Gero eta itxura txarragoa du gauzen internet delakoak. Aurrekoetan kontatu dizuedan bezala, gauza da etxeko gauza guztiak -edo haietako asko, behintzat- elkarrekin konektatzea internet bidez, eta haien artean zein gurekin komunikatzea, horretarako ahalik eta modurik naturalena erabiliz.
Komunikazio natural horretatik datoz azken berri kezkagarriak: jakingo duzuenez, Googlek, nork bestela!, Google Home delako gailu bat aurkeztu berri du. Bere funtzioa, hain zuzen ere, ahoz ematen dizkiogun aginduak eta -oro har- ozen esaten dugun guztia entzutea, inguruan dituen gailu konektatuei aginduak eman edo unean-unean behar dugun informazioa eskaintzeko.
Adibidez, etxean zaudela, halako batean esaten baduzu: “ene, gaur fresko egiten du, bada”, gailuak seinalea bidaliko dio etxeko termostatoari, tenperatura apur bat igotzeko. Edo, galdetzen baduzu: “zer ematen dute gaur telebistan?”, tramankuluak internet bilatu eta ahoz emango dizu telebista programazioaren berri, zeure gustuko saio eta telesailak nabarmenduz.
Ondo, ezta? Bai… ahazten badugu, behintzat, hori posible izateko, Gogle Home horrek mikrofono bat duela, teorian gure etxeko egongelaren erdian jarri behar duguna, esaten dugun guztiari etengabe erreparatzen. Antzeko zerbait gertatzen ari da jadanik telefonoetako Ok Google funtzioari: nahiko da telefonoari esaldi magiko hori esatea, laguntzaile birtuala aktibatu eta ahoz esaten diogunarekin lagundu diezagun. Kontua da, hainbatek frogatu duten bezalaxe, Googlek horretarako zabalik mantendu behar duela etengabe telefonoko mikrofonoa. Eta are gehiago: mikrofonoak entzuten dituenak grabatu egiten dituela. Sistema erabiltzen baduzu, nahiko da Google kontuaren historialera joan, eta han erraz topatuko duzu zure ahots grabazioen bilduma.
Kezkagarriena da honelako pribatutasun urraketak gero eta errazago onartzen ditugula. Duela ez asko, zalaparta handia zabaldu zen sarean, jakin zenean Android eta beste sistema eragile batzuek telefonoen posizioen erregistroa gordetzen zutela. Gaur egun, GPS eta antzeko zerbitzuak erabili ahal izateko sakrifizio txikia iruditzen zaigu. Baietz gutxi barru gauza bera gertatu etxean esaten dena etengabe grabatzen duten gailuekin…