ApliakNabarmenak

Leawo Music Recorder: grabatu ordenagailuko audioa erraz eta azkar

Leawo Music Recorder zure ordenagailuko audioa grabatzeko aplikazio sinple eta eraginkorra da.
Leawo Music Recorder. Mac bertsioaren interfazea.

leawo music recorderBatzuetan beharra -edo gogoa- izaten du batek interneteko audio bat grabatzeko: gure politikari insigneren baten euskarazko adierazpen belarriodoluslea, Saldiasen gorgoritoak…

Halakoetarako, oso ondo etortzen dira ordenagailuko audioa grabatzeko aplikazioak. Bada, egunotan, Leawo software etxe txinatarrekoek mesedez eta faborez eskatu didate haiek horretarako daukaten Music Recorder delako aplikazioa probatzeko. Eta aizue, behin hain urrutiko enpresa batek blog txiki honi erreparatuko eta, nola esango diet ezetz!

Aplikazio hau macOS eta Windows sistema eragileetan erabil daiteke, eta tira, bere izenak esaten duena egiten du: musika, edo ordenagailuko beste edozein soinu, grabatu.

Leawo Music Recorder. Mac bertsioaren interfazea.
Mac bertsioaren interfazeak behintzat garai bateko iTunesen kopia ematen du.
Audio iturria aukeratzeko leihoa
Audio iturria aukeratzeko leihoa

Horretarako, iTunesen estiloko interfaze bat erabili beharko dugu. Ezarpenetan, edo horretarako propio duen botoian, aukeratu audioa ordenagailutik ala kanpoko mikrofono batetik grabatu nahi dugun, eta grabatzeko botoi gorriari ematea baino ez dugu. Aplikazioak ri-rau egingo digu grabazioa eta -antza, nik ez baitut behin ere lortu- audioa aztertuko du, kanta bat izanez gero izenburua, artista eta abarrak identifikatzeko. Youtubera joan, Saldiasen gorgoritoak agertzen diren bideo bat aukeratu eta ttak! Ri-rau izan dezakezu oleroli eder bat, audio formatuan.

Leawo Music Recorder Mac. Scheduling
Grabazioa programatzeko leihoa

Grabazioak eskuz egin ditzakegu, edo bestela programatu ere egin daitezke. Gure gogoko irratsaioa grabatzeko, adibidez, nahiko da irrati katearen online emisioa zabalik utzi, eta Music Recorderri esatea zein ordutan nahi dugun grabazioa hasi eta amaitzea. Etxera itzultzean, hor izango dugu irratsaioa, mp3, m4a edo wav formatuan gordeta, kontsumitzailearen gustura :-)

Eta azkenik, iTunes erabiltzaileentzat, Music Recorderrek beste aukera interesgarri bat ere badu: egindako grabazioekin erreprodukzio zerrendak sortu eta iTunesera esportatzea.

Finean, aplikazio eraginkorra eta erabilerraza audioa grabatzeko. Hori bai: ez da doakoa, 19 dolarreko prezioa du. Beharbada garestitxoa eskaintzen duena eta -batez ere- ez duena kontuan hartuta. Besteak beste, faltan botatzen da grabazioak editatzeko interfaze minimo bat, adibidez. Baina tira, gauza garestiagoetan ere gastatzen dugu dirua!

Leawo Music Recorder
  • Erabilerraztasuna - 85
  • Erabilgarritasuna - 70
  • Grabazioen kalitatea - 90
  • Funtzionamendu orokorra (abiadura, egonkortasuna...) - 90
  • Aukera gehigarriak (edizioa, iTunes esportazioa, formatu kobertsioa...) - 60
  • Prezioa - 55
75

Laburpena

Aplikazio praktiko eta sinplea ordenagailuko audioa zein mikro batena txukun eta erraz grabatzeko. Hori bai, prezioaren truke funtzio estra batzuk izan zitzakeen aukeran: audioak editatzea, adibidez, mozteko baino ez bada ere.

Sending
User Review
0 (0 votes)
Comments Rating 0 (0 reviews)
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sending

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.