AI, internet (eta internauta) gaixoak! Sakelakoek eta aplikazioek menderatu dutenetik, informazioaren superautopista izan behar zenak jakinarazpen zaratatsu, pop-up iragarki, titular bihurritu eta xextra ulergaitzen entsalada garratz samarra bilakatu zaigu.
Zu ere, ni bezala, gero eta itoago ikusten bazara infoxikazioaren mundu honetan, beharbada iritsi da ordua oinarrietara bueltatu eta jasotzen ditugun inputen kontrola ahal den neurrian berreskuratzen saiatzeko. Hona aholku batzuk sareko zarata gobernatzen saiatzeko.
Posta elektronikoa, aspaldiko lagun hori
Berehalako mezularitza (Telegram, Whatsapp eta abarrak) ‘de facto’-ko estandarrak bilakatu dira jende asko eta askorentzat eguneroko komunikaziorako. Eta bai: ondo egon daitezke berehalako kontuetarako, baina ez dira bide eraginkorra, besteak beste, laneko kontuetarako. Posta elektronikoa zerbitzu dezentralizatu eta elkar-eragilea da: zerbitzuak berdin-berdin funtzionatuko du zuk enpresa batekin eta nik beste batekin kontratatua badugu. Hainbat modu dituzu hari etekina ateratzeko:
- Ezarri etiketak eta iragazkiak, zure sarrera ontzia txukun mantentzeko.
- Ez izan beti zabalik. Batez ere laneko emailarekin, ezarri errutina batzuk sarrera ontzia begiratzeko (hiru ordurik behin, adibidez). Horrela distrakzioak saihestuko dituzu.
- Harpidetu buletinetara. Sare sozialetan ez bezala, posta elektronikoaren zeuk erabaki dezakezu zure intereseko buletinetara harpidetzea… eta harpidetza horiek nahi duzun momentuan etetea. Algoritmorik eta ostiarik gabe.
- Erabili zerbitzari seguruak. Gmail eta Outlook oso ondo daude, baina badira alternatiba oso txukunak, zure informazioa datu kapitalismoko multinazionaletatik urrun mantenduko dutenak. PuntuEus Fundazioak eskaintzen duen ni.eus zerbitzua adibidez ondo txukuna da, eta doako zein ordainpeko aukerak ditu. Hemen aurkituko dituzu ni.eus eta beste aukera batzuen berri zehatzagoa.
RSS, klasiko bat
‘Really Simple Syndication’ esan nahi du RSS akronimoak. Harpidetza erraz samarra, alegia. Sistema ireki eta estandar bat da, webgune gehienetan dagoena. Seinale bat bidaltzen du webgunean eduki berri bat argitaratzen den bitartean, eta eduki hori ere bidaltzen du formatu sinplifikatuan, aplikazio egoki batekin irakurtzeko moduan. Horrela, aplikazio horretatik zure gogoko webguneen harpidetza egin dezakezu, dena leku beretik irakurtzeko eta, berriz ere, zuk zeuk aukeratuta, tartean algoritmo, ‘engagement’ eta kontu arrarorik sartu gabe.
- RSS irakurgailu bat beharko duzu, hori bai, harpidetzak egiteko. Feedly, adibidez, webgunetik zein mugikorreko aplikaziotik dabil. Firefox nabigatzailea erabiltzen baduzu, hedapen mordo bat duzu aukeran, funtzio hori nabigatzailetik bertatik bete dezaketenak.
- RSS harpidetzak, gainera, beste sistema batekin uztartu daitezke, harpidetzen eguneraketak emailez edo Telegram bidez jasotzeko.
Gorde geroago irakurtzeko
Batez ere sare sozialetan, milaka lotura interesgarri iristen zaizkigu, unean irakurri ezin ditugunak. Zure nabigatzaileko laster-markak ez ezik, Pocket bezalako zerbitzu bat erabil dezakezu irakurgai interesgarriak geroko gorde eta aurrerago irakurtzeko, diseinu garbi eta erosoarekin. Firefox erabiltzen baduzu, Pocket zerbitzua bertan duzu integratuta, baina beste nabigatzaile batzuekin ere erabil daiteke.
Ez ahaztu, gainera, zure mahaigaineko eta mugikorreko nabigatzaileak sinkronizatuta mantentzea (Firefox kontu batekin, adibidez). Horrela, mugikorrean zabaltzen dituzun orriak ordenagailuan ere irakurri ahalko dituzu, eta alderantziz.
Berreskuratu zure denboraren kontrola
- Android, iOS zein macOS sistematan, ‘ongizate digitaleko’ tresnak dituzu: neurgailuak, esaten dizutenak zenbat denbora pasatu duzun pantailaren aurrean oro har, eta aplikazio bakoitzean zehazki. Bota begiradatxo bat aukera horiei, jabetzeko zenbat denbora pasatzen duzun pantailari begira.
- Sistema horiek beroriek aukerak eskaintzen dituzte aplikazio jakinen zein gailuaren beraren erabilera denbora murrizteko. Erabili aukera horiek denbora larregi kentzen dizuten aplikazioen erabilera mugatzeko.
- Erabili Pomodoro bezalako teknikak zure lana -eta atsedenaldiak- antolatzeko. Pomofocus webgunea adibidez, abiapuntu ona da horretarako, baina dozenaka aplikazio aurkituko dituzu sistema eta euskarri guztietan.
Ezagutzen zenituen tresna hauek guztiak? Besterik erabiltzen duzu? Gustura irakurriko nituzke zure ekarpenak! :)
Goiburuko irudia: 02-52 Home Sweet Home [Explored] cc-by-nc-nd Christine Schmitt@Flickr