NabarmenakTeknopataren ajeak

O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!  

Espainiako Estatistika Institutua azkena iritsi da telefonoaren bitartez zelatatzen gaituztenen ilarara.
O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!   7 - teknopata.eus

Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INEk) iragarri du hitzarmen bat egin duela hainbat telefonia operadorerekin, operadore horien abonatuen telefonoen mugimenduen jarraipena egin eta horrela, populazio bolumen eta mugimenduen inguruko datuak eskuratzeko. Datu horiek inkesten bidez lortzen zituen INEk orain arte. Baina, Institutuko arduradunek azaldu dutenez, askoz merke eta eraginkorragoa da, inkestak egin ordez, herritarron benetako joan-etorrien jarraipena egitea gure sakelakoen seinaleen bidez.

Eta klaro, klikbeita ez denez youtuberren gauza soilik, Espainian -eta Hego Euskal Herrian- diren eta ez diren komunikabide guztiak zoroen pare hasi dira titular potoloen bila:

O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!   11 - teknopata.eus
“INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu” hainbat bertsio, hizkuntza eta tipografiatan,

Halako titularrekin, nola ez, berehala sortu da egundoko burrunba inguruan. Badakizue, gutxi behar izaten dugu drama bat muntatzeko:

O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!   13 - teknopata.eus
  • INE madarikatua, utz gaitzazue bakean!
  • Hori gure pribatutasunaren aurkakoa da!
  • Orain operadoreek zelatatuko gaituzte datuak INEri emateko!
  • Ez da legala!
  • Badauzkagu gure eskubideak!

Aber, maitiok, ganora apur bat…!

Komunikabide gehienek, eta ondorioz, kaleko lagun asko eta askok ere, honetaz hitz egin dute orain arte gure mugikorrak pribatutasun, intimitate eta isilpekotasunaren adierazle gorenak balira bezala. INEren jokaldia aurkeztu zaigu mugikorrak “zelatatzea” gauza berria balitz bezala. Kontu honetan guztian, ni neu behintzat horrexek asaldatu nau gehien. Gauza asko -eta larriak- uzten dituelako agerian.

Analfabeto funtzionalak gara laino (informatiko) artean

Egunotako komentarioengatik, konturatu naiz jende gehienak ez dakiela -jakin nahi ere ez, sarritan- ezertxo ere, zero, egunero poltsikoan daraman gailuaren funtzionamenduaz. Bizitza laboral eta pertsonalaren zati handi baten epizentro bilakatu zaigu sakelakoa… baina ez dakigu ezertxo ere bere barrunbeetaz. Eta sakelakoek bereganatu duten omnipresentzia kontua hartuta, uste dut zentzuzkoa dela haien funtzionamenduaren oinarri-oinarriak behintzat denok jakitea. Eskolako ‘materia tronkala’ izan beharko luke. Benetan.

Eske orain INEko ezezagun horiek uneoro jakingo dute non nagoen, eta nik ez dut nahi ezezagun batek hori jakitea!!!

Aber: mugikorra mugikor deneino, ezezagun mordo batek badaki -edo jakin dezake- non dagoen telefono bakoitza une bakoitzean. Jakin behar du derrigor, haririk gabeko telefonia sistemak informazio horretan oinarrituta funtzionatzen baitu.

Nola uste duzu posible dela gutako bakoitzari bere deiak bakarrik iristea, eta ez beste telefono guztienak, gailuak ez daudenean elkarrekin fisikoki lotuta? Bada, sakelakoa pizten duzun une beretik, Tartaloren eraztunak bezalaxe, “hemen nago, hemen nago!” dioten seinaleak bidaltzen hasten delako, inguruko telefonia antenek jakin dezaten han dagoela.

O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!   15 - teknopata.eus
Mugikorren eta antenen seinalea erabiliz, oso erraza da sakelako bakoitza une bakoitzean non dagoen jakitea.

