NabarmenakProbak

Chromecast: jario erreproduktore merkea

Chromecast gailu bat ekarri dit Olentzerok. Kostatu zait ideia ulertzea, baina uste dut gustatzen hasi zaidala :)
Chromecast: jario erreproduktore merkea 7 - teknopata.eus

Chromecast-en kutxaKontrakoa lirudikeen arren, batzuetan oso gogorra da teknopaton bizimodua. Opariak jasotzeko sasoiak iristen direnean: urtebetetzea, gabonak… beti mantra berbera entzun behar: “joe majito, eske zaila da zuri opariak egitea, e?”. Eta ez da gezurra, aitortu beharra dago: gustuko azken trepeta garestiegia da gehienetan eta, hala ez bada, ahal bezain pronto erosi dugu. Baldintza horietan, egia da, zaila da opari egokia aukeratzea.

Horregatik harritu nau Olentzeroren aurtengo paketetxoak: Googlek 2013ko udan aurkeztu zuen Chromecast multimedia erreproduktorea. Aspalditik nenbilen atzaparrak halako baten gainean jartzeko gogoz, eta hara non, ikazkinak eman didan horretarako parada.

Zer den Chromecast… eta zer ez

Esan behar dut trastearen kontzeptuak berak apur bat harritu eta lekuz kanpo utzi nauela -ai, teknopatok ere zahartzen garen seinale!-. Hara: gailuaren itxura ikusita (pendrive bat baino apur bat handiagoa da, apur bat soilik), eta Googletik datorrela jakinda, espero nuen Android ordenagailu txiki bat izango zela, telebistara konektatu eta hura tablet erraldoia bihurtuko zuen gailua, bere Android aplikazio, Play Store, teklatu birtual eta abarrekin. Argazkiak eta bideoak sartzeko MicroSD zirrikitua ere izango zuela espero nuen eta, akaso, urrutiko aginteren bat, gailua gobernatzeko.

Bada: oso oker nenbilen: Chromecast ez da ‘Android stick’ horietako bat. Ez dizu Android erakutsiko egongelako telebistan. Alferrik saiatuko zara Breaking Bad edo Goenkaleko kapitulu bat Chromecastean gordetzen. Ez, ez du biltegiratze espazio propiorik, ez MicroSD zirrikiturik, ez USB porturik. Wifi bidez ematen dizkiozun multimedia edukiak erreproduzituko ditu soilik, internet zein sare lokaletik.

IMG_20150112_192736

Gailua definitu beharko banu, esango nuke Chromecast multimedia jario erreproduktorea dela. Irudiak, audioa eta bideoa har ditzake wifi bidez, eta zure telebistan erreproduzitu.

Chromecasten 'ipurdian' MicroUSB zirrikitua topatuko dugu. Gailuak bertatik hartzen du argindarra.
Chromecasten ‘ipurdian’ MicroUSB zirrikitua topatuko dugu. Gailuak bertatik hartzen du argindarra.

Nolakoa da?

Esan bezala, Chromecastek USB pendrive handi samar baten tamaina dauka, eta egia esan, kanpotik behintzat ezin sinpleagoa da. Mutur batean HDMI konektorea, telebistan entxufatzeko, eta bestean, ‘ipurdian’, LED argitxo bat, fabrikako egoerara bueltatzeko botoi bat, zorte apur batekin sekula sakatu beharko ez duzuna, eta microUSB ataka bat. Hortik hartzen du gailuak funtzionatzeko behar duen argindarra.

Telebista USB ataka
Chromecastek telebistaren USB atakatik har dezake argindarra, edo kutxan datorren egokigailutik

Argindar hori kutxan aurki daitekeen kargadoreaz eman diezaiokegu edo -askoz egoki eta eraginkorrago- gure telebistaren USB ataka batetik, kutxan topatuko dugun USB kablea erabiliz. Chromecasta telebistako HDMI portura eta USB atakara edo argindar egokigailura konektatuta, argitxoa piztuko zaio, eta konfiguratzeko prest gaude.

Konfigurazioa eta kontrola

Chromecast konfiguratu eta kontrolatzeko, derrigorrez beharko duzu beste gailu bat: Android zein iOSdun telefono edo tableta, edo bestela PC edo Mac bat. Lehen konfigurazioa egiteko, Chromecast aplikazioa jaitsi beharko duzu zure gailura (Android, iOS, Windows, Mac OS X). Konfigurazioa sinplea da: gailua identifikatu telebistako pantailan erakutsiko dizun zenbakiaren bidez, etxeko wifiaren sarbide datuak eman, Chromecast-a bera ‘bataiatu’… eta listo, prest daukagu trepetatxoa lanean hasteko.

