Lehengoan hari txiki bat idatzi nuen Mastodonen oso hurbiletik ukitu ezean zelako arriskutsua den nekez ulertu daitekeen gai baten inguruan: sektak. Pentsatu dut ideia ona zela hona ere ekartzea abisua, ordenatuago eta ohar pare batez lagunduta.
Bide batez, zure inguruko norbait sekta batean sartuta dabilela uste baduzu, hona aholku azkar batzuk.
Love Has Won sekta Estatu Batuetako Crestone herrixkan finkatuta zegoen. Kideek esaten zutenez, jainkoa emakume bat zen, ‘Ama Jainkoa’ deitzen zioten Amy Carlson izenekoa, eta bere misioa zen mundua 3Dko planotik 5Dko beste batera ‘igotzea’.
2021eko apirilean, sektako kide baten deiaren ostean, poliziak Carlsonen gorpua aurkitu zuen sektaren etxeetako batean, erdi momifikatuta, begirik gabe, lo zaku batean bilduta eta koloretako argiz inguratuta.
Bada, HBO Plataformak asteon estreinatu du hiru kapituluko dokumental bat, Love Has Won sekta honen, eta bereziki Amy Carlsonen bizitza eta heriotza trukulentoen inguruan. Hemen trailer ofiziala ingelesez (hasierako irudiak fuertetxoak suertatuko zaizkizu apur bat sentibera bazara).
Crestonetik Euskal Herrira, Facebooken laguntzaz
Sekta honek interneten, eta batez ere Facebooken, erabilera intentsiboa egiten zuen, jarraitzaileak zein diru funtsak biltzeko. Horrela, 2020an, pandemia eta itxialdi betean, bere sareak Euskal Herriraino ere iritsi ziren. Oso-oso gertuko pertsona bat bertan buru-belarri sartuta izan genuen, harik eta, sektaren aginduei jarraituz, lo egin, edan zein jateari utzi eta marihuana masiboki erretzen hasi ondoren, brote psikotiko bat izan eta psikiatrikoan ingresatzera behartu ahal izan genuen arte.
Salaketa poliziala eskuan, Facebookengana jo genuenean sektaren taldea eta kontuak ixteko eskatzen, Facebookek gu blokeatu gintuen, sektari jazarpena egiten ari gintzaizkiolakoan. Horixe da Metaren erabiltzaileen ongizatearekiko kezka. Dokumentalean ikusten den bezala, sektak negozio oparoa zuen kirurgia eterikoak (Ama Jainkoaren telefono dei sendagarriak, 88,88$ bakoitzeko), esnatze saioak, metal koloidalak (ustez urre, zilar zein kobrez ‘aberastutako’ ura, alegia), amuletoak eta era guztietako produktu miragarriak saltzen. Salmenta horren parte bat Facebook bitartez egiten zen, eta noski, Metari ez zitzaion komeni taldea itxi eta bere komisioari uko egitea.
Honelakoak ‘distantziatik’ ikusiz gero, erraz samarra da barre errazera jotzea eta ‘A ze txoropito koadrilla’ efektuan jaustea. Sinistu esaten dizuedana: disparaterik handienak botatzeko kapazak diren talde hauek ematen dutena baino ASKOZ arriskutsuagoak dira. Gogoaren kontrolaren gaia zirraragarria bezain beldurgarria da. Gure kasuan, esan bezala, gertuko pertsona hau psikiatriko batean ingresatzera iritsi behar izan genuen. Hitz ematen dizuet ez dela esperientzia samurra maite duzun norbait zeure aginduz eta bere borondatearen kontra ohe batera lotuta ikustea.
Baina okerragoa izan zen Carlsonen patua: berak saltzen zituen koloidal haiek erabat pozoinduta, era guztietako drogen kontsumo neurrigabeak elbarrituta, eta jan, edan eta lo faltak ahituta ospitale batera eramateko eskatu zuenean, jarraitzaileek berak emandako irakaspenekin erantzun omen zuten: “zientzia eta medikuntza gizateria akabatu nahi duten Kabalaren tresnak dira, eta sekula ez genuke gure jainkoa bere arerioen eskutan utziko”. Carlsonen autopsiak erakutsi zuenez, deshidratatuta, gosez eta koloidalek intoxikatuta hil zen.
Lehen sekta bakarra, orain hiru.
