BlogosferaNabarmenak

Sare sozialak 2023an, 10 galdera errazetan

Threads, Twitter, fedibertsoa, Mastodon... Sare sozialak ulertzeko 10 galdera -erantzun erraz.
sare sozialak 2023an hitz lainoa

Esperientzia etsigarri samarra bizi izan dut asteon. ETBko kazetari batek deitu zidan lehengoan, “aditu baten iritzia nahi zutelako Threads sare sozial berriaren inguruan”. 10-15 minutu pasatuko genuen bideokonferentzia batean panorama azaltzen saiatzen… Zuek epaitu, baina ni neu ez nintzen oso pozik geratu emaitzarekin.

Eta tira, ‘Experto en Redes Sociales’ titulua eman didatenez, eta inguruan jende asko kontu hauekin oso nahastuta ikusten dudanez, saiatu naiz 2023ko uztailean interneteko sare sozialen panorama laburbiltzen, ezer gutxi dakienarentzako 10 galdera errazetan. Ea ba!

Galderen zerrenda

  1. Zer da Threads?
  2. Threads sare sozial bat da?
  3. Zer da algoritmo bat?
  4. Ezin dut Threads konturik ireki!
  5. Threads eta Twitter berdinak dira?
  6. Eta orduan, zein da alternatiba on bat?
  7. Zer da fedibertsoa?
  8. Zer da Mastodon?
  9. Nolakoa da Mastodonen algoritmoa?
  10. Nola eman izena Mastodonen?

1. Zer da Threads?

Threads.net webgunearen kaptura, 2023-07-08, teknopata.eus
Threads aplikazioaren webgunea. Sarean sartzeko modu bakarra aplikazioa deskargatzea da.

Threads aplikazio sozial bat da, zure telefonoan deskargatu eta edukia partekatzea ahalbidetzen duena. Meta enpresak argitaratu berri du. Meta enpresa, gogoratu dezagun, Facebook, Instagram eta Whatsapp aplikazio sozialen jabea da.  Enpresa oso ezaguna da, besteak beste, munduan dituen milioika erabiltzaileren datuekin trafikatzeagatik, eta erabiltzaile horien iritzia eta hauteskundeetan bozkatzeko asmoak eraldatzen saiatzeagatik. Cambridge Analytica deritzon auzitik, adibidez, ondorioztatu zen multinazionalak eragin zuzena izan zuela bere garaian Trumpen hauteskunde garaipenean, edota Brexit erreferendumaren emaitzan. Metaren negozioa bere erabiltzaileen profil ahalik eta zehatzena egitea da, bakoitzaren inguruan ahal duen beste informazio erauztea, berari propio zuzendutako publizitatea saldu ahal izateko. Publizitate hori produktuena izango da batzuetan, eta beste batzuetan ideologiena.

2. Threads sare sozial bat da?

Jabeek baietz esango dizute, sare sozial bat dela. Baina fondoan beste zeozer da. Facebook, Instagram, Twitter, TikTok, Twitch, Youtube eta enparauak bezala, Threads sare sozial mozorroa daraman publizitate panel erraldoi bat besterik ez da. Jabeek dirua irabazteko diseinatutako zerbitzuak dira, bi helburu nagusirekin:

