1997 zen. Internet ezezagun handi bat zen oraindik guretzat. Bo: guretzat eta kristo guztiarentzat. America Online, Geocities, Apple eWorld, posta zerrendak eta halako gune itxiak ziren oraindik erabilienak, baina pixkanaka-pixkanaka lekua egiten hasiak ziren world wide web, ftp eta abar. Hango perspektibatik begiratuta, inor gutxik pentsatuko zuen orduan informazioaren superautopistak bizimodua horrenbeste aldatu behar zigunik.
Etxetik egiten genuenok, telefono linearen bidez konektatzen ginen internetera. 32 edo -oso zorteduna bazinen- 56 kbpsko modem baten bidez. Gaueko 10etatik aurrera, noski, telefono deien tarifikazio murritza ordu horretan hasten baitzen, eta konexioa online pasatzen zenuen denboraren arabera ordaindu behar zelako. Deiaren luzeraren arabera. Konektatuta zeunden bitartean, tia Pakik deitzen bazuen etxera amarekin hitz egiteko, hari linea okupatuaren tonoa irteten zitzaion, eta zuri konexioa eten egiten zitzaizun.
Emailak bidali eta jasotzea ondo pentsatu beharreko gauza zen. Garaiko manual guztietan gomendio bera: lehenengo eta behin, idatzi behar dituzun emailak, gero konektatu zaitez, sartu zure postontzira mezuak jaso eta bidaltzeko, eta itxi berriz konexioa. Horrela konexio denbora -eta dirua!- aurreztuko duzu.
Garai hartan AEKn nenbilen lanean. Egunez, AIZU! aldizkariko erredaktorea nintzen: gauez, Basauriko Bolintxu AEK Euskaltegiko irakasle. AIZU!n -aldizkari gehienetan bezalaxe, Macintosh ordenagailuekin lan egiten genuen. Garai hartan, Macintoshak eta PCak benetan ziren bi dimentsio paralelo. Posta elektronikoa oraindik lau teknopata marjinalen gauza zen, eta kolaboratzaileek disketeetan ekartzen zituzten haien testuak. USB portuak asmatu gabe zeuden, eta Mac eta PC ordenagailuetako disko formatuak erabat ezberdinak -eta bateraezinak- ziren. PC batean idatzitako diskette bat Mac batean irakurri ahal izateko, software berezi bat instalatu behar zen. Urteetan eta urteetan, MacLink Plus deitzen zen software hura bedeinkazioa izan zen mundu osoko erredakzioetan.
Urte pare bat izango zen lanean hasita nengoela, baina askoz lehenagotik nengoen erabat liluratuta Mac ordenagailuekin. Hilabete gutxi ziren nire lehen Mac-a erosi nuela. Macintosh Performa 5320 zuen izena eta, haisuek, makina puska bat zen bere garairako:
- PowerPC 603 prozesagailua, 120 Mhz-ko abiaduraz
- Diskettera eta CD irakurgailua
- Giga 1eko disko gogorra!!! Giga batekoa!!! Lagun batek esan zidan: buah, hori ez duzu sekula santan beteko!
- Dena batean diseinua: ordenagailua eta monitorea (12 hazbetekoa, 640×480 erresoluzioa), kutxa bakar batean, gerora hain famatu egingo ziren iMac haietan bezalaxe. Estereo bozgorailuak eta, eh, kontuz gero, telebista sintonizadorea urrutiko aginte eta guzti!
Makinoi harekin egin nituen nire lehen txangoak sareen sarean. Tartean, nire lehen webgunea, zati batean HTML kodea eskuz pikatuta eta beste zati batean artean Appleren software filiala zen Claris etxeko Homepage izeneko software bat erabiliz. Blogak asmatzeko urte batzuk falta ziren oraindik, eta webguneak oso estatikoak ziren. Pentsa! Orrialde berri bat sortzen zen bakoitzean, menuak, aurkibideak eta halako lotura guztiak eskuz aldatu behar ziren banan banan!!! o.O
Tira, ba kontua da gaur bezalako egun batez, duela 20 urte, eguneratu nuela azkenengoz nire lehen webgunea izan zena: Joxeren webgunea. (Ez, izenarekin ez nintzen gehiegi nekatu). Bi atal nagusi zituen: batetik nire orduko Apple fanboy amorratuaren harrikadak, eta bestetik garaiko AIZU! aldizkariaren laburpen elektroniko bat, paperezko edizioaren aurrerakin gisa. Begiradatxo bat bota nahi badiozue, hemen azpiko leiho honetan ikus dezakezue. Bestela, loturak ere ireki ditzakezue zuzenean, noski, baina ez ahaztu nabigatzaileko leihoa 640x480ko neurri batera murriztea, ze bestela OSO txarto ikusiko duzue guztia!
Handik aste gutxira, webgunea beste formatu batera pasatu nuen, blog batetik hurbilago, eta izena ere aldatu nion: Hamaika Ikusteko. Baina tira, ipuin hori beste egunen batean kontatuko dizuet, e? :-)