Pentsatzekoa denez, Love Has Won sekta bertan bera geratu zen Carlsonen heriotzaren ondoren. Baina, aldi berean, oso bizirik dirau: izatez, taldea beste hirutan banatu zen. Eta interneten jendea kaptatzen jarraitzen dute hirurek jo ta fuego:
Carlsonen azken maitalea izan zenak, kartzelatik hainbat aldiz pasatu den Jason Castillo beldurgarriak, orain dio *bera* dela ‘Kreazio Osoaren Aita’ edo ‘AitaAma Jainkoa’ eta berari jarraitzeko, Joy Rains (Poza ari du) taldearen bidez. Sektakide ohien arabera, Amy Carlsonen heriotzaren errudun zuzena da.
Ama Jainkoaren bozeramaleak zirenak, dokumentalean ateratzen diren Aurora eta Hope ‘arkeiek’, diote bestea hil den arren, bere izpiritua gurekin dagoela. Eta beste bi taldeak traidoreak direla. 5D Full Disclosure taldean jarraitzen dute Carlsonekin batera egiten zuten berbera egiten, lehen baino diru gose are handiagoz. Besteak beste, ‘Ama Jainkoaren esanak bere ahotik zuzenean jasoak’ biltzen dituen liburu bat argitaratu dute dokumentalaren tiradizoa aprobetxatzeko, eta Amazonen jarri dute salgai.
Eta azkenik, Carlsonen kontablea izaki, Love Has Won sektaren ondare guztia bere izenean erregistratua zuen “Mikel arkanjelua” dugu. Bera izan zen zerraldoa topatu eta poliziari deitu zuena txibatazoa emateko, jarraian sektak pilatutako ondare guztia hartu eta paretik kentzeko. Traidore izugarritzat dute hala ‘jasonistek’ nola ‘5Distek’.
Tira, ahal baduzue, ikusi dokumentala, eta saiatu ez itsutzen euren sinismenen artean zituzten txorakerien zentzugabekeria mailarekin. Interesatzen bazaizue, saiatuko naiz hurrengo asteotan honelako taldeek erabiltzen dituzten tekniken inguruko bizpahiru kontutxo idazten. Bitartean, zaindu!
Amaitzeko, aholku praktiko bat: inguruko norbait itxura sektarioko talde batean harrapatuta egon litekeen susmoa izanez gero, ez utzi geroko eta hasi mugitzen lehenbailehen. Horrelako prozesuetan denbora esentziala da: zenbat eta gehiago pasatu barruan, orduan eta zailagoa da onik ateratzea. Hona egin ditzakezun lehen urrats batzuk:
- Kontrastatu zure susmoa interesatuaren inguruko beste pertsona batzuekin: lagunak, senideak, lankide edo ikaskideak. Susmoa hedatua badago, laguntza eskatzeko ordua izan daiteke.
- Saiatu informazioa batzen taldearen barne funtzionamendu eta portaeraz. Kontrastatu ezaugarri horiek Steve Hassan adituaren BITE ereduarekin (Behavior-Information-Thought-Emotion, hau da: Jokaera-Informazioa-Pentsamendua-Emozioa). Taldeak zerrendako bizpahiru puntu baino gehiago betetzen baditu, egon ziur laguntza eskatzeko ordua dela. Hemen jatorrizko zerrenda ingelesez, eta hemen gazteleraz.
- Ez saiatu ustez sektan dabilen lagun horri aurka egiten, bereziki argudio ‘arrazionalekin’. Sektek mekanismo konplexuak erabiltzen dituzte jarraitzaileen gogoa manipulatzeko, alde arrazionalaz gain emozioak eta portaera bera ere eraldatzen dutenak. Arrazoiekin ezingo diozu aurre egin zure lagun horrek sentitzen duenari.
- Laguntza behar baduzu, eta inguruan gai hauetan espezializatutako psikologorik ez baduzu (espezializazioarena azpimarratuta dago, e?), nire gomendioa da REDUNE sarera jotzea. Webgune horrorosoa dute, bai, baina gure kasuan behintzat, ezinbesteko laguntza eskaini ziguten, zerbitzu sozialen bidez lortu ezin izan genuena.
[…] Oso litekeena da sail honetako sarrerek txarto-ulertu eta errore zientifiko nabarmenak izatea. Hutsaren hurrengoa dakit psikologiaz, baina interesgarria eta erabilgarria iruditu zait gaia argitara ateratzea. Hurrengo lerroak munduko fede on zein ezagutza falta handienarekin idatzita daude.Zuk edo inguruko norbaitek laguntza beharrean egonez gero, ez utzi geroko eta jo lehenbailehen profesional batengana. Sekten inguruko laguntza behar baduzu, beste sarrera honetan ere topatu ditzakezu pista batzuk. […]