  • Erabiltzaileei publizitate eraginkorra ikustaraztea. Erabiltzaile bakoitzari ahalik eta iragarki gehien, eta gainera iragarki horiek ahalik eta eraginkorrenak izatea bilatzen dute.
  • Erabiltzaile horien ahalik eta informazio gehien eskuratzea. Erabiltzaile bakoitzari benetan erostera bultzatuko duten iragarkiak saltzea da sare hauen negozioa. Hori egin ahal izateko, gutako bakoitzaren ahalik eta profil xeheena eskuratu behar dute, gutako bakoitzaren
    • kontsumo joerak
    • politikoak
    • sexualak
    • osasun informazioa
    • bizilekua
    • maila ekonomikoa
    • egoera zibila
    • zaletasunak
    • ideologia politikoa
    • musika gustuak
    • gastronomikoak
    • lanbidea
    • lantokia
    • lagunak
    • etsaiak
    • maskotarik dugun ala ez…
  • informazio horretan oinarrituta kalkulatzen dute gutako bakoitzari zelako mezuak iritsi behar zaizkigun publizitatea ordaintzen dutenen helburuaren arabera joka dezagun. Eta ojo: publizitate hori izan daiteke Aliexpresseko ez dakit zer erreminta kutxa… …edo alderdi jakin baten ideologia. Aplikazio sozial hauen jabeei berdin die produktuak ala ideologiak saltzea. Are gehiago, haietako asko ultraeskuinarekin lerratuta daude, publikoki eta batere disimulurik gabe.

Horregatik esaten dizuet Threads (eta Twitter, Facebok, Instagram, TikTok, Twitch, Youtube eta enparauak)  ez direla benetan ‘sare sozialak’, nahiz eta ideia hori honezkero sakon samar sartu diguten buruan. Sare sozial bat berdinen arteko harreman sare bat da, zure maila berdinean dauden beste batzuekin ideiak, edukiak edo objektuak elkarbanatzeko aukera ematen dizuna. Zure koadrilla sare sozial bat da. Zure familia ere bai. Zure kirol taldea, eskolako gurasoen koadrilla, horiek denak sare sozialak dira, berdinen arteko harremanetan oinarritzen diren taldeak.

Aplikazio hauetan harremanak ez dira berdinen artean: erabiltzaileen arteko komunikazioa sarearen jabearen eskuetatik pasatzen da beti, eta hark erabakitzen du erabiltzaileetako bakoitzak zer eta noiz jasotzen duen. Ez dira plaza publikoak, azken urteotan kontrakoa pentsarazi badigute ere.

sare sozial klasikoak vs komertzialak, diagrama, teknopata.eus
‘Benetako’ sare sozialetan (ezkerrean) kideen arteko harreman zuzena dago, bakoitza beste guztiekin komunikatzen da zuzenean. Aplikazio sozial komertzialetan (eskuman), kide bakoitza zerbitzariarekin komunikatzen da, eta hark erabakitzen du kideetako bakoitzak zer ikusten duen.

Disimulu gutxirekin ibili dira Threadsen egileak horri dagokionez: zure lagunen jarraitzaile egin zaitezke, baina ezin duzu kontrolatu zure denbora lerroan zer ikusten duzun. Threadsek ordainpeko edukia erakutsiko dizu lehenengo, eta gero, lekurik geratzen bada, benetan interesatzen zaizun jendearena.

3. Zer da algoritmo bat?

Algoritmo baten diagrama, Wikimedia Commons
Lanpara bat konpontzeko pausuen algoritmo sinplearen diagrama. Wikimedia Commons.

Algoritmo bat, Wikipediaren arabera, problema bat ebazteko eman behar diren urratsen deskribapen formala da. Formula matematiko eta jarraibide zehatzen segida bat alegia, aldagai jakin batzuetatik abiatuta emaitza jakin bat lortzeko.

Aplikazio sozial komertzialetan ikusten dugun edukia algoritmoen arabera kalkulatzen dira. Aplikazioaren jabeak helburu bat markatzen du, adibidez:

  • Erabiltzaile guztiek gutxienez X minutu pasatzea pantailaren aurrean
  • Adin eta genero eta bizileku jakin bateko erabiltzaileei produktu jakin baten aldeko iritzia sorraraztea
  • Adin, bizileku eta maila ekonomiko jakin bateko erabiltzaileei ideologia politiko batekiko aurkakotasuna eragitea.

