Opor osteko sindromea -bueno, eta beste hainbat gaitz- arintzeko formula egokia izan daiteke pentsatzea badirela beste asko norbera baino askoz ere egoera okerragoan. Kasu honetan: lanera bueltatzea gogorra da bai, baina gogorragoa izan liteke zama astunak mugitzen lan eginez gero, esaterako.
Eh? Zer? Horixe dela zure kasua? Gorroto infinitua didazula une honetatik aurrera aurreko hori idatzi dudalako? Egon, egon, oraindik baliteke poz txiki-handi bat ematea: zure lana zama astunak batetik bestera eramatean badatza, izugarri gustatuko zaizu Hego Koreako Daewoo enpresaren azken asmakizuna: RoboShipBuilder izeneko lanerako exoeskeletoa.
Trastea karbonoz, aluminioz eta altzairuz egindako armazoia da, langilearen indar fisikoa biderkatzeko pentsatuta dagoena. Exoeskeletoak 28 kiloko pisua du eta, bere motore eta sistema hidraulikoei esker, 28 kilo horiek gehi beste 30 altxa ditzake zorutik jantzita daraman lagunak ia esfortzurik egin gabe. 1,65 eta 1,85 bitarteko edonorentzat egokitu daiteke eta, Daewook azaldu duenez, laster hasiko dira erabiltzen Hego Korean dituzten ontzioletan, petrolio-ontziak eta halako itsasontzi erraldoiak eraikitzeko lanetan.
Eraikuntzan eta bestelako lan industrial astunetan ere erabilera zabal izan dezakete halako exoeskeletoek. Gogoratzen Aliens filmeko eszena mitiko hura?
Tira, orain bakarrik falta da txostenak egiteko gai den halako beste bat asmatzea!
RT @joxe: Altxatu 30 kilo batere ahaleginik gabe http://t.co/nOmnSkgGct