Chromecast konfiguratzeko aplikazioa (Mac). Bai! Euskaraz dago!
Chromecast konfiguratzeko aplikazioa (Mac). Bai! Euskaraz dago! (Konfigurazioa bakarrik, Chromecastaren beraren interfazea ez :()

Zer egin dezake?

Youtube aplikazioan agertzen den ikur horri sakatuta, bideoa telebistan erreproduzitzen da.
Youtube aplikazioan agertzen den ikur horri sakatuta, bideoa telebistan erreproduzitzen da.

Behin oinarrizko konfigurazioa eginda, uste dut ideia nagusia dela gure telebista eskuko gailuaren urruneko pantaila bihurtzea. Androiden, esaterako, badira hainbat multimedia aplikazio bateragarri. Youtube aplikazioan, adibidez, sakelakoan aukeratu dezakegu zer bideo ikusi nahi dugun eta, aplikazioa gure Chromecastarekin konektatu ondoren, telebistan hasiko da erreprodukzioa. Une horretatik aurrera, telefonoa amatatu ere egin dezakegu nahi izanez gero, eta erreprodukzioak telebistan jarraituko du.

Chromeko GoogleCast aplikazioak botoitxo bat gehitzen du nabigazio barran. Bertatik bidal daiteke seinalea Chromecastera
Chromeko GoogleCast aplikazioak botoitxo bat gehitzen du nabigazio barran. Bertatik bidal daiteke seinalea Chromecastera

Egin dezakegun beste gauza bat da pantaila konpartitzea: eskuko gailu batean bagaude, Chromecast aplikazioaren Pantaila bidaltzeko botoia erabili, eta eskuko pantailan egiten dugun guztia telebistan ere ikusten hasiko gara. Ordenagailuan baldin bagaude (Windows edo Mac soilik), Chrome nabigatzailea instalatu behar dugu, eta haren barruan GoogleCast gehigarria. Une horretatik aurrera, nabigatzaileko edozein fitxa, edo ordenagailuaren pantaila osoa ere partekatu ahal izango dugu. Chromeren helbide barrara arrastatzen dugun edozein artxibo ere (pelikulak, adibidez) Chromecastera bidal dezakegu (beti ere Chrome erreproduzitzeko gauza bada).

Hor zehar deskargatutako artxiboak Chromecasten erreproduzitu nahi badituzu, multimedia zerbitzari txiki bat muntatu beharko duzu zure ordenagailuan. Ni neu Plex izenekoa probatzen nabil egunotan, eta oso ondo dabil. Eskema erraza da:

  • Instalatu Plex zerbitzaria ordenagailuan (dohainik), sortu kontu bat, eta konfigurazioan, adierazi non dituzu Chromecast bidez ikusi nahi dituzun irudi, bideo eta audioak.
  • Instalatu Plex morroi aplikazioa zure sakelako edo/eta tabletean, eta sartu ordenagailuan erabili duzun kontu berarekin.
  • Aukeratu sakelakoan zer artxibo ikusi nahi duzun
  • Konektatu zure Chromecastarekin
  • Erreproduzitzeko botoiari eman

Handik aurrera bideo trafikoa ordenagailutik Chromecastera doa zuzenean. Sakelakoa amatatu ere egin dezakezu. Pizteko motibo bakarra izan daiteke erreprodukzioa pausatu edo aurrera/atzera egin nahi izatea. Sistema oso ondo dabil, artxibo formatu asko eta asko onartzen ditu (azpitituluak eta abarrak ere bai). Ikusi diodan arazo bakarra da sakelako erreproduktorea ordainpekoa dela. Baina tira, uste dut merezi duela.

Laburbilduz

Asko harritu nau gailuak eta haren kontzeptuak. Hasieran arraroa egiten bada ere, azkenean erosoa ere bada, adibidez, deskargatutako pelikulak ordenagailutik erreproduktorera kopiatzen ibili behar ez izatea. Ordezko egokia izan daiteke zaharkituta geratu zaizun multimedia erreproduktorerako. Aurkezpenak egiten ibiltzen bazara, Powerpoint proiekzioak egiteko ekipo arin gisa balio dezake: zure sakelako edo tabletarekin abtera eraman dezakezu Chromecasta, aurkezpena egin beharreko lekuan HDMI sarrera duen gailurik izanez gero.

