Oso amorragarria izaten da pendrive bat galtzea, batez ere barruan *benetan* erabilgarri eta beharrezko ditugun kontuak sartzen ditugulako. Eta edonori gertatu ahl zaio, galdetu bestela Harkaitz Canori!
Mundu guztiko ikerketa taldeak jo eta ke ari dira, gau eta egun gelditu barik, pendriveak galtzea ekiditeko sistemen bila, baina ez dago soluzio magikorik. Nik neuk, hala ere, oso alternatiba erabilgarria aurkitu dut artxiboak ordenagailu batetik bestera etengabe mugitzen ibili behar dugunontzat.
Dropbox da alternatiba horren izena: online zerbitzu bat da, cloud computing edo laino konputazioaren eremutik oso hurbil koka genezakeena. Oinarrian, disko gogor birtual bat da, doako bertsioan 2Gb inguruko edukiera daukana, eta gure nabigatzailearen bidez atzitu dezakeguna. Esan bezala, dohainik erabil daiteke zerbitzua, bi gigabyte inguruko muga horrekin. Espazio gehiago behar izanez gero, hala ere, erraz lor daiteke… behar bezala ordainduta. (9,99$ hileko, edo 99$ urteko, 50Gbko edukiera lortzeko).
Gardentasunaren garrantzia
Giga bikoa edo 50ekoa izan, online atzitu dezakegu edozein ordenagailutik, web arakatzailea erabilita. Horraino, zerbitzua ez da oso berritzailea, eta merkatuan dauden beste disko birtual askoren antza funtzionatzen du. Dropboxen benetako potentziala webgunetik dohainik deskarga daitekeen aplikazioa instalatzean deskubrituko dugu.
Aplikazioa Linux, Mac OS X zein Windowserako dago eskuragarri. Karpeta berezi bat sortuko digu ordenagailuan, DropBox izenekoa, automatikoki sinkronizatzen dena online dugun disko birtualarekin. Hau da:gure ordenagailuan dugun argazki bat DropBox karpetara arrastatzen dugunean, argazki hori automatikoki igoko da zerbitzarira, guk ezer egin gabe. Gainera, gure DropBox kontua ordenagailu batean baino gehiagotan konfiguratu badugu, argazki berri hori ordenaailu guztietako DropBox karpetan agertuko da. Mahaigaineko makina eta eramangailua sinkronizatuta mantentzeko, esate baterako, oso modu egokia.
Baina gauza gehiago ere egin daitezke DropBoxekin. Artxiboak erraz konpartitzeko modu sinple-sinplea ere eskaintzen digu: DropBox karpetaren barruko Public karpetako edozein artxibori eskuineko klika eginez gero, DropBox menu kontestuala ikusiko dugu, eta bertan aukera bat, artxibo horren URL publikoa eskuratzeko. URL hori edozeini emanda, zuzenean deskargatu ahal izango du gure artxiboa bere ohiko nabigadoretik.
Hirugarren funtzio bat ere betetzen du DropBoxek: segurtasun kopia moduan erabil dezakegu, ordenagailuko DropBox karpetan sartzen dugun guztia automatikoki kopiatuko baita zerbitzarian, guk ezer berezirik egin beharrik gabe.
Probatzeko irrikitan zaudete honezkero, ezta? Tira ba, hemen klik eginda erregistratu eta aplikazioa instalatzen baduzue, zuek zuen pendrive birtuala lortuko duzue dohainik, eta nik 250 Mb gehiago lortuko ditut nire DropBoxean. Animatu! Ez da ezer kostatzen!
Aldekoak:
- Artxiboen sinkronizazio, partekatze eta segurtasun kopia azkarra, online
- Dohainik erabiltzeko aukera
- Lagun gehiago ekarriz zure diskoko kapazitatea handitzeko aukera
- Funtzionamendu erabat gardena (ez du apenas interakziorik behar)
Kontrakoak
- Gure artxiboak hirugarren baten esku uzten ditugu
- Diskoa dohainik handitzeko 3 Gigako muga
Baina nire ustez sistema hauek erabiltzea arazo larri bat daukate, ez daukagu gure informazioa hartzerik internet ez izatekotan.
Nik neuk ez dut pendrivea erabiltzen (egunerokotasunean) elkarbanatu behar ditudan fitxategiak dreamhost kontu batera igotzen ditut. Baina arazo berdina dut, inoiz internet gabe dagoen ordenagailu bat aurkitzen badut, adio informazioa. Beraz nik kasu hauetan baino ez dut pendrivea erabiltzen, internetik izango ez dudala dakidanean :)
Nik maiz galtzen nuen pendrivea (txikia denez…) eta egun oraindik ez dut alternatibarik aurkitu, gauzak galtzen ustea edo FTP zein SSH, bestela…
Ba nik duela hilabete edo erabiltzen dudala eta oso gustura nabil.
Hilabete batzuetan kanpoan izango naizenez dropbox sistema erabiltzen dut interneten nire gauzen kopia bat edukitzeko, baina baita ere EHan dudan beste makiña batekin sinkronizatzeko.
Horrela badakizu behintzat edozer gertatu ezkero interneten duzula zure lanen kopia bat.
Hori ba, guzti hontarako interneta behar duzu.
Eskerrik asko Joxe!
Eman dut izena. Horrelako zerbaiten bila ibili naiz. Probatu
eta esperientzia kontatuko dut.
Kontatuko duzue probatzen baduzue, bai, baina ni neu behintzat oso pozik nago: oso erraz maneiatzen da, sinkronizazioa di-da egiten du, hiru plataforma nagusiak hartu dituzte kontuan… eta dohainik da!!! (Ez dakidana da erabiltzeko lizentzia oso leoninoa den ala ez…)