Eta, pentsa dezakezun bezala, telefonoek antenetara bidaltzen dituzten seinale horiek ez diote “hemen nago!” bakarrik… gailua bera identifikatzen dute (“hemen nago eta hau da nire IMEI zenbakia”), eta gailuarekin batera, telefono linea, noski: “hemen nago, hau da nire IMEI zenbakia, eta hau da nire linea zenbakia”. Informazio horrekin, telefonia antenak kapazak dira iristen zaizkien deiak behar bezala bideratzeko, eta zure telefonoari (zure IMEI zenbakiari) txirrina jotzeko agindua emateko, zure zenbakiarentzako dei bat jasotzen dutenean.

Hau da: telefonia mugikorra diseinatuta dagoen moduagatik beragatik, sakelakoak ‘adimentsu’ bihurtu eta GPS moduluak eduki aurretik ere, deitu eta SMSak bidaltzeko baino balio ez zuten garaitik ere, telefonia operadoreek uneoro-uneoro jakin dute (eta badakite) abonatu bakoitza non egon den. Nokia 3310 bat erabiltzen badugu ere, sakelakoa etengabe ari da gure posizioaren berri ematen. Bestela ezingo luke funtzionatu.

Eta operadoreek zer egiten dute informazio horrekin? Bota? Ez, ez: gorde egiten dute. Zergatik? Bi arrazoi nagusi daude horretarako:

  • Europako Datu Atxikipenaren inguruko zuzentarauak Europan diharduten telefonia operadore eta internet zerbitzu emale guztian behartu egiten ditu bezeroen jardueraren artxiboa gordetzera. Gutxienez se hilabetez, eta gehienez bi urtez.
  • Eta gainera, operadorek jakin badakitelako lehenago ala geroago, datu multzo erraldoi horiek norbaiti interesatuko zaizkiola. Hau da, badakite lehenago ala geroago, negozioa egin ahal izango dutela datu horiekin, bolumen nahikoa pilatzen badute. Horregatik, eta legez ere behartuta daudelako bezeroen jardunaren inguruko informazioa artxibatzera.
O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!   17 - teknopata.eus
Malte Spitzek bere bizitzaren mapa interaktibo bat egin zuen urratsez urrats, soilik bere telefono operadoreak pilatutako informazioan oinarrituta. (Klik mapa ikusteko)

Honen proba ezagunenetakoa Alemaniako Alderdi Berdeko Malte Spitz-en kasua da. 2009an, Spitzek berari buruz zuen informazio guztia pasatzeko eskatu zion bere telefono operadoreari. Hainbat ezezko jaso eta eipategietara jo ondoren, Spitzek 35.830 lerroko dokumentu bat jaso zuen, azken 6 hilabeteko datuekin, eta infografista bati pasatu zizkion. Operadoreak pilatutako informazioarekin soilik, infografistak mapa xehe batean marraztu ahal izan zuen nondik nora ibilia zen Spitz denbora horretan, zenbat dei egin eta jaso zituen, zenbat denbora eman zuen internetera konektatuta leku bakoitzean, eta abar. Mapa interaktibo hori kontsultagai dago oraindik Zeit Online egunkarian. Eta Spitzek berak TED Talk honetan azaldu zuen bere esperientzia eta ondorioak (ingelesez). Denbora baldin baduzu, Marta Peiranok ere oso ondo azaltzen du beste aurkezpen labur honetan (gazteleraz).

Beraz, ez gaitezen engainatu. Gure telefonoak zelatatzen dituzte, bai, baina aspaldi-aspalditik. Espainiako INE espioien klubera iritsi berria baino ez da.

Soluzio bakarra, telefonoa amatatzea… ahal baduzu, behintzat

Eta zer egin dezakegu etengabeko zelatatze horri izkin egiteko? Ba egia esan, ezer gutxi. Soluzio eraginkor bakarra sakelakoa amatatzea da. Horixe da modu bakarra telefonoak bere kokapenaren berri emateari uzteko.