Kontrako faktoreak izan daitezke Wifiarekiko ezinbesteko menpekotasuna, hobe duzu wifi router ona izatea, eta interferentziarik gabeko etxea! Artxibo zerbitzari bat derrigorrez muntatu beharra ere puntu negatiboa izan daiteke, eta -noski- Googleren produktua izanda, ziurtzat eman daitekeela erabiltzen den bakoitzean erabiltzailearen inguruko informazio mordoa jasotzen duela Googlek. Baina tira, 35 eurotan nekez topatuko duzu parekorik merkatuan!

IMG_20150112_230022

Kontzeptu sinple eta berritzailea
  • Erabilerraztasuna - 60
  • Bideo/audio kalitatea - 80
  • Euskarazko interfazea - 40
  • Sentsazio orokorra - 75
  • Prezioa - 80
67

Kontzeptu sinple eta berritzailea

Etxerako multimedia erreproduktore ‘tontoa’ dela esan daiteke: bideoa, audioa eta irudiak erakus ditzake telebistan, beti ere Wifi bidez jasotzen baditu.

Erabili ahal izateko, ezinbestekoa duzu Wifi konexioa, eta telefonoa, tableta edo Chrome nabigatzailea instalatuta daraman PC edo Mac bat. Zure artxibo lokalak ikusi ahal izateko, streaming zerbitzari bat montatu beharko duzu

Aukera merke eta eskuragarria saltseatsea gustuko baduzue… baina kontuan izan abilidade minimo bat eskatzen duela e? :-)

Sending
User Review
4 (1 vote)
Comments Rating 0 (0 reviews)
4 iruzkin
  • Demonocrazy
    2015(e)ko urtarrilak 15 at 10:02

    Egongela? Nirea Bideodrometxu deitzen da.
    Ados nago. Urtebete inguru noa gailuarekin, eta oso gustura. Aurka ikusten diodan puntu nabarmenena Google inperioarekin dugun lotura ikusita, bizitza pribatuko beste adar bat oparitzen diogula (konspirazio gosez eta informazioa zentralizatzearen beldurrez). Bestela esperientzia bezala, gero eta zerbitzu gehiagok daukate aukera. Ikus-entzunezko edukiak podcast moduan kontsumitzen ditugunontzat gailu apropos eta merkea (Youtubetik asita, Atresmediako edukietara, ea Nahieran noiz… irratsaioetarako ere aproposa da, nik Podcast Addict erabiltzen dut eta bikain dabil.
    Antzerako filosofiarekin hartu nuen Gramofon, baina hau Spotify-era lotuegi ikusten dut, eta oraingoz dezepzioa izan da, nik musika lokalerako erabiltzeko asmoa nuen eta goiz da oraingoz.
    On egin

    Reply
    • joxe
      2015(e)ko urtarrilak 15 at 16:48

      Mila esker erantzunagatik, @demonocrazy!

      Nik ere errezelo berdinak ditut Googlerekin, baina tira, aitortu beharko zaie gutxienez trastetxoa oso ondo dabilela. Mezu apokalipitikoak irakurri ditut egunotan han eta hemen, Chromecasten etorkizunaz, laster irtengo den AndroidTV delakoak ez ote dion zentzurik kenduko. Uste dut oso produktu ezberdinak direla, baina ikusi beharko…

      Probatuko dut Podcast Addict hori, ea zer moduz doan.

      Joxe

      Reply
  • xabirequejo
    2015(e)ko urtarrilak 16 at 17:28

    Nik ere Plex zerbitzaria daukat eta gustatzen ez zaidana zera da: argazki aurkezpena amaitutzat eman, telefonoan pause/gelditu sakatu, etxetik alde egin, eta itzultzean argazki jarioak badirauela! Iker Jimenez!

    Jarioaren kalitatea ona da, birritan baino ez dut amore eman behar izan (18 gailu sarera konektatuta). Ea telefonoko artxibo lokalen jarioa noiz ahalbidetzen duten. Pozik bestela.

    Alternatiba bat EzCast da, baina ez omen dabil horren fin.

    Reply
    • joxe
      2015(e)ko urtarrilak 16 at 18:08

      Bai, Plexek gauza arraro samarrak egiten ditu batzuetan. Suposatzen da Maceko iTunes eta iPhoto biltegiak automatikoki bidal ditzakeela Chromecastera, baina saitzen nanizen bakoitzean guztiz tontotuta geratzen da gailua, eta desentxufatu behar izaten dut berriz erabili ahal izateko. Pentsatzen dut konpoduko dutela, baina bitartean…

      Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sending

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.