Hasieran idatzi nahi nuenaren erdia ahaztuta daukat honezkero, baina uste dut oraindik badirela kontu aipagarriak doako prentsaren nazioarteko kongresuaren inguruan. Aurretik aipatu ditugun diagnostiko orokor eta laudorio saioen ostean, kasu partikularren txanda iritsi zen. Gertuko doako hedabideen inguruko mahaingurua izan behar zuena ere, praktikan Espainiako zenbait tokiko hedabideren kasuen azalpena izan zen. Azkenik, hasi ginen entzuten ba, euskarazko tokiko hedabideen sintonia berean (edo antzekoan) egon zitekeen jendearen berri:
- Gente, esate baterako enpresa handi bat da, 27 tokiko aldizkari argitaratzen ditu, haietatik 17 Madrilen eta inguruko herri eta auzoetan. Astekariak dira denak, eta etxez etxe banatzen dira, ez eskura. Zuzendariak, Concha Minguelak, gogor erantzun zien estatu mailako beste lauei, eta euskarazko tokiko prentsan ere gertatzen diren fenomenoak aipatu zituen:
- Gure helburua ez da jendeari informazio pildorak ematea, baizik eta informatuta egotea. Albistea osotasunean ematen diegu irakurleei, lasaitasunez azalduz, aurrekari eta zergatien berri emonez. Titularrak flashetan ematea ez da informatzea.
- Ordaindu beharreko prentsaren arazoa ez da astuna dela. Arazoa da gazte jendeak ez duela [prentsa] irakurtzen, berdin dio zenbat kolorintzu, zenbat argazki eta zenbateko testu laburrak egiten diren. Nahi/behar duten informazioa beste bide batzuetatik eskuratzen dute gazteek: doao prentsa ere krisian sartuko da hori onartu ezean.
- Edizio guztietako gakoa informazio lokala da, erredakzio lokalek landutakoa. Irakurleari ezin zaio iruzur egin erredakzio zentral batean prestatutako edukiak lokalak bailiran saltzen. Horrek, epe luzera, ez du irteerarik.
- Etxera eroateak aldizkaria etxean bueltaka ibiltzea dakar, eta kontsultako erreferentzia bihurtzea. Irakurtzen ematen den denbora ere handitzen laguntzen du. (Genteren kasuan, denbora hori ia 22 minutukoa da, batez beste).
- Eva Roblesek ere, Madrilgo auzo periferiko batean egiten eta banatzen den Vaguadaren kasua azaldu zuen. Berak ere tokikotasunaren garrantzia azpimarratu zuen, Vaguada hori auzoko lagun batzuek auzoan eta auzokoentzat sortutako proiektua baita. Ez dira ONG bat, noski, eta dirua irabazteko asmoa badute, baina auzoko bizitzan ere integratzen dira: jaietan laguntzen dute, gabonetan-eta elkartasun kanpainak antolatzen dituzte, auzoko elkarteei laguntzen diete… Auzoko beste biztanle bat da aldizkaria, oso estimatua gainera.
Horren ostean, guztion inbidia piztu zuen beste kasu bat azaldu ziguten, Dominikar Errepublikako Diario Libre doakoarena… baina hori hurrengorako utziko dugu, ezta?