NabarmenakTrepetak

Lehen inpresioak: Lenovo Yoga Book

Duela hilabete batzuk lehen irudiak ikusi nituenetik, erabat maitemindu ninduen Lenovo Yoga Book tabletak. Olentzerok halako bat ekarri dit eta hauek dira nire lehen inpresioak.
Lehen inpresioak: Lenovo Yoga Book 7 - teknopata.eus

Gezikada (erran nahi baita: fletxazo) horietako bat izan da: duela hilabete batzuk lehen irudiak ikusi nituenetik, erabat maitemindu ninduen Lenovo etxe txinatarraren Yoga Book tablet (kontzeptu) berriak. Harez geroztik txintxo-txintxo portatu naiz, eta lortu dut Olentzerok ekartzea. Zuekin konpartitu nahi ditut nire lehen inpresioak.

Guztiz moloiak diren 3 alderdi

Lehen inpresioak: Lenovo Yoga Book 11 - teknopata.eus
Gailu honen xarmaren zati handi bat Lenovok portatil handietan probatuta duen hiru piezako banda honek ematen dio.

Hainbat puntu ditu tablet honek, moloigarritasun indizea estratosferara eramaten dutenak. Hona labur-labur:

  • Kontzeptua: tablet eta ordenagailu eramangarri baten arteko nahasketa bat da. Microsoft Surface eta horien estiloan, baina beste era batera inplementatuta. Kasu honetan, tableta eta teklatua elkarri lotuta doaz, ezin dira bereizi. Baina biak mehe-meheak direnez, hori ez da traba handia.
  • Erdiko banda edo bisagra ere puntu garrantzitsua da. Lenovok portatiletan aski probatuta duen mekanismoak moldagarritasun handia ematen dio gailuari. Ixten duzun moduaren arabera, portatil baten gisa erabil daiteke, edo zutik baina teklatuta ezkutuan duela, edo guztiz zabalik mahai gainean, edo 180 graduko angeluan itxita, tablet arrunt bat bezalaxe.
  • Halo Keyboard. Banuen gogoa tablet teklatuduna probatzeko, baina Yoga Booken teklatuaren moloigarritasunak marka guztiak hausten ditu. Teklatu birtual bat, ukipen-pantaila baten gainean marraztuta, beharraren arabera desagertu eta marrazteko tableta bihurtzen dena. Buf!!! Lizunkeriak, aizue, li-zun-ke-ri-ak!!!

Hiru puntu nagusi horiez gain, aipatu behar da makina puska bat dela, 4 Gb-ko RAM memoriarekin, 64 Gb-ko barne biltegiratzeko unitatearekin… Wi-Fia, Bluetooth, Dolby soinua, Android 6… hori dena gailu eder eta dotore batean, bateria erraldoiarekin, eta oso pisu txikiarekin. Ezin zaio askoz ere eskatu!!!

Lehen inpresioak: Lenovo Yoga Book 13 - teknopata.eus
Traste polita da benetan (eta ni argazkilari kaskarra!) :-)

…hobetu litezkeen beste hiru…

  • Tableta irekitzeko modua. Gailua hain, baina hain-hain da mehea, ezen, behin itxita duzunean, piloa kostatzen baita irekitzea. Ez zen hain zaila izango, bada, atzamarrarekin bultzatzeko zirrikitutxo bat uztea tapan, zer dakit nik…
  • Botoi fisikoen kokapena. Arrazoiren batengatik, etengailua eta bolumena aldatzeko teklak teklatuari dagokion zatian daude, eta ez pantailaren ondoan. Tableta hainbat postura ezberdinetan erabil daitekeenez, erraz galtzen du batek ereferentzia espaziala, eta batzuetan kosta egiten da botoiak aurkitzea.
  • MicroUSB? Benetan? Telefono eta tablet gehienak, eta ordenagailu asko ere, USB-C estandarrera pasatzen ari diren honetan, arraroa egiten da honen moduko gailu Pro batek MicroUSB atakari eustea. Moldatuko gara, noski. Baina arraroa da.

…eta hiru txapuza barkaezin!

  • Euskaraz no tengo, amante! Benetan, ez dut ulertzen hainbat fabrikanteren mania hori, Android sisteman defektuz datorren euskarazko itzulpena (eta beste hainbat, noski), ezabatzeko. Lenovo: ez baduzu nahi, edo ezin baduzu, Androidi gehitzen diozun software propioa euskaratu, utzi ingelesez, moldatuko gara. Baina ez ezabatu dagoeneko eginda dagoen Androide sistemaren euskaraketa!!!
  • Arkatzaren erabilera ikonsistentea. RealPen edo dena delakoak oso ondo betetzen du bere funtzioa tabletaren digitalizadorearen gainean, baina ai, ez saiatu pantailaren gainean erabiltzen. Aplikazio batzuek onartzen dute, beste batzuek ez… Oso frustrantea da batzuetan.
  • Android ‘eskritorio’ amaitu gabea. Lenovok lan asko egin behar du oraindik tablet honi sartu dion aplikazio kudeatzailea erabilgarria izan dadin. Funtzioetan oso mugatua izateaz gain, eskaintzen dituen funtzioen erdiak erdizka baino ez dabiltza: aplikazio batzuekin bai, beste batzuekin ez… Hori geetatzen da, besteak beste, aplikazioak leihoetan irekitzeko aukerekin.

Laburbilduz: ez da edonorentzat!

Lehen inpresioak: Lenovo Yoga Book 15 - teknopata.eusLaburbilduz, inpresio orokor ona utzi dit Lenovo Yoga Book honek. Gailu estetikoki ederra, eta funtzio aldetik ere oso interesgarria eta moldagarria. Uste dut oso lan tresna interesgarria izan daitekeela marrazkilari eta ilustratzaileentzat, adibidez.

Baina ez soilik haientzat, noski. Batetik bestera dabilela, testu ez oso luzeak idatzi behar dituztenentzat ere izan daiteke oso aukera ona: kazetariak, gidoilariak, ikasleak… Notak paperean hartu eta aldi berean digitalizatuta geratzea oso aukera moloia da, nahiz eta praktiko-praktikoa gutxi batzuentzat soilik izan!

Dena den, elkar ezagutzen jarraitu behar dugu tabletak eta biok. Ezer aipagarririk deskubrituz gero, kontatuko dizuet noski. Edo bestela, galderarik baldin baduzue, bota lasai!

[amazon_link asins=’B01MYMRTA1′ template=’ProductAd’ store=’teknoptxokoa-21′ marketplace=’ES’ link_id=’14994a71-d773-11e6-80da-1dc63e846d94′]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.