Helburua ondo zehaztua, sarearen jabeak formula bat diseinatzen du, erabiltzaileon inguruan duen informazioa eta bere helburuak lortzeko eskura dituen edukiak (iragarkiak, mezuak, irudiak, bideoak) kontuan hartuta. Formula horrek erabakitzen du gutako bakoitza sare horretan sartzen denean zer ikusten duen nabarmenduta, noiz ikusten duen, eta abar.

Horregatik dira hain garrantzitsuak erabiltzaileon datu pribatuak. Gutako bakoitzari buruz zenbat eta informazio zehatzagoa eduki, orduan eta handiagoa da benetan erostera (edo bozka jakin bat) ematera bultzatuko gaituzten edukiekin asmatzeko aukera.

4. Ezin dut Threads konturik ireki!

Informazio gose hori hainbeste, baina hainbesterainokoa da, Europako Batzordeak debekatu egin dio Metari Threads zerbitzua Europan eskaintzea, herritarron datuak babesteko politika guztiak urratzen dituelako. Bestela esanda: Threads zerbitzu deliktiboa da. Europako Batzordeak ere ulertu du erabiltzaileei kalte egiten diela. Mundu osoan Threads kontuak irekitzen ari direnak ez dira Metaren erabiltzaileak, ez bezeroak: Metaren biktimak dira.

Pentsa: Threads ezin da webgunetik erabili, bertara sartzeko telefonoko aplikazioa behar duzu derrigorrez. Zergatik? Bada, web nabigatzaile gehienek honezkero gutxieneko neurri batzuk betetzen dituztelako erabiltzaileon pribatutasuna babesteko. Metak ez du nahi gutako bakoitzaren datuetara sartzeko inolako mugarik.

5. Threads eta Twitter berdinak dira?

Neurri handi batean, eta itxuraz, oso antzekoak dira, baina Threadsek baditu bizpahiru kontu, honezkero infernala bilakatu den Twitter baino are okerragoa egiten dutenak:

  • Zure Threads kontua Instagrameko kontuarekin lotuko da automatikoki. Instagramen jarraitzen duzun jendea automatikoki jarraituko duzu Threadsen, eta alderantziz. Azken finean, Metaren estrategia da erabiltzaileak bere ekosisteman lotuta atxikitzea.
  • Lotura hori oso estua da gainera: behin Threadseko kontua irekita, ezin da guztiz ezabatu Instagram kontua ere ezabatu gabe.
  • Threadsen eduki gehiago partekatu daitezke Twitterren baino: 500 karaktere bitarteko testuak, irudiak, bideoak… Badirudi horretan Twitter baino malguagoa dela.
  • Twitterren bi denbora-lerro ezberdin aukera ditzakezu: batean jarraitzen duzun jendea ikusten da soilik, zure interesekoak, nolabait esateko. Bestean, ordea, algoritmoak gomendatzen dizun edukia. Batetik bestera egin daiteke salto denbora guztian. Threadsen denbora lerro bakarra dago: algoritmoaren araberakoa. Makinak BETI erabakitzen du, BETI, zer ikusiko duzun eta zer ez.

6. Eta orduan, zein da alternatiba on bat?

Euskal fedibertsoa. Pegatina.

Hau dena jakinda, zure helburua baldin bada ideiak, edukiak edota gauzak ere trukatzea, modu ‘sano’ batean, zure maila berean dagoen beste hainbat lagunekin, atzetik bere interesen arabera edukiak ezkutatzen eta erakusten dabilen jabe diruzale baten eraginetik kanpo, edozein sare sozial komertzialetik alde egin beharko zenuke.

Twitter, Facebook, Instagram, TikTok, Youtube… denak dira erabiltzaileon inguruko ‘datu meatzeak’, sare sozialen mozorroan. Euren helburua ez da partekatzeko tresnak eskaintzea, baizik eta ahalik eta erabiltzaile gehien erakartzea, guztion informazio ahalik eta xehatuena erauzi eta egokitutako publizitatea eskaintzeko. Ikusten badute, adibidez, haserre zaudenean denbora gehiago pasatzen duzula euren webgunean (hau da, jartzen dituzten iragarkiak ikusten), etengabe jarriko dizute begien aurrean amorratzen jartzen zaituen edukia.

