Trepetak

CB2, Astroboyren lehengusua

CB2, Astroboyren lehengusua 7 - teknopata.eus
Ez niri horrela begiratu, motel!
Ez niri horrela begiratu, motel!

Japoniarrek gero eta gauza arraroagoak egiten dituzte. Saya robot irakaslearekin ez omen dute nahikoa eta, hara non ikusi dudan gaurkoan giza itxurako beste errobot baten berri. AstroBoy edo Dotakonen lehengusua ematen duen honek CB2 du izena (Child robot with Biometric Body), eta ume itxura du: 1,30 metroko altuera, 33 kiloko pisua… eta airez eragindako 51 motor, 197 presio sentsore eta bi kamera begietan, denak ere silikonazko azal moduko batek estalita.

‘Kreaturatxoa’ ez da bart gauean jaioa, bi urte baino gehiago dira Oskako unibertsitateko ‘gurasoek’ jendaurrean aurkeztu zutela. Berria dena aste honetan iragarri dituzten aurrerapausoak dira. Garapen talde zuzentzen duen Minoru Asada doktoreak aste honetan iragarri duenez, dagoeneko lortu dute CB2k berez ikasteko kapazitatea garatzea: momentuz, gomazko umeak parean jartzen zaionaren aurpegiera aztertu eta pozik, haserre, triste edo nola demontre dagoen interpretatzeko gauza da. Gainera, gizaki batek eskutik helduta ibiltzen ere ikasi du.

Urte biko epean, trasteak bi urteko ume baten ikasteko abilidadearen parekoa izatea espero dute egileek, eta 2050erako horrelakoek osatutako futbol talde batek partida bat jokatzeko gai izatea. Nonbait, euren asmoa da ‘espezie berri bat’ sortzea, adimen maila gizakion eta primateen artekoa edukiko lukeena.

Sayarena jakin genuenean komentatu genuen bezala, Japoniako gobernua oso kezkatuta dago bertako populazioaren batez besteko adia oso arin igotzen ari delako, eta dirutza gastatzen ari da laguntza behar duten pertsonentzako edo langileak topatzea kostatze den postuetarako errobotak garatzeko programak bultzatzen. Unibertsitateak ez ezik, Toshiba eta beste zenbait enpresa ere ari dira bere garaian soluzio komertzialak bihurtuko diren robot berriak sortzen.

Gaurko laguntxoari dagokionez, enpin, Sayaren marka guztiak hautsi ditu hozkigarritasunari dagokionez. Ikusi, bestela, jatorrizko aurkezpena egin zireneko irudi hauek:

[Via: Physorg]
3 iruzkin
  • Jozulin
    2009(e)ko apirilak 7 at 20:35

    Bideoa ikusita… seguru ez dela ipotx bat mozorrotuta? Hozkirria ematen du, ezta?

    Reply
  • Dabid Martinez
    Dabid Martinez
    2009(e)ko apirilak 8 at 14:36

    Agian ez dugu guk ikusiko baina jendartea egunen baten horrelako trasteekin bizitzera ohituta egongo da :)

    Gainera nik robot bateri milaka aplikazio ikusten dizkiot (onak eta txarrak), beraz mundu honetan aurrerapausoak ematea oso ondo deritzot.

    Ondo izan Joxe!

    Reply
  • joxe
    2009(e)ko apirilak 8 at 15:29

    Buf, ez dakit ba, niri kontzeptua oso erakargarria egiten zait, baina goiko irudi horiek ileak laztu egiten dizkidate. NOnbait daukat irakurrita Japoniako errobot garatzaile talde horien artean psikologak ere badituztela, aztertzeko zer erreakzio sorrarazten digun erroboten presentziak, eta erreakzio horiek nola kontrolatu negatiboak bihur ez daitezen. Eta ondorio nagusietako bat omen zen eez dela komeni itxuraz’humanoegiak’ izatea, errezeloa sor ez dezaten. Nire ustez CB2 horrek muga gainditu du.

    Pentsa zer izan behar duen telebista ikusten egoteak, adibidez, zure ondoan sofan eserita goikoa bezalako traste bat dagoela, ez dakizula oso ondo zer ‘pentsatzen’ ari den… Ez dut uste erosoa litzatekeenik… Ai, igual zahartzen hasia nago, ezta?

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.