Aspaldi onartutako gaitza nuen teknopatia. Hark eragindako hainbat albo-kalte ere aurreikusita nituen: ikusmen eskasa, karpo-tunelaren sindromea… Baina azken boladan beste ‘gaitz’ bat ere ekarri dit nire teknopatiak, eta ez dakit konponbide errazik ote duen: eskizofrenia!
Bai, bai: eskizofrenia. Pertsonalitate anitza. Interneten gora eta behera saltseatzen nabilenean, adblocker bat erabiliz egiten dut ia beti. Iragarkiak blokeatzea da nire erlijioa, eta Adblock Plus bere profeta: webguneak azkarrago kargatzen dira, nabigazioa ere arinagoa da, eta askoz denbora, klik eta datu kontsumo txikiagoa behar dut nahi dudan informaziora iristeko.
Iazko udan Kanadan egindako eta han-hemenka barreiatutako ikerketa baten arabera, AdBlock softwareak %40ra bitarteko ‘aurrezkia’ ekar dezake interneten nabigatzeko beharrezko datu kontsumoan. Hori iragarkien animazio atorranteek, pop-up lehioek eta abarrek eragin dezaketen estresa albo batera utzita!
Eta ez pentsa kanadiarren ikerketa hau oso muturrekoa denik: martxoan argitaratutako beste batek dio albistegi digitalen kasuan, iragarkiek eragindako datu kontsumoa guztizkoaren %80ra ere iritsi daitekeela. Gauzak horrela, erabiltzaile gisa, ez nau harritzen iragarki blokeatzaileak gero eta estimatuagoak izateak…
Kontua korapilatzen hasten da, baina, batek hedabideen munduan lan egiten duenean. Sustatukoek aurreko batean oso ondo azaldu zuten adblocker hauek zelako kaltea ekar diezaieketen hedabideei, bizirauteko oinarrizkoa duten diru-sarreretako bat ukatuz.
Arazo horren aurrean, konponbideak bilatzen hasi dira hedabide handiak. Soluziorik errazena teknikoa da: iragarki blokeatzaileak atzematen duen softwarea ezartzea agerkarian. Webgunea konturatzen denean erabiltzailea iragarkiak blokeatzen ari dela, bi aukera uzten zaizkio, edukia ikusi nahi baldin badu:
- Arruntena, abisu bat ematea, umil-umil: ‘Aizu, iragarkiak blokeatuz gero, gure eguneroko ogia ukatzen ari zara. Kendu adblockerra, mesedez’. Metodo zalantzagarria izan daiteke, baina uste dut ondo funtziona dezakeela medio txiki eta/edo gertukoen kasuan, erabiltzailearengan nolabaiteko inplikazioa eragiteko gauza diren horietan.
- Momentuz ezohikoa, baina gero eta gehiagotan ikusten dena: edukia erabat ezkutatzea adblockerra desaktibatu ezean. WIRED aldizkari digitalaren adibidea da azken boladan topatu dudan ikusgarrienetako bat. Adblockerra atzemanez gero, webgunea erabat ezkutatuta geratzen da, eta irakurtzen jarraitzeko bi aukera daude:
- WIRED iragarki blokeatzailearen ‘zerrenda zurian’ sartzea, hau da: bertako iragarkiei ‘pasatzen uztea’.
- Astean dolar bat kostatzen den iragarkirik gabeko bertsioaren harpidedun egitea.
Adblocker bat nahi deutsuuut egiiiin … pic.twitter.com/vjNLN6vtrY
— Joxe Rojas (@joxe) 2016(e)ko otsailak 18
Horrek gerr amoduko bat ekarri du: adblockerren kontra, anti-adblockerrak asmatu dituzte hedabideek. Baina internet burugogorra da, eta laster agertu dira anti-anti-adblockerrak. Seguru nago ez dugula asko itxaron beharko, anti-anti-anti-adblockerrak ere ikusteko…
Eta tira, kontu honekin hasten zaizkit, bada, arazo psikologikoak: internauta gisa, eraman ezinak egiten zaizkit iragarki mota batzuk behintzat: pop-up-ak, automatikoki erreproduzitzen diren audio eta bideoak, edukia estaltzen duten kortina erraldoi horiek, sarritan ixteko botoi sakatu ezina dutenak…
Baina bestalde, euskal hedabidetako kide gisa, bestela ere diru-iturri handirik ez duten gure medioentzako aukera bat alferrik galtzea iruditzen zait online publizitateari uko egitea. Are gehiago, datuek behin eta berriz esaten digutenean hedabide digitalen kontsumoa –hots: bisita kopurua eta, harekin batera, iragarki digitalak erakusteko aukerak–, goraka doala etengabe.
Hortxe beraz, dilema, ertz bat baino gehiago dituena gainera: El Correo, El Pais, Wired, The Guardian bezalakoetan, errazagoa egiten zait Adblockerra piztu eta niri erakutsitako iragarkien diru-sarrera ukatzea. Urrun sumatzen ditut, alde batetik; eta gainera, badakit publiko potentzial (eta erreal) OSO handia dutela, eta nire erosotasunaren izenean eragindako kaltea, nolabait, murritzagoa dela.