Sare sozialen beste filosofia ‘zintzoago’ bat probatu nahi baduzu, gomendatzen dizut fedibertsoa deritzon multzoko tresnak probatzea.

7. Zer da fedibertsoa?

Fedibertsoa sare bat da, izaera ireki eta federatuko sare sozial txikiek osatzen dutena. ‘Federatutako unibertsoa’ esan nahi du izenak, gutxi gorabehera. Lasai, jarraian saiatuko naiz azaltzen hori zer den.

Aplikazio sozial komertzial klasiko batean, sare bakoitza zerbitzari itxi bat da. Hau da: Twitterren erabiltzaile guztiak Twitter enpresak duen zerbitzarira konektatzen dira, eta haren bidez komunikatzen dira haien artean. Ondorioz, erabiltzaileen arteko komunikazioak hainbat ezaugarri ditu, honezkero normaltzat jo ditugunak:

  • Informazio jario osoa jabe bakar baten zerbitzaritik pasatzen da beti.
  • Jabe hori da, horixe, jabea: berak jartzen ditu arauak, berak aldatzen ditu, berak erabakitzen du zer erabiltzaile mota onartu eta zein baztertu… Elon Muskek azken hileotan Twitterrekin egin duena da adibide perfektua. Basikoki: ‘hau nire jostailua da eta sudur puntan jartzen zaidana egin dezaket’. Baina ez da kasu bakarra: zenbat kexa ez ote dugun ikusi Youtubek, Facebookek, Instagramek eta abarrek nahi dutenean eta nahi duten arrazoia tarteko ezabatutako edukia dela eta ez dela?
  • Sare sozial bakoitza jolastoki itxi bat da, hesi sendoek babestuta. Twitter erabiltzaileak euren artean komunikatu daitezke, baina ez Facebookekoekin, edo TikTokekoekin, edo Whatsappekoekin, adibidez.
  • Publizitatea saltzeko nahiak gidatuta, guztietan ere algoritmoek erabakitako edukia lehenesten da, neurri handiago edo txikiagoan eta disimulu gehiago ala gutxiagorekin.

Fedibertsoa oso diferentea da oinarrizko kontzeptu horietan. Nolabait esateko, bi ‘dimentsio’ daude bertan:

  • Zerbitzuak: fedibertsoan tresna ezberdinak topatuko dituzu, eduki mota ezberdinak partekatzeko pentsatuak, apur bat sare sozial komertzialetan bezala. Hemen adibide batzuk:
    • Mastodon microblogging plataforma bat da, Twitterren estilokoa, mezu laburrak partekatzeko
    • Pixelfed argazkiak partekatzeko zerbitzua da, Instagram eta Flickrren arteko zerbait
    • Peertube bideoak partekatzeko zerbitzua da, Youtuberen antzekoa
    • BookWyrm ‘irakurleen klub’ birtual bat da, liburu gomendioak eta iritziak partekatzeko
    • Lemmy delakoak eztabaida foroak eskaintzen ditu
  • Instantziak: Zerbitzu horietako bakoitza software bat da, edonork hartu eta bere zerbitzari batean martxan jar dezakeena. Pentsa: nik erabaki nezake teknologiaren inguruko eztabaida foro bat jartzea martxan. Horretarako, Lemmy softwarea nire zerbitzarian ipini, eta hor sortuko nuke nire komunitate txikia. Zerbitzu bakoitzarekin egindako instalazio bakoizari ‘instantzia’ deitzen zaio.

