Fribolizatzeko inongo asmorik gabe (titularragatik baten batek kontrakoa esango badit ere), gauza da Errusia eta Ukraina arteko gerra istorio txundigarriak uzten ari dela, besteak beste, komunikazioari eta (des)informazioari dagokionez.
Ikusi bestela Erresuma Batuko The Guardian egunkariak argitaratutako hau: Ukrainako marketin digitaleko enpresa bateko burua den Anastasiya Baydachenkok bideo bat argitaratu zuen lehengoan laguntza ekonomikoa erregutuz. Armak erosteko? Ez. Jantziak? Ezta ere. Botikak? Ez ba! Baydachenkok laguntza eskatu zuen Putini aurre egiteko… interneteko publizitate kanpainak erosiz.
Plana sinplea da teorian: Errusiako webguneetan ezin bada ‘operazio militar bereziaren’ aurkako informaziorik argitaratu… erosi publizitate espazioa webgune horietan, eta iragarki horiek bideratu populazio errusiarrari Ukrainaren ikuspegia azalduko dieten webgune eta albisteetara. Iragarki horiek harira joan daitezke zuzenean, edo gaia oso zeharka iradoki, beharren eta egoera politiko-militarraren bilakaeraren arabera.
Baydachenkok betiko ‘defektuzko’ sare handietara jo zuen hasieran iragarki horiek plazaratzeko: Facebook (ezaguna dena, besteak beste, arazo gutxi dituelako iritzi publikoarekin jolasteko), Google, Youtube… Baina Putinen gobernua arauak estutzen eta Errusiako internet panorama iluntzen zuen neurrian, ukrainarrak ere esparru ilunagoetara jo behar izan du. Eta laster aurkitu du eremu zabal bat, publiko ikaragarri zabala, kontrol lauso samarra, eta eskrupulo handirik gabe diru gehien ematen dienaren alde egiteko prest dauden jabeen eskutan: online apustuak eta -batez ere- pornografia guneak.
The Guardianen artikuluaren arabera, kanpaina oso arrakastatsua izaten ari da, eta hari esker milaka errusiarrek jaso dute euren gobernuak ezkutatu nahi dien ‘egia deserosoa’ Ukrainako gerrari buruz. Hamaika ikusteko jaio gara, gero!
Informazio gehiago, ingelesez: The Guardian.com.