ApliakNabarmenak

Watomatic, Whatsappetik ateratzen lagunduko dizun erantzungailu automatikoa

Watomatic erantzungailu automatiko moduko bat da, lagunduko dizuna Whatsappeko kontaktuei abisatzen, bertatik alde egitea erabakitzen baduzu.
Watomatic erantungailu automatikoa

Gaur amaitzen omen da Facebooken ultimatuma Whatsapp aplikazioa erabiltzen jarraitu ahal izateko: “onartu neure baldintza berriak, edo esan agur Whatsappi” diosku Zuckerbergek.

Eta badakizue zer? Ez nago oso ziur baldintza berri santu horiek zer dioten, baina berdin dit. B) aukeraren alde egin eta erabaki dut Whatsappetik irtetea. Uste dut kontua dela Facebookek merkataritza plataformaren tankera eman nahi diola Whatsappi, erraztu nahi digula (komisio txiki baten truke, noski), salerosketak bertatik egin ahal izatea. Eta horretarako gure baimena behar duela, erabiltzaileon datuak merkatariei pasatu ahal izateko.

Watomatic, Whatsappetik ateratzen lagunduko dizun erantzungailu automatikoa 6 - teknopata.eus

Hori da uste dudana, baina tira, finean berdin dit: koxkobiletaraino nauka Facebookek, nahi nukeen beste azaldu ezin ditudan arrazoiengatik. Aspaldi irten nintzen Facebooketik bertatik, eta ikusi: Whatsappetik ere alde egiteko aitzakia perfektua da baldintza aldaketen tema hau. Aspalditxotik erabiltzen dut Telegram Whatsappen B plan gisa, eta Signali ere aukera bat eman nahi diot egunotan. Biek ere abantaila handi bat daukate Whatsappen aldean: euskaraz jar daitezke.

Gogorrena: aldaketaz abisatzea

Seguruenik, aldaketa hau egiteko alderik zailena kontaktuei jakinaraztea da. Nik Whatsappeko ‘status’ mezua aldatu dut, eta noizean behin irudi batzuk ere ari naiz sartzen istorioetan, aldaketaz abisatzen. Maizen erabiltzen ditudan kontaktuei ere mezu baten kopiapega egin diet, esanez laster ezino nautela Whatsappen aurkitu. Baina leneko eta ‘etxeko’ agenden artean, ehunaka kontaktu ditut, eta ezin guztiei banan-banan abisatu.

Watomatic aplikazioaren pantaila kaptura bat (euskaraz)
Watomatic konfiguratzea oso-oso erraza da. Eta oso ondo egiten du bere lana!

Zorionez, lan hori asko errazten duen aplikazio bat aurkitu dut asteon: Watomatic du izena, eta Whatsapp zein Facebook Messengerrekin dabilen erantzungailu automatikoa da. Funtzionamendua oso erraza da:

  • Instalatu (Androiden baino ez dabil)
  • Ezarri automatikoki bidali nahi duzun mezua
  • Aukeratu zer aplikaziorekin erabiliko duzun
  • Aukeratu erantzun automatikoen maiztasuna (mezu bakoitzari erantzun, erabiltzaile bakoitzari egunean edo hainbat egunetan behin…)
  • Gaitu erantzun automatikoak (horretarako, jakinarazpenak irakurtzeko baimena ere eman beharko diozu aplikazioari, horietan oinarritzen baita erantzuteko).
  • Listo! Whatsappera idazten dizun bakoitzak, zuk aurrez definitutako erantzun automatikoa jasoko du, zuk kezkatu beharrik gabe!

Watomatic kode irekikoa da, eta hari ere euskarazko itzulpena ere badu. Orain aitzakia bat gutxiago daukazu Whatsappetik korrika irten eta atzera ez begiratzeko! :-)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.