Badakizu beraz: zelatatzetik libratu nahi baduzu, itzali zure telefonoa! Bueno, ahal baduzu, zeren, bateria (erraz) atera ezin zaizkien smartphoneen munduan… nola jakin dezakegu benetan %100 itzalita geratzen dela itzaltzeko agindua ematen diogunean? Erantzuna erraz bezain aztoragarria da: ezin dugu. Telefonoei bateria erraz kentzen zitzaien garaian, gutxienez huraxe egin genezakeen, benetan itzalita zeudela ziurtatzeko: bateria kendu eta, argindarrik ez badago, ez dago jarduerarik. Baina orain? Itzaltzeko botoiari eman, itxaron pantaila itzali arte… eta horrekin fidatu beste erremediorik ez dugu.

Horrek zer esan nahi du? Telefono guztiak piztuta geratzen direla guk itzaltzeko esaten diegunean, ingurua sistematikoki zelatatzen gu konturatu gabe? Ez, ez du zertan. Baina gerta liteke, eta ez ginateke konturatu ere egingo. Esan nahi du guk gero eta kontrol gutxiago dugula gailuon gainean, eta gailuok, berriz, gero eta handiagoa guregan.

Hainbat ideia solte INEren kontu honen inguruan

Snowdenen elkarrizketa
Klik hemen Snowdenen elkarrizketa ikusteko Youtuben (beste leiho batean irekiko da)

25 minutu baldin baduzue, eta ingelesez ulertzeko apur bat moldatzen bazarete behintzat, Edward Snowden-i egindako elkarrizketa hau ikustea gomendatzen dizut. Hainbat ideia aipatzen ditu bertan, nire ustez erabat lotuta daudenak INEren ‘espioitza masibo’ kasu honekin. Zailtasunik izanez gero, piztu azpitituluak, oso lagungarri suertatu zaizkit niri. Hemen Snowdenek dioenaren laburpen telegrafiko bat, eta nik nola lotze dudan INEren ikerketarekin:

  • Sakelako telefonoek berez ‘zelatatzen’ gaituzte. Telefonia sarearen funtzionamenduaren oinarria da. Horretarako diseinatuta daude, ‘smart’ izan ala ez.
  • Zelatatze hori biderkatu egiten da smartphoneen kasuan. Telefono antenekiko komunikazio oinarrizko horrez gain, smartphoneetan sistema eragilea zein instalatzen dugun aplikazioetako bakoitza etengabe ari da ‘etxera deitzen’, guri buruzko informazioa ematen: non gauden, zer aplikazio erabili dugun, norekin komunikatu garen, nola, zer beste aplikazio daukagun instalatuta…
  • Enpresa handiak erabilera lizentzia kontratuen atzean babesten dira zelatatze hori geuk onartua dela sinistarazteko. Baina ez da egia: ez dugu ezer onartu, ez dugu ezertarako baimenik eman. Gehienetan jakin ere ez dakigu aplikazio bakoitzak zer egiten duen:
    • Alde batetik, erabiltzaile arruntak lagunekin komunikatzeko tresna bat besterik ez du nahi, tresna horiek erabiltzeko derrigor onartu beharreko 600 orriko kontratuak, sarritan erabiltzailearen hizkuntzan ere ez daudenak, tranpa hutsa dira, sarritan legezkoak ote diren ere zalantzan jar liteke. Kontratuok ulertezinak dira batez besteko erabiltzailearentzat. Ia inork ez ditu irakurtzen eta, irakurriz gero ere, ia inork ez ditu ulertzen. Tontoak garelako? Ez. Horretarako propio pentsatuta daudelako.
    • Beste alde batetik, kontratu horiek irakurri eta ulertuta ere, gehienetan alfer-alferrik da onartzea, guztietan egoten baita klausula bat, esanez zerbitzua eskaintzen duen konapiniak edozein unetan alda litzakeela baldintzak aurrez abisatu beharrik gabe. Hori ere ez da legala berez, baina aitzakia perfektua da aplikazio egileentzat.
  • Telefonoak diseinatuta daude gure datuen inguruko transakzioen berri izan ez dezagun. Sakelakoa modu aktiboan erabiltzen ari ez garenean, hortxe izaten dugu mahai gainean, pantaila amatatuta. Psikologikoki diseinatuta daude horrela daudenean pentsa dezagun lozorroan daudela, ezertxo ere egin gabe. Baina aktibitate handia dago pantaila itzalita dagoen bitartean. Telefono zirkuitua bera inguruko antenekin komunikatzen da. Aplikazioak etengabe komunikatzen dira haien zerbitzariekin, guretzako mezurik dagoen ala ez jakiteko, sistema eragilea ere Apple edo/eta Googlerekin komunikatzen da noizean behin funtzionamenduari buruzko estatistikak bidaltzeko edo aplikazioen eguneraketarik ote dagoen jakiteko, Wifi, Bluetooth, NFC eta GPS zirkuituak seinaleak jaso eta bidali dabiltza etengabe… Gauzak oso diferenteak izango litzateke telefonoa eskuan ez dugunean pantaila bat izango bagenu, fondoan gertatzen ari diren informazio truke guztien berri, eta interakzio horiek onartu ala eragozteko aukera emango baligu. Baina ez, informazio hori ez dugu eskuragarri, ezta hautazko aukera moduan ere.
  • Ondorioz harreman erabat asimetrikoa dago gu eta gure gailuen artean. Gailuek egiten dugun guztiaren berri jaso eta ematen diete beste batzuei. Eta guk, ustez jabeak garenok, ez daukagu ideia zipitzik ere telefonoa une bakoitzean zer egiten ari den.
  • Total, bueltan-bueltan, iritsi garela testuinguru batera non, praktikan, jadanik gure datuak ez diren gureak. Trikimailu eta amarru tekniko zein legalak erabiliz, telefonia operadoreek, internet hornitzaileek eta software enpresek eraman gaituzte puntu batera non praktikan zilegi den guri buruzko datuak biltzea gure baimenik gabe (“Ah, eske baldintzak onartu dituzu!”), guk nahi ala nahi ez. Hau da: enpresa hauek negozioa egiten dute guk egiten duguna eta ez duguna beste batzuei kontatzeagatik kobratuz. Eta berdin dio guk kontatzea nahi dugun ala ez.

