Komeni da bai, gauzak patxadaz egitea, ondo irtetea nahi badugu. Inspirazio bila nenbilela, 2002ko testu bat topatu dut: New Yorkeko dorre bikien aurkako erasoaren osteko paranoian murgilduta, Microsoftek, ezin eskuzabalago, hiritarrak identifikatzeko zerbitzua eskaini zion AEBetako gobernuari, ‘nortasun agiri digital’ bat sortu nahian. Helburua, noski, ustezko segurtasuna: internauta guztiak banan-banan identifikatuta eta kontrolatuta izanez gero, ezinezkoa litzateke gaizkileek sarea erabiltzea haien artean koordinatzeko.
Orduko paranoian murgilduta ere, proposamena larregizkoa iruditu zitzaion bati baino gehiagori. Microsoften azpijokoa ere argiegi geratu zen: internautak identifikatzeko sistema ofiziala berea izanez gero, ez zegoen bermatzerik multinazionalak datu haiek guztiak bere onerako erabiliko ez zituela.
Harez geroztik igaro diren 13 urteek argi utzi dute akats handi bat egin zuela Microsoftek: jende guztia identifikatzeko prozesu hori azkarregi egin nahi izan zuen, kolpe bakar batez. Horregatik ez zuen lortu. Ikusi bestela zer aurkeztu duen Googlek azken egunotan: “About me” deritzon zerbitzua: niri buruz, alegia. Orri pertsonalizatu bat, erakusleiho moduko bat, non bakoitzak aukeratu dezakeen, Googlek pilatuta dituen guztietatik, zein datu pertsonal erakutsi nahi duen publikoki, norberaren bisita txartel digital modura.
Zuhurra izan da Google horretan: urteak eta urteak eman ditu, ustez doakoak diren zerbitzu bikainen truke, gutako bakoitzari buruzko informazio pertsonala atximurka kentzen: orain izen-abizenak, orain bizilekua, orain telefono zenbakia, orain eguneroko joan-etorriak, osasun egoera, erosteko ohiturak, lagunen zerrendak, haiekiko mezu trukeak…
Gainera, gure datuak eskuratzeko bide horretan, pixkanaka-pixkanaka lortu du gu ohitzen joatea, ta garai batean erreparo handia eragiten zigun informazio eskaera, gaur egun natural-natural betetzen dugu, birritan pentsatu gabe. Googlek berak ere batere disimulurik gabe erakusten du zenbat dakien gutaz, zerbitzu berri horrek ondotxo erakusten duenez.
About Me
Hau da Googlek zure bisita txartel birtual gisa erabiltzera bultzatu nahi zaituen orria. Sartu, sartu, eta ikusi zenbat dakien zuri buruz.
Google Kontua
Aurrekoa nahiko beldurgarria iruditu ez bazaizu, hona Googleren panel kontrol nagusia, zuri buruz dakien guzti-guzti-guztia erakutsiko dizuna.
“Nire kontua”: Google kontua kontrolatzeko panel berria
Informazio gehiago Google kontuaren auzi honi buruz, Teknopataren Txokoan bertan ;)
Poliki ta astiro, beti eztiro https://t.co/EiwG2vl5Ey
+1000 Poliki ta astiro, beti eztiro – Teknopataren txokoa https://t.co/rLRS4ISaFw @joxe
RT @jabiluengo: +1000 Poliki ta astiro, beti eztiro – Teknopataren txokoa https://t.co/rLRS4ISaFw @joxe
Pazientzia apur batekin, Googlek lortu du gutako bakoitza identifikatzeko tresna bihurtzea https://t.co/JDeQm6LAfL
RT @joxe: Pazientzia apur batekin, Googlek lortu du gutako bakoitza identifikatzeko tresna bihurtzea https://t.co/JDeQm6LAfL
RT @joxe: Poliki ta astiro, beti eztiro https://t.co/EiwG2vl5Ey