Baina, ai! Zer egin Argia, Berria, Elhuyar, Sustatu, Zuzeu… edota lankide ditudan TOKIKOMeko toki komunikabide guztien webguneen kasuan? Horiek ez ditut, ez, batere urrun sumatzen… eta gainera badakit publiko potentzial mugatuagoa dutela aurreko multzokoek baino. Nolabait esateko, gutxiago kostatzen zait horietan apur bat astiroago eta datu kontsumo handiagoa eginez nabigatzea, horren truke dirutxo bat ematen ari naizela jakinda.
Are gehiago: paperak gero eta publizitate gutxiago (eta gero eta merkeagoa) erakartzen duela jakinda, luze gabe gerta liteke edizio digitalen oinarri ekonomiko tradizional analogikoak huts egitea. Kasu horretan, ezinezkoa litzateke edizio digitalei dohainik eustea, eta ordainpeko harpidetzak planteatzeko unea etor liteke. Kontu horrekin ere, galdera asko datozkit burura:
- Urteetan ‘internet dohainik da’ mantra erabat barneratu dugun irakurleok, noraino egongo ginateke prest eredu horretatik ordainpeko beste batera pasatzeko? Papera desagertu (edo asko murriztu) eta internet ordainpekoa balitz… zenbat murriztuko litzateke (euskal) prentsaren irakurle kopurua?
- Wired-en kasuan, astean euro bat (hilean lau euro, urtean 48 euro) kopuru asumigarria izan liteke irakurlearentzat. Ni neu prest egon naiteke Berria, Argia eta abarrak irakurtzearen horrenbeste ordaintzeko… Baina esportagarriak al dira kopuru horiek euskal merkatuarentzat? Esan nahi dut: mundu osoan milioika irakurle izan dezakeen Wired-entzat, haietako bakoitzak astean euro bat jarrita nahiko eta sobera izango du bizirauteko. Baina zenbat eskatu beharko litzaioke euskal medio digitalen irakurle bakoitzari, ekarpen horrekin hedabidea bideragarri egin, edo egiteko ekarpen esanguratsua egiteko? ‘Eskagarria’ litzateke beharrezko kopuru hori, ala irakurle potentzialok uxatzeko modukoa? Berriz: irakurle gisa, noraino geundeke prest halako ekarpenak egiteko?
Jopetas, garai batean askoz ere sarrera arin eta dibertigarriagoak idazten nituen hemen!!!
https://twitter.com/joxe/status/717020674066395137
Bannerrak blokeatu ala ez blokeatu, hortxe dilema – Teknopataren txokoa https://t.co/3P9UfJ7Q1M @joxe bidez
Etxuat pitorik be ulertu, baiña eskerrikasko aipuangaittik! ;-)
Zer diozu ba, Oier, txarto idazten dudala?!? GRRRRR!!!
Bannerrak blokeatu ala ez blokeatu, hortxe dilema https://t.co/uVUDHU0oHc
Bannerrak blokeatu ala ez blokeatu, hortxe dilema https://t.co/VlRxVzH31K
Hausnarketa interesgarria, Joxe
Niri ere zalantza ugari sortzen didan kontu bat da, ikuspegi ezberdinetatik begiratuta.
Edonola ere, ezberdindu egingo nituzke “publizitate intrusiboa” edo iruzurtia (tira, iruzurtia bada ez da publizitatea) eta modu “naturalagoan” erakusten dena. Horien artean bereizten duen Adblockerrik edo modukorik balego… Muga non dagoen ezartzea zaila da ordea.
Bestalde, ez dakit ona ala txarra ote den euskarazko prentsak publizitateari “uko” egitea. Batetik, seinale txarra dela esango nuke. “Trafiko gutxi duten seinale?”, galdetzen diot nire barrenari. Trafikoa handia balitz, eginko liokete uko online publizitateari?
Aldi berean, beste finantzaketa modu batzuk izatea/bilatzea oso positiboa iruditzen zait, hala nola harpidetzak edo produktuen salmenta. Esango nuke irakurle/erosleen fideltasun hori euskarazko prentsaren berezko ezaugarri bat dela.
Medioen finantzaketa hiru zutabetan oinarritu izan da: Publizitatea, salmenta/harpidetzak eta produktuen salmenta. Badakit euskarazko prentsak ez duela baldintza berdinetan jokatzen zelai honetan. Eta horregatik ulertzen dut geure prentsak laugarren zutabe bat izatea finantzaketari dagokionean (dirulaguntzak).
Baina euskal prentsa betiko defizitario izate horrek kezkatu egiten nau halabeharrez. Eta publizitateari apenas etekinik ateratzea erakusle arriskutsua izan daitekeela uste dut. Izan ere, gustatu ala ez, gizarte eredu honetan audientzia dagoen tokian baitago publizitatea.
Zer deritzozu?
Eta zuek? Blokeatzen al dituzue interneteko iragarkiak? https://t.co/7jKIvyoVj9
#Adblocker bat erabiltzen dugun bakoitzean, euskal kazetari baten umea gosaritarako gailetarik gabe geratzen da https://t.co/ytMmVzMhJJ 😂
https://t.co/NH3EXL7yuH