Asko hitz egin da eskuko telefonoetaz azken asteotan, hedabideetan ere albiste izan dira behin baino gehiagotan. Baina ez nago oso seguru hizpide izan ditugun gaiak behar bezala enfokatu ote ditugun (edo dizkiguten).
Albisterik sonatuenetakoa, zalantzarik gabe, Samsungek merkatutik erretiratu behar izan duen puntako modeloarena izan da. Bateriaren akats bat tarteko, telefonoak berez hartzen zuen sua. Eta gailuaren diseinuan zein softwarean hori saihesteko aldaketak egin arren, ezin izan dute konpondu. Jabetu orduko, modelo akastun (eta garesti) horren bi milioi eta erdi telefono zeukaten salduta, eta pentsatzen dut oraindik egongo direla horiek guztiak kaletik erretiratzeko lanetan. Eta tira, notizia ofiziala hortxe geratzen da: telefono pilo bat erretiratu beharra, enpresarentzako galerak eta burtsako balioan izan duen beherakada…
Oso ondo, baina, eh, galderatxo bat: nota joango dira 2,5 milioi telefono leherkari horiek, gehi Samsungek biltegietan saltzeko prest izan zitzakeenak? Arazoa ez baita bukatzen sakelako horiek kaletik kentzearekin. Denak elkarrekin pilatuko dituzte, batek su hartu eta besteak ‘kutsatzeko’ arriskuarekin? Desegin egingo dituzte? Eta zer egingo dute bateria horien hondakin hipertoxiko eta -bateria berri-berriak izanda gainera- hiperaktiboekin? Erraz irudika dezakegu hiru milioi telefonok osatutako ‘mendi’ bat, munduko ziberzabortegia bihurtuta dagoen Ghanan, adibidez. Total, ‘mendi’ hark su hartu eta bi aste pasatzen badu ke beltz ezin toxikoagoa botatzen, gu enteratu ere ez gara egingo.
Eta, bestalde, kasu horretaz hitz egin da ezohikoa balitz bezala, baina nahiko da telefonia erabiltzaileen edozein forotan sartzea ikusteko marka eta modelo guztietako telefonoetan gertatzen dela inoiz edo behin bateria batek lehertu, su hartu, edo puxika baten moduan puztu eta gailu guztia apurtzea. Sakelakoen irrati emisioek egin liezagukeen beldurrez bizi da jende asko, baina badute arrisku bat, askoz ere errealagoa: gero eta bateria ahaltsuagoak, gai kimiko hipertoxiko, suharbera edota leherkorrez egindakoak, poltsikoan lasai-lasai daramatzagunak gau eta egun. Askoz arrisku errealagoa iruditzen zait bestea baino, eta oso zarata gutxi entzuten da horren inguruan!