Kolaborazioak

Albisteak eta internet: harreman konplikatua

(Aizu! aldizkariaren 401. zenbakian argitaratua)

1887ko 'Escualduna' egunkaria. 129 urtetan ez da asko aldatu, ezta? (Horrelako gehiago hemeroketa.eus webgunean).
1887ko ‘Escualduna’ egunkaria. 129 urtetan ez da asko aldatu, ezta? (Horrelako gehiago hemeroketa.eus webgunean).

Benetan diotsuet: IKTen garapena… eta batez ere haren abiadura infernu hutsa bilakatu dira lehengai nagusi gisa informazioa eta komunikazioa darabilten hedabideentzat. Bi osagai horien moldea, balioa, kontzeptua bera etengabe aldatzen ari da IKTen eraginez, eta baldintza horietan oso zaila da aurreikustea publikoak zer espero duen hedabideetatik.

Pentsatu