NabarmenakOfftopic

Txosten Cafe

Tokion kafetegi berezi bat zabaldu dute, txostenak idatzi behar dituztenentzat soilik!
Manuscript Writing Cafe. Tokio. Jendea lanean kafetegiaren barruan.

Galdera ustez sinplea egingo dizuet: zer behar du euskarak aurrera egiteko, beste ezeren gainetik? Zer da euskalgintzari energia eta bizi-indarra ematen diona?

Motibazioa?

Erabilera?

Hezkuntza?

Ez, maitiok! TXOSTENGINTZA! Txostenek mugitzen dute gure mundua: proiektuek, egitasmoek, elkarlan proposamenek. memoriek, justifikazioek, planek, aurkezpen gutunek, plan estrategikoek, balantzeek, azterlanek, ikerketa proiektuek, oinarriparrek, eraldabideek… Euskara sekula ez zen iritsiko gaur egun dagoen puntura beharrik gabe puztutako paragrafoez eta alferrikako nominalizazioez jositako milioika orriri eta beste horrenbeste litro tintari esker.

Arte zaila da txostengintza, ez pentsa: kontzentrazioa eta abilezia eskatzen du, eta sarritan, gainera, bat-batekotasunarekin uztartu beharra dago. Badakizue: “interesatuek 10 eguneko epea daukate egitasmoa aurkezteko”, “proiektuak justifikatzeko aldia astebetekoa izango da”, “deialdi hau oporren bezperan jakinaraziko da eta oporraldiko azkenaurreko egunean itxiko da”… holakoxe gauzak.

Horregatik, zoragarria iruditu zait hor zehar ikusi dudan negozio asmatu berri bat, Japoniatik etorritakoa. Duela ez asko hedabide handi guztietan ikusi dugu euskal hiriburu batean zabaldu duten ‘katu kafearen’ berri. Ez dizuet loturarik jarriko, ikusi dudalako webgunea gazteleraz eta ingelesez baino ez dutela. Kontzeptu hori ere japoniarrek asmatua da: kafetegi bat non, kafea ez ezik, katuak ere badituzten, eurak laztantzen (edota haien atzaparkadak jasotzen), erlaxatu nahi dutenentzat.

Nekokaigi Cat Cafe

Genkō shippitsu kafe

Hari horri tiraka, antzeko beste kontzeptu bat ere asmatu berri dute japoniarrek, ez dezagun uste robot bizarroak besterik ez dakitela egiten: Genkō shippitsu kafe deitu diote negozio berriari, euskaraz, gutxi gorabehera: Eskuizkribuak idazteko kafea litzateke. Hau da: txostenak bertan idazteko propio sortutako kafetegi bat!

Txosten Cafe 7 - teknopata.eus
Kafetegiaren kanpoaldea. Argazkia: Manuscript Writing Cafe.
Txosten Cafe 9 - teknopata.eus

Baina ojokuidao, txostenak bertan idazteko propio hori ez baita erreklamo komertzial hutsal bat. Kafe honen lehen araua argia da: idazlan bat egin eta horretarako epemuga jakin bat dutenak baino ezin dira sartu. Idazlan gisa, hori bai, testuzko lan sorta zabala onartzen da: txostena, gidoia, artikulua, poesia, komikia…

Taberna txikia da, zazpi edo zortzi lagunentzako lekua dauka. Doako Wifia eta kargagailuak, ordenagailu zein tabletak hozteko euskarri tolesgarriak… Bertara sartzean, tabernariak, Tomu Inokawak, paperezko fitxa txiki bat ematen die bezeroei. Bertan adierazi behar dute:

  • Burutu beharreko lanaren azalpen laburra
  • Hitz kopurua
  • Lana bukatzeko denbora
Manuscript Writing Cafe. Tokio. Egin behar den lanaren berri emateko txartela.
Manuscript Writing Cafe. Tokio. Egin beharreko lanaren berri emateko fitxa. Argazkia: Manuscript Writing Cafe.

Aukeratu presio maila

Informazio horrekin batera, presio maila ere aukeratu behar da: S, M ala L.

Ordubetero, Inokawak kanpai txiki bat jotzen du, eta banan-banan hurbiltzen da bezeri guztiengana, haien fitxa eskuan. S maila aukeratu baduzu, suabe-suabe esango dizu gainetik: “Zer moduz zoaz?”, “Ordubete baino ez zaizu geratzen…”, “Oraindik ez duzu amaitu?“… L aukeratuz gero, berriz, Inokawak ez du batere arazorik izango bezeroa besteen aurrean lotsarazi eta/edo zuzenean iraintzeko.

Manuscript Writing Cafe. Tokio. Tomu Inokawa, jabea, 'zer moduz zoaz?' dioen kartel batekin.
Aukeratzen duzun presio mailaren arabera, Inokawak goxo-goxo ala oso zakar sakatuko dizu lana bukatzeko. Argazkia: Manuscript Writing Cafe.

Beste arau bat ere badu Inokawaren Txosten Café honek: sartzea librea da, baina ateratzea ez. Bezero bat sartzen denean, Inokawak ez dio ateratzen utziko fitxan adierazitako idazlana bukatu edo lokala ixteko ordua iritsi arte, bietatik lehendabizi gertatzen dena. Arau hori, noski, bertara sartu aurretik onartu beharra dago.

Zer iruditzen? Ni hasi naiz lokal egoki baten bila. Euskalgintzarekin soilik bezero kartera mugagabea da! Bazkide kapitalistaren bat animatzen da? :-)

Manuscript Writing Cafe. Tokio. Ikuspegi orokorra.
Kafetegiaren ikuspegi orokor bat. Bai: txakurrak ongi etorriak dira! Argazkia: Manuscript Writing Cafe.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.