KAMERATOIA, Euskal Herriko Ikus.entzunezko Rallyaren seigarren edizioa antolatu dugu aurten Topagunean, oraingo honetan Ermuko Udalarekin lankidetzan. Betidanik ukitu friki samarra izan duen lehiaketak aldaketa handiak izan(go) ditu aurten.
Lehenengoa meta-aldaketa bat dela esan genezake, barrura begirakoa. Topagunean, horrelako ekimenak jendaurrean aurkezteko, ohikoena prentsaurrekoa antolatzea da. Aaaasko kritikatu da azken boladan edozer aurkezteko prentsaurrekoa egiteko dagoen inertzia, batez, ere, oraingo honetan bezala, eman beharreko informazioa nahiko lineala denean: lehiaketaren oinarriak, parte hartzeko baldintzak, epeak eta beste ezer gutxi. Etxe barruan ere sarritan komentatu dugu hori, baina jakina da inertziak zer indartsuak diren…
Total, Kameratoia ikus-entzunezko lehiaketa izanda, eta prentsaurrea egiteko gogo gutxi zegoela ikusita, esperimentu bat egitea proposatu genuen: bideo-aurkezpen bat grabatu, ohiko prentsa oharrarekin zabaldu… …eta ikusi zer oihartzun lortzen duen. Bideoa, egia esan, planifikazio (eta bitarteko) handirik gabe egina dago, bistan denez, baina gutxienez formula berriak probatzeko gogoa uzten du agerian… batez ere bertan agertzen den Sonia lankidearen partetik! (Gaixoa mila bider damutu da bideoa Youtuben eskegi genuenetik). Hemen duzue emaitza, eta bertan azaltzen da Kameratoiak aurten parte-hartzaileei begira izango duen “benetako” aldaketa handia eta horren arrazoiak.
[youtube:http://www.youtube.com/watch?v=5XlQWMlVRP8]Niri neuri zapore gazi-geza utzi dit kontuak: batetik pozik nago, azkenean, hamaika aldiz esan ostean, ausartu egin garelako aurkezpena beste era batera egiten. Baina kezkatuta ere banago: prentsa jarraipena egitean, Kameratoiak apenas ez du oihartzunik izan ohiko hedabideetan (prentsaurrekoa montatzen duzunean joaterik ez dutela eta mesedez prentsa oharra eta argazkia bidaltzeko eskatzen duten horietan). Enfin, lehenengoan ezin bete-betean asmatu, noski!
Ah! Bide batez, ateak zabalik dituzue hala Kameratoian bertan nola Benito Ansola ikus-entzunezko beketan izena emateko, e? ;)