Fedibertsoaren ‘grazia’ komunitate edo instantzia horien arteko harremanean datza. Berez eta defektuz, komunitate hauetako bakoitza ‘federatuta’ dago besteekin. Euskaltzaleen komunitatea komunikatuta dago musikazaleen komunitatearekin, eta hura futbolzaleenarekin, eta abar. Hau da: nik izena eman dezaket euskaltzaleen komunitate edo instantzia batean, eta, beste kontu bat ireki beharrik gabe, bertatik jarraitu musikazaleen komunitatean ditudan bi lagun min. Ez da beharrezkoa interesa duzun komunitate guztietan kontua irekitzea.

Neuri interesatzen zaidan komunitatean emango dut izena, euskaltzaleenean adibidez, eta haren arauen arabera funtzionatuko dut: gehienetan euskaraz, besteekiko errespetuz… Baina bertatik mugitu gabe, erdaraz funtzionatzen duten beste komunitate batzuk ere jarrai ditzaket. Twitter kontu batekin TikTokeko erabiltzaileak jarraitu ahalko banitu bezala.

Hori bai: instantziak federatu eta ‘defederatu’ ere egin daitezke. Halako batean konturatuz gero, adibidez, zure lagun musikazaleen instantzian eduki xenofoboa hedatzen ari dela etengabe, administratzaileak erabaki dezake lagunen instantzia horretatik deskonektatzea, eta harekiko sarea etenda geratuko litzateke. Hau praktikan gertatzen ari da, Mastodonen adibidez, eduki xenofoboa, iraingarria, matxista eta abar haizatzeko sortu diren hainbat instantziarekin. Sare orokorretik isolatuta geratzen joan dira pixkanaka.

8. Zer da Mastodon?

Mastodon fedibertsoko tresna horietako bat da. Erraz esateko, Twitterren antzeko zerbitzuak martxan jartzeko balio du. Edozeinek har dezake softwarea, zerbitzari batean ipini eta bere interesen araberako instantzia bat sortu (Trekkie euskaldunen komunitatea, adibidez). Bertan apuntatzen diren erabiltzaileak Mastodon erabiltzen duten beste instantzia batzuetako erabiltzaileekin ere komunikatu daitezke.

Probatzen hasi nahi baduzu, Euskal Herrian badira bi instantzia majo samarrak, euskaldunei zuzendutakoak: mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus. Bietako edozeinetan oso ongi etorria izango zara.

9. Nolakoa da Mastodoneko algoritmoa?

Kuak! Mastodonek EZ DU algoritmorik. Ez da publizitatetik bizi, eta beraz ez dago atzetik inolako asmorik eduki batzuk beste batzuk baino nabarmenago erakusteko. Hala ere, denbora-lerro ezberdinak eskaintzen dizkizu, pestaña edo fitxa ezberdinetan ikusiko dituzunak:

  • Nagusia: zuk jarraitutako erabiltzaileen edukiekin osatutakoa.
  • Lokala: zure instantzia berean dabiltzan erabiltzaile guztien mezuak.
  • Federatua: zure instantziarekin federatutako beste instantzien erabiltzaile guztien edukiekin.

Trukean, hori bai, gerta liteke Mastodoneko instantzia batzuetan, administratzaileek noizean behin laguntza ekonomikoa eskatzea erabiltzaileei, zerbitzua mantentzeko kostuei aurre egiteko. Tema horretan instantzia bakoitzak bere moduan funtzionatzen du.

Betiko sare sozial komertzialekin topatuko duzun beste alde nabarmen bat erabiltzaile izenari lotuta doa. Twitter, edo Facebook edo Twitchen mundu guztia zerbitzari berean dabil, eta orduan erabiltzaile ‘izenak’ baino ez daude. Fedibertsoko tresnetan, tartean Mastodonen, ‘izen-abizenak’ izango dituzu. Hau da: identifikatzeko beri erabili beharko duzu zure erabiltzaile izena eta zure instantziarena. Adibidez, ni neu Mastodonen @joxe@mastodon.eus naiz. Hau da, @joxe erabiltzailea, mastodon.eus instantzian.