Hasierara bueltatuz: horixe bera da INEren ikerketa honekin gertatu dena: inkestak egitera dedikatzen zen erakunde publiko batek milioi erdi inguru ordaindu die hiru telefonia operadore pribaturi, bere erabiltzaileen inguruan bildutako informazioa jasotzeko. Gardentasun osoaz jardun beharko lukeen estatistika erakunde publiko batek hainbat operadore pribatuk erdi ezkutuan eta erabiltzaileen onarpenik gabe jasotako datuetan delegatu du bere jarduna, aitzakia tekinko eta ekonomikoak espresuki aipatuz: “eske horrela jasotako datuak fidagarriagoak eta lortzen merkeagoak dira inkesten bidezkoak baino”. Herritarren interesen eta jarduera publikoaren babesa, ya tal.

O, ez! INEk gure mugikorrak zelatatuko ditu!!!   20 - teknopata.eus
INEren komunikatua
Lasai egon! Datu pertsonalizatuak eros genitzakeen, baina ez dugu egin, e?

Eta jokaldi guztia borobiltzeko, animoak apur bat baretzeko, INEk berak ohar ustez lasaigarri bat kaleratu behar izan du. Zer dio oharrak? Bueno, laburbilduz, ez dugula batere kezkatu beharrik: operadoreekin egin duen hitzarmenean (salerosketa jartzea itsusi samarra zen), erabiltzaile kopuruak bakarrik jasoko dituelako. Estatistika Institutuak kopuruak jasoko ditu soilik, datu ‘anonimizatuak’, eta ez norbanako erabiltzaileenak. Gauden lasai: datu pertsonalizatuak eros zitzakeen, baina oraingoz ez du egin. Eskerrak!

  • Zaintza osasuna da | Teknopataren txokoa
    2020(e)ko apirilak 17 at 16:18

    […] inoiz baino xeheago eta disimulurik gabe egiteko. Gogoratzen duzue duela aste gutxi batzuk soilik Espainiako INEren ikerketarekin sortu zen iskanbila? Ikerketa hura huskeria hutsa da gainera datorkigunarekin alderatuta. Zaintza osasuna […]

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.