Badator normaltasun berriko abuztua, eta (ikas)urte ezin arraroago baten ostean, oporrak ere are arraroagoak datozela ematen du. Arrarotasun hori guztia apur bat gozatzeko zerbait egin beharra zegoela iruditu zait, eta zozketa bat antolatu dut bueltarako. Jakin nahi duzu nola parte hartu?
Oso erraza da! Oporretan zaudela, berdin dio munduko beste puntaraino joan ala etxean bertan geratu zaren, egin behar duzun bakarra da ilgoropil bat ere oporretan eraman zurekin batera, eta haren argazki bat, bere momentuan Maite Goñik eta Gorka Juliok egin zuten bezala:
#ilgoropil #gaurkohitza.n sartzeko kanpaina egiten @teketen eta biok Europako hirietan. @joxe ea hau superatzen duzun! 😂🤪 https://t.co/J8u7JbpeKF pic.twitter.com/60iyqhHtKl
— Maite Goñi Eizmendi (@euskaljakintza) July 8, 2020
Parte hartzeko pausuak oso-oso errazak dira:
- Ilgoropil bati argazkia atera, oporretan zauden leku horretan dagoela. Selfie bat baldin bada, askoz hobeto, baina ez baduzu nahi, ez da derrigorra zeu ere argazkian ateratzea.
- Parte hartzaile bakoitzak nahi beste argazki bidal ditzake, beti ere argazki horiek leku ezberdinetan egindakoak badira.
- Argazkia Twitterren argitaratu, #IlgoropilakHorZehar traolarekin. Ez, Facebook taldeko plataformek ez dute balio: ez Facebook bera ezta Instagram ere. Oso garrantzitsua da traola erabiltzea, robot bat jarriko baitut martxan txio guztien jarraipena egiteko.
- Zure txioan, lotura bat jarri behar duzu orri honetara bertara. Errazago gogoratzeko: https://labur.eus/ilgoropilak erabil dezakezu.
- Argazkiak bidaltzeko azken eguna 2020ko irailaren 11 izango da.
- Saria zozketa bidez egokitu zaio parte hartzaileetako bati. Zozketa irailaren 15 inguruan izango da, gutxi gorabehera, iragarriko dut data zehatza.
Saria zure hurrengo bidaian lagunduko dizun peluxezko ilgoropil hau izango da, askoz ere erosoago bidaiatzen lagunduko dizuna.
Ederra, ezta? Ale ba, hasi argazkiak prestatzen!!! Parte hartzeko epea uste baino azkarrago amaituko da eta!