Komunikazioa

Doako prentsaren kongresua (3): Espainiako egoera

Fernando Martin Vallvey
Fernando Martin Vallvey

Piet Bakkerren ponetziaren ondoren, Salamancako Unibertsitateko Fernando Martinez Vallveyk Espainiako egoeraz aritu zen kongresuan. Ponentziarik zatirik handiena Bakkerrek esandakoaren errepikapena izan zen, baina zenbait ekarpen interesgarri ere egin zituen:

  • Doako egunkarien arrakasta hiru faktoreren baitan kokatu zuen:
    • Gertuko banaketa
    • Politika gutxiago edukietan
    • Tokian tokiko edukiak

Euskarazko tokiko prentsan ere berebiziko garrantzia dute hiru faktore horiek: tokiko edukiak indargune garrantzitsua dugula esaten dugu behin eta berriro, eta gure bereizgarri nagusia ere bada. Haiekin batera, gertukotasunak berak neurri handi batean bultzatutako inpartzialitatea eta etxez etxeko banaketak ere pisu handia dute euskarazko doako prentsaren sektorean.

  • Ordaindu beharrekoei ezer kentzekotan, publizitatea kendu diete doakoek, ez irakurleak. Datu zehatzak ere eman zituen: 2002tik 2007ra bitartean, doakoen sarbidea (iristen diren populazioaren ehunekoa), 2,7tik 9,4ra hazi da; ordaindutakoena, berriz, ez da apenas aldatu: 35,8tik 35,7ra pasatu da: Ordainduzko eta doako prentsaren sarbidearen bilakaera Espainian, 2002-2007
  • Doako prentsaren irakurleen profila ere aipatu zuen Martinez Vallveyk:
    • Irakurleen erdiak emakumezkoak dira (euskarazkoetan ere halaxe gertatzen da, ditugun datuen arabera)
    • 35 urtetik beherakoak
    • Langileak (horiek dira kalean daudenak egunkariak banatzen diren orduetan)
    • Ezkongabeak

    Bitxia da, ditugun datuetan oinarrituta (PDF), euskarazko doakoen kasuan irakurlearen perfila askoz ere zabalagoa izatea: oro har, irakakurle helduagoak ditugu eta, gainontzekoan, dispertsio handia dago: langileak, erretiroa hartutakoak, ikasketa maila guztietakoak…

  • Azpimarragarritzat jo zuen Kataluniako egoera, non doako argitalpenak 300 baino gehiago diren.
  • Informazio orokorretik haratago, gaika espezializatutako aldizkariek dute etorkizunik oparoena. Era guztietako gaiak aurki daitezke:
  • Espainiako doako aldizkarien gaiak

  • Azkenik, bizirauteko lau gako eman zizkien Martínez Vallveyk doako argitalpenei:
    • Espezializazioan sakontzea eta komunitateari erantzutea.

    • Irautea irabaztea da. Argi esan zen (behin baino gehiagotan, gainera), merkatuak ezin dituela estatu mailako lau doako egunkari mantendu. Bat (edo gehiago) desagertuko da datozen urteotan, eta egoera horretan, bizirik irauteko baliaide edo imaginazio nahikoa dutenek abantaila handia izango dute.

    • Banaketarako erraztasunak eskatzea. (Erakundeen aurreko aldarrikapenei buruz ari zen batez ere. Zenbait lekutan, ordaintzekoen argitaratzaileen presioei erantzunez, udalek doakoen banaketarako legezko trabak jartzen hasi dira).

    • Elkarlana: doako beste batzuekin, ordaindu beharrekoekin…

Gutxi gora behera, horrelaxe laburbil daitezke hasierako kokapen hitzaldiak. Hortik aurrera, ‘kasu singularrek’ bete zuten kongresuaren programa: mundu zabaleko adibideek, alegia. Datozen egunotan saiatuko naiz kasu horietatik jasotako zenbait ideia orenatzen eta hona ekartzen… baina ez da erraza izango, saltsa handia egon zen eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.