Apple Macintosh-ak forma ezberdin ugari izan zituen Jef Raskin-ek irudikatzen zuen teklatua pantaila eta inprimagailua gailu bakar batean biltzen zituen 500 dolar inguruko kontzeptutik, 1984an zeremonia handiz prezio boskoitzarekin aurkeztu zen azken produktura iritsi arte. Mac garapenaren garai batean, egintzat ematen zen ordenagailuak Appleren 5,25 hazbeteko Twiggy diskete unitatea eramango zuela, Mac-aren amonak ere, Lisak, huraxe erabiltzen baitzuen.
Twiggy unitateek 860Kb arteko kapazitate zirraragarria zuten eta, harekin batera, huts egiteko joera aparta ere bai. Kronikek diotenez, unitateon funtzionamendua hain zen eskasa ezen garatu zuten ingeniarien buruak liskarra izan zuen Steve Jobsekin, azken hori Twiggy erabiltzen jarraitzen tematuta zegoelako: “atera zure .45 eta akatu behingoz zaldi madarikatua!” esan omen zion Jobs-i, formatuaren agoniarekin amai zezan. Azkenean, halaxe egin zuten, eta jatorrizko Macintosha Sonyk egindako 3,5 hazbete eta 400Kb gordetzeko ahalmena zuten diskette ‘ez hain malguekin’ merkaturatu zen.
Tira, ba kontua da, Twiggy unitatea daraman Mac 128k prototipoa agertu dela enkantean eBayn. Abioko prezioa 99.995 dolarrekoa (76.000 euro pasatxo) dela kontuan izanda, ez dut uste erosteko moduan dagoen inor ezagutzen dudanik. Baina tira, argazki ederrak jarri dituzte gutxienez, kuriositate zientifikoa izan dezakegunontzat. eBayko enkante orrian bertan ikus ditzakezue, edo bestela honen berri jaso dudaneko Engadgeten galerian.
Ez dut uste Zip unitateengandik oso urrun egongo zenik fidagarritasun ezari dagokionez. Hori bai, Zip diskak hamar urte geroago atera ziren eta 100 MB-ko kapazitatea zuten. Itzela bere garairako.
Ni ZIP kontsumitzaile konpultsiboa izan nintzen garai batean eta ez dut aparteko arazorik gogoratzen.
Hori bai, Giga bateko beste haien kontura (nola ziren? Jaz?) sekulakoak eta bi dauzkat entzunda..
Benetako ikara genion “Heriotzaren Klika” famatuari, BSoD-aren lehengusua zena, diska unitatean sartu eta errusiar erruleta bailitzan. http://en.wikipedia.org/wiki/Click_of_death
Nik izan nuen arazorik larriena softwarearekin izan zen: halako batean, driverren bertsio berri bat atera zuten, diskoaren edukia pasahitzez babesteko aukera ematen zuena.
Aukera aktibatu, pasahitza ezarri… eta gero ez zen diskoa irakurtzeko modurik izan, ez pasahitza sartuta, ez sartu gabe, ez formateatuta eta ez ezer…
Zaharrunon gauzak, ala? ;)