BlogosferaKomunikazioa

TKM.EUS. Behingoagatik, sare sozialek poz handi bat!

Lan eta eztabaida askoen ondoren, TOKIKOMen fedibertsoko instantzia propioa zabaldu dugu. Behingoagatik pozik eta harro sare sozialetatik etorritako albiste batekin! :-)
TKM.EUS. Behingoagatik, sare sozialek poz handi bat! 7 - teknopata.eus

2024-01-19, ostirala. Eibar, UEUren Egoitzan.

Bereziki Elon Musken bilakaerak, eta dezente lehenagotik ere bagenituen kezkak xaxatuta, TOKIKOMeko toki komunikabideentzako gogoeta saio bat prestatu genuen. Helburu nagusia: komunikabide gisa sare sozialetan dugun jardunari errepasoa eman eta hobetzeko aldaketak adostea. (Bueno, eta idazten ari den honen agenda ‘sekretua’: goazen denok sare komertzialetatik atoan!).

Suabe-suabe esateko, goleadaz galdu nuen partida hura. Diagnostikoan ados geunden guztiok: sare sozialak hedabideon lehiakide zuzenak dira, ildo editorial propioa dute, gurearen kontra-kontrakoa, erabiltzaileengan kalteak sortzen dituzte… Baina hortik aurrera, errezelo eta zalantzak bata bestearen atzerik: eske ‘jende guztia hor dago’, eske gu enpresak gara eta funtzionatzeko jendearengana iritsi behar dugu, eske lehiakidea handiegia da, eske beste medio guztiak han dabiltza… Bajoia izan zen, eta ez txikia. Baina aldi berean hazi txiki bat erein izanaren sentsazioa ere bai.

Biba Musk!

Gerora, urtea oso gorabeheratsua suertatu da sare sozialen bueltako tema hauetan, neurri handi batean Musk ahobero & eroaren gehiegikeriei ‘esker’. Beti esango dut oso eskertuta nagoela Elonekin, bere harropuzkeria kutre horrek begia ezin hobeto zabaldu dizkigulako asko eta askori.

Eta pasatu da urtea, eta egunkari eta erakunde publiko batzuk hasi dira Musken atzaparretatik ihes egiten. Eta Trumpek irabazi ditu AEBetako hauteskundeak, eta Zuckerberg Muskekin norgehiagokan hasi da, bere sareetan zeinek lokatz gehiago eskaini… eta Goienak erabaki du bera ere Xtik irtetea, eta beste komunikabide batzuk ere hasi zaizkigu aholku eske…

2024-11-29, ostirala, Elgoibar.

Zalantza mordoak behartuta, sare sozialen tema sartu dugu Elgoibarren egin dugun gogoeta estrategiko saio batean. Urtarrileko diagnostikoa berretsi eta larritu egin da, baina oraingo honetan, urtarrilean ez bezala, TOKIKOMeko medioetan aldaketak egitea adostu dugu:

  1. RAP elkartearen arauekin bat egin eta sare sozial komertzialen presentzia murrizten hastea toki komunikabideetan.
  2. Mastodon instantzia propio bat irekitzea, geu zein gure publikoaren onerako, benetan gurea den sare egitura batean funtzionatzen hasteko.

Une horretan bertan sprint ero bat hasi zen TOKIKOM Web Plataforma garatzen duen CodeSyntaxekin, eta Talaios Koopekin, Mastodon instantzia propio bat altxatu eta nahi zuten toki komunikabideen webguneekin automatikoki konektatzeko.

2025-01-17, ostirala, Arrasate.

Goiena, GiTB, 28 Kanala eta Atariako erredakzioetako lankide mordo bat parean dudala, plan hau guztia azaldu eta Mastodonen lehen pausuak nola eman tokatu zait. Oso une polita izan da, egia esan, egundoko erantzukizuna, eta benetan bide eder baten hasiera egiten ari garen sentsazioa.

Eta horixe, dakizuenez, gaur 4 pausu txiki baina handi eman ditugu TOKIKOMen, beste ezer baino, gure irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaileekiko zaintza keinu gisa:

  1. RAP elkartearen arauekin bat egin eta aplikatzen hastea.
  2. TKM.eus Mastodon zerbitzaria martxan jartzea, toki komunikabideentzat eta haiteko langile eta kolaboratzaileentzat.
  3. TOKIKOMen X eta Facebook kontuetan argitaratzeari uztea.
  4. #Goazenlagunok kanpainarekin bat egitea. Dagoeneko ez dugu nahi gure komunikazioa AEBetako milionari eroen esku uztea, eta ez dugu nahi axola zaigun beste inor ere uztea egoera horretan.

Aspaldiko partez, sare sozialek eta hedabideek poz handi bat eman didate gaur. Eta kontatu beharra zegoen! :-)

TKM.eus sarearen web interfazearen kaptura bat

3 iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.