta hori oso seinale ona da.
Gorka Julio: sareak ikuspuntu sozialetik
Konturatu orduko, hasteko ordua iritsi eta, saioaren aurkezpenaren ondoren, Gorkak hartu zuen hitza. Sekulako inbidia ematen didan patxada eta solturarekin, sare sozialen papera aztertu zuen ikuspuntu sozialetik. Erdi txantxetan eta entzuleok ia-ia enteratu gabe, baina kontzeptu eta teoria asko eta oso interesgarriak azaldu zizkigun. Eta, nola ez, sare banatuen apologia eta demo bat egiteko ere aprobetxatu zuen. Bere aurkezpena porrot handi batekin amaitu eta horrela nirea txukuna zelako irudia zabaltzeko asmoz, sareko kablea kendu nion bere ordenagailuari… baina arin konturatu zen kabroia, eta ti-ta konpondu zuen.
Zulo Beltza
Informatikari Euskaldunen Bilkura esan nahi du IEB-k; eta ni ez naiz informatikaria. Euskalduna naizen ala ez ere eztabaidagarria izan daiteke euskal identitatearen inguruko eztabaida sutsuak ditugun garai hauetan. Gauzak horrela, barkamena eskatzea besterik ezin nuen egin, neurri batean behintzat nik hitzaldia ematea ‘iruzurra’ edo izan zitekeelakoan ;)
Hori esanda, arnasa hartu, begiak itxi eta prestatua neukan eskeman amildu nintzen. Bai, amildu: salto egin eta grabitatearen indarrak arrastatu ninduen nahi izan zituen haitzetan barrena. Horrelakoetan beti gertatzen zait: eskema hamabost egun aurretik lantzen hasita ere, hasten naiz hitz egiten eta ez dakit non bukatu behar dudan.
Ideia nagusia interneteko euskarazko produkzioa zientzia fikziozko pelikuletako zulo beltz horietako baten antzekoa izan daitekeela zen: hots, euskaraz egiten dugunak, egiten ari garenak, baduela indarra euskaldunak zein erdaldunak bertara erakartzeko. Azpi-ideia bat ere bazegoen: gauza gehiago eta hobeto egin daitezkeen arren, egiten ari garenak bere eragina baduela, eta pozik egoteko arrazoiak badirela. Ez dakit zuek, baina ni behintzat apur bat nekatuta nago horrelako topaketetan beti egiteko daukagunaz entzutea. Egin dugunaz eta egiten ari garenaz hitz egiteko gogoa nuen.
Eta halaxe egin nuen. Neure esperientzia pertsonaletik abiatuta: gurasoak erdaldunak izanda, eta herri erabat erdaldunean bizi izanda, internetek ez kalean eta ez etxean aurkitzen ez ditudan aukerak eskaintzen dizkit harreman sare euskalduna mantentzeko. Eta ez dut uste kasu bakarra naizenik. Ikuspuntu pertsonaletik, beraz, zulo beltzaren eremu grabitatorioak euskaratik gertu mantentzen nau.
Adibide kolektiboetara jo nuen gero, euskaratik beste hizkuntzen hiztunak erakarri dituzten ekimenetara: Gaurko Hitza, tropela, euskalporn (tweet bilduma, estatistikak) eta nickdutnik-en retroinformatika saioa aipatu nituen, baina seguru nago adibide gehiago ere badirela. Eta bukaeran hasierako ideia errepikatua: guazak naturaltasun guztiarekin egin ditzakegula euskaraz, eta interesgarriak badira lortuko dugula jende gehiago gugana hurbiltzea. Euskal Herria 2.0 jardunaldietan defendatu zuten 1+3 formula ondo dagoela, baina ez dela posible ez beti, ezta mundu guztiarentzat ere.
Baten bat hurbildu zitzaidan gero, esanez bera ez zela hain baikorra eta bere ustez arrisku handia dagoela sareko jardunak euskarazkoa irensteko. Argi dago hori ere gerta daitekeela, baina nire ustez, gertatzea nahi ez badugu, funtsezkoa da lanean jarraitzea, sortzen eta gure arteko ehuna josten.
Jendea motibatu beharra dago horretarako. Oso ondo dago azaleraztea non ditugun hutsuneak eta zer falta dugun egiteko, baina hori bezain garrantzitsua da egiten dugunaren balioa ere noizean behin azaleraztea, bestela nekez animatuko baita jendea ezer egitera. Arriskuak badira, noski, eta argi dago ‘inguratuta’ gaudela. Baina horren izenean amore ematen badugu, orduan bai, egureak egin du, ezta?