10. Nola eman izena Mastodonen?

Lehenengo eta behin, zure gustuekin bat datorren instantzia bat aukeratu beharko zenuke. Fedibertsoa oso zabala da eta zerbitzari eta instantzia asko daude. Baina lasai, sistema pentsatua dago momentu batean iritzia aldatu eta zerbitzari batetik beste batera migratzea erraza izan dadin.

Mastodon.eus oinatza negatibo zuri b eltzean

Demagun nagusiki euskaraz jardun nahi duzula: mastodon.eus instantzian izena eman beharko zenuke, horretarako jarraibideak hemen aurkituko dituzu, eta oso antzekoak dira beste instantzia batzuetan.  Erabiltzaile izen bat eta posta elektroniko bat baino ez duzu beharko, eta hiruzpalau minututan martxan egongo zara. Twitterretik migratzen ari bazara, beharbada lehengoan idatzi nuen beste sarrera honek lagunduko dizu.

Euskal fedibertsoko beste zerbitzu batzuk ikusi nahi badituzu, hemen gutzi batzuk (seguru baten bat ahazten zaidala, barkatu!).

Fedibertso zabala esploratu nahi  baduzu, hemen bi abiapuntu on (mila esker @Tolosa@mastodon.eus, @a_mento@mastodon.eus, @mikelgs@mastodon.eus, @desertorea@mastodon.eus eta @marmarka@mastodon.eus)

Honaino iritsi bazara, biba zu, ez duzu meritu makala! Espero dut benetan informazio hau guztia balekoa izatea eta, tira, zuzenketarik edo ekarpenik egin edo galdera gehiago planteatu nahi badituzu, azpian aurkituko duzu erantzunak uzteko aukera!

2 iruzkin
  • @mikelgs@mastodon.eus
    @mikelgs@mastodon.eus
    2023(e)ko uztailak 10 at 09:12

    Asko gustatu zait azalpena, Joxe, mila esker!
    Jasota gera dadin, hemen estekatzen dut Iametza-k idatzitako beste artikulu hau https://iametza.eus/albistea/euskal-fedibertsoak-metaren-threads-aplikazio-berria-blokeatzea-erabaki-du/ Bertan azaltzen da Threads bera blokeatzea erabaki duela fedibertsoko instantzia askok.
    Eta beste honetan zergatia azaltzen da (historia ezagutu behar, ez errepikatzeko!) https://www.argia.eus/albistea/nola-akabatu-sare-deszentralizatu-bat-fedibertsoa-kasu
    Mastodonen jarraituko dugu hitz egiten!

    Reply
  • Iban
    2023(e)ko uztailak 12 at 07:59

    Eskerrik asko azalpenengatik, Joxe.

    Albistegiak baino egokiagoak hau guztia azaltzeko blog hau.

    Taberna publikoa, elkarte gastronomikoa, pub pribatu bat, taberna pribatua zerbitzu publikoarekin, gheto-taberna, halako edo bestelako zaleen taberna konkretua: futbola, motoristak, hevyak, pijoak, ezkerreko radikalak, eskumako radikalak, gazte hippyak… Bakoitzak bere formatua.

    Reply
  • Sare sozialak 2023an, 10 galdera errazetan
    2023(e)ko uztailak 20 at 04:48

    […] Rojasek Teknopataren Txokoa […]

    Reply
  • […] 5.- Azken pantaila: kontuaren desaktibazioa burutzeko, zure pasahitza sartu behar duzu. Behin hori egin ondoren, kontua 30 egunez desaktibatuko da eta, tarte horretan berraktibatzen ez baduzu, betiko ezabatu da. Bake santua!!! Gogoratu lehengo eguneko beste sarrera honetan dituzula pista on batzuk benetako sare sozial alternatiboen in…. […]

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.