Lantzean behin ezusteko atseginak suertatzen dira: lehengo egunean, gailu bitxi samarra ikusi nuen interneteko denda ‘geek’ batean eta, halako beroaldi batean, gailua egiten duen enpresara idatzi nuen, ea laginen bat bidaliko zidaten blogean aztertzearen truke. Ez nuen esperantza handirik, baina tira, saiatzearekin ez nukeen ezer galduko.
E-mail pare bat eta lau egun geroago, etxean nuen paketetxoa, bat ez, baizik eta HIRU! pokenekin: bat neuretzako, beste bat lagunen batentzako, eta beste bat irakurleon artean zotz egiteko. Ez dakizue nolako ilusioa egin didan!
Orain, hitza betetzea tokatzen zait niri, eta kontatzea, beraz, zer diren zorioneko poken horiek.
Bisita txartel elektronikoa
Teknikoki, USB giltza baten eta RFID igorle/irakurle baten arteko hibridoa da pokena. Teknologia nahasketa horri esker, poken bat gai da giga bateko memorian daraman informazioa beste pokenekin konpartitzeko, di-da, hurbiltzearekin soilik, inongo ordenagailuren beharrik gabe.
Hori hardwareari dagokionean. Software aldetik berriz, bi elementuk osatzen dute pokena: gailuak berak daraman mikrosistema eragilea, beste pokenekin eta gurekin ere komunikatzeaz arduratzen dena; eta web bidezko plataforma bat, erabiltzen ditugun sare sozialen informazioa kudeatzeko erabiltzen dena.
Pokena erabiltzeko, gure ordenagailuko USB atakan sartu eta webgune horretan eman behar da izena. Ondoren, gure erabiltzaile profilean, norberari buruzko oinarrizko informazioa (izen-abizenak, e-maila, helbidea…), eta erabiltzen ditugun sare sozialen informazioa ere sartu behar dugu (konpartitu nahi duguna behintzat). Momentu horretatik aurrera, gure pokenak badaki nortzuk garen, eta sare sozial bakoitzean zer erabiltzaile garen.
Zertarako? Beno, pentsa, esate baterako, blogs&beers batera zoazela. Kontu interesgarriak esan dituen lagun bat aurkeztu dizute, eta haren bloga, twitterra eta abarrak jarraitu nahi dituzu. Nahikoa duzu zure pokena eta harena elkartzea (euren eskutxoak elkarri luzatzea), zuk haren profila eta berak zurea jasotzeko. Etxera iristean, pokena USB atakan sartu, bi klik egin eta voilá, pantailan duzu lagun berri horren kontaktu informazio guztia! Eta berak ere zeurea. Hots: bisita txartelak trukatzea bezala da, baina bipuntuzero style. Interneteko sare sozialak eta mundu errealekoak uztartzeko tresna ezin egokiagoa.
Ideia interesgarria, ezta? Probatxoak egingo ditut egunotan eta kontatuko dizuet bizitza errealean zer moduz portatzen diren pokentxuak. Bien bitartean, eman bueltatxo bat euren webgunetik funtzionamendu orokorraz jabetzeko, eta adi-adi egon… analisia egiten dudanean poken bat irabazteko aukera ere izango da eta!
Bai kuriosoa benetan, horrelakorik zegoenik ere!
A! zozketarako apuntatu einx!
[…] Pokenak ezagunak izango dituzue hemendik sarri pasatzen zaretenok. Bisita txartel birtualak dira, kontaktu informazioa erraz pasatzeko era eskaintzen dutenak. Nik daukadan bakarra eraman nuen eta tira, erakustaldi praktikoa egiteko bi gutxienez behar badira ere, oinarri-oinarrizko funtzionamendua-eta ikusi ahal izan genuen. […]