Enfin, hemen utzi dizuet aurkezpena. Azalpenik gabe ez da oso garbi geratzen baina tira… interes berezia duenak Nagorek Zentik.infon egin duen bideo kronikatik jarrai dezake azalpena ;)
Online ospea, SEO, SMO eta abarrak
Ondoren Iñaki Lakarra eta Eider Fernandezen hitzaldiak etorri ziren. Online ospeaz eta monitorizazioaz aritu zen lehena, eta SEO eta SMO kontuez bigarrena. Iñakik adibide bat erakutsi zuen, egunkari batek nola aldatu zuen titularra hasierakoak sarean jaso zituen komentarioen ondoren… eta guri edo gure marjari buruz sarean zer esaten ari den jarraitzeko hainbat tresna erakutsi zizkigun: howsociable eta Socialmention (gaur egun Brandmentions), Swotti, edo 123people.
Bilatzaileetan eta sare sozialetan isla egokia izateko moduaz aritu ziren biak ala biak. Eta kezka bat etorri zitzaidan burura: batez ere hdabide handietan, SEO eta SMO helburuek noraino eragiten dioten estiloari, eta bisita edo klik gehiago lortzeko helburua noraino jarriko den geratu dena behar bezala kontatu behararen gainetik. Bere garaian GAUR8n kontatu nuen kasua etorri zitzaidan burura: nola komunitae musulmanak New Yorken ireki behar zuen zentru zibikoa, halako batean “Zero Guneko meskita” bihurtu zen SEO tekniken eraginez, eta horrek iritzi publikoan zer eragin izan zuen. Baina kazetarientzako eztabaida iruditu zitzaidan gehiago, informatikari euskaldunentzat baino!
Sobera hartzen duenak…
…gaizki tinkatzen du, (Gotzon Garatek dixit), eta handik aurrera arreta gutxi eskaini ahal izan nion Bilkurari :/. Nickdutnik-eko lagunekin geratua nengoen aukera baliatu eta han zebiltzan hainbat proiekturen egileei elkarrizketak egiteko, eta halaxe joan zitzaian eguna: Josi Sierra showmanaren Zortzigarren Lurraldearen aurkezpena entzun ondoren, EKEko lagunek ere euskal munduak erakutsi zikizguten, eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu.
Horien ostean, ahozabalik utzi ninduen hasieran (aitortu behar dut) ezer askorik esaten ez zidan Babelium proiektuaren aurkezpenak. Komunikatzaile paregabea iruditu zitzaidan Juanan Pereira, eta oso ondo transmititu zuen Babelium Proiektuak, azken produktuan ez ezik, sortzeko prozesuan ere duen garrantzia: bertatik %100ean garatutako proiektua izatea, software librea izatea, doakoa izatea, dituen zailtasun teknikoei irtenbidea ateratzeko moduak hemendik garatu izana… Luze jardun genuen harekin kamaren aurrean, eta uste dut erreportaje polita aterako dela. Bitartean, hemen ikus dezakezue aurkezpenean erabili zuen euskarria.
Handik aurrera jenfea elkarrizketatzen ibili nintzen Nickdutnikrko lankideekin: berbaldi luzea izan genuen IKASYS HOME proiektuaren inguruan Oihan Odriozola eta Maite Gomezekin, eta Fran Bodegorekin ere hitz egin genuen IKASPLAY enpresari eta Mate-K zein Kiribil jokoei buruz.
Beste batzuk ere agendan utzi behar izan ditugu, hurrengo baterako, hala nola INDET proiektu interesgarria, edo guifi.net-en ebanjelizazio lanak egiten dabiltzan Joseba eta Dabid lagunak… baina bueno, horiek ere laster harrapatuko ditugu, jeje :) Bide batez, meme interesgarria sortu du Dabidek bere blogean, galdetuz nolakoa izan beharko lukeen software librearen euskal behatokia. Zeozer pentsatu beharko, ezta?
Ongi eta gaizki esanak
Tira, dezente luzatu naiz dagoeneko eta uste dut jende guxi iritsiko dela hau irakurtzera, baina enfin. Zorionak IEB11ren antolatzaileei lortu zuten edukien kantitate eta kalitatearengatik, eta batez ere sortu zuten giro ezin atseginagoagatik! Eta parte hartzaileei ere bai, noski: harrotasun puntu bat ere ematen du hainbeste gauza egiteko gai den komunitate baten parte sentitzea, ezta? Ni neu behintzat hurrengo edizioa ailegatzeko irrikatan geratu naiz!
IEB11n esandakoen laburpena nahi baduzue, hainbat bide daude etiketaren jarraipena egiteko: