Trepetak

Ezohiko mugimenduak Googleren inguruan

JaikuAzken egunotan badirudi lurrikara txiki bat gertatzen ari dela Googleren inguruan. Azken dardarizoa gaur bertan etorri da, Googlek Jaiku mikroblog zerbitzua erosi duela jakinaraztean.Ez dakizuenontzat, Jaiku beta bertsioan dagoen zerbitzu bat da, Twitterren oso antzekoa. Erabiltzailea une bakoitzean zertan ari den labur-labur azaltzeko aukera ematen du, eta mezu labur horiek web orriaren bidez, ordenagailurako programatxo baten bidez edo sakeleko telefonoan jaso daitezke. Horrela, lagunak eta ezagunak zertan ari diren jakin daiteke uneoro, sare sozialak are sozialago egiteko.

Googleren mugimendua ikusita, ematen du etorkizun oparo eta interesgarria daukala mikroblogen kontu horrek, ego Googlek gutxienez hala pentsatzen duela. Dena den, ez da komeni larregi fidatzea: duela ez horrenbeste, adibidez, ematen zuen IP telefonia izango zela interneteko enpresen hurrengo pagotxa. Esperantza larregi jarri zuten, nonbait, negozio esparru berrian, eta gaur da eguna alor horretako enpresak erosi zituzten multinazionalek diru gehiegi inbertitu zutela aitortzen dutena.baina tira, hori beste baterako utziko dugu.

Arestian aipatu dudan lurrikara txiki horrek astean bolo-bolo dabiltzan bi zurrumurrutan dauka epizentroa:

  1. Aguuur ZUberoaaaa... Badirudi azken hileotan zurrumurruetan milaka aldiz aipatu den GooglePhone edo gPhone delakoa ez dela gailu bat, hirugarren enpresen telefonoetan instalatzeko moduko sistema eragile bat baizik. Halaxe azaldu zuen atzo The New York Times egunkariak. Googleren asmoa, beraz, ez litzateke Appleren iPhone bedeinkatuarekin lehiatzea, baizik eta Microsoften Windows Mobileri, Symbian OS-i eta hilzorian dagoen Palm OSi aurre egitea goi-mailako telefonoetarako sistema eragile alternatibo gisa. Sistema eragilea, kode irekikoa, antza, dohainik eskainiko lieke Googlek hala telefono egileei nola telefonia zerbitzu emaleei, eta dirutxoak, sorpresa-sorpresa, sistema eragilearen bidez kudeatuko litzatekeen publizitatetik poltsikoratuko lituzke. Dena den, badirudi telefonia zerbitzu emaleak behintzat nahiko hotz hartu dutela albistea. Izan ere, Googleren asmoa enpresa horiek sareen eta terminalen gainean duten kontrola lausotzea da, eta noski, sareak eraikitzen eta terminalak kontrolatzeko moduak asmatzen inbertsio erraldoiak egin dituzten enpresak ez dira oso aldeko.
  2. Google OSen aurreko zurrumurrualdi bateko irudi *faltsu* batAurreko horrekin oso lotuta, beste zurrumurru batzuk zabaldu dira, Google OS sistema eragile batekin dabiltzan Google PC batzuen ingurukoak. Engadgeten irakurri dudanez, David Liu izeneko gizon batek, Googleren lege ahokularia omen dena, Google PC marka erregistratzeko eskaria egin du. Google PC, Google OS eta Google Office baten inguruko zurrumurruak aspalditik dabiltza sarean gora eta behera, baina kontu honekin guztiarekin berpiztu eta indartu egin dira.

Dena den, argi geratu denez, iragarpenak egiteko ahalmena hutsaren hurrengoa daukat… ez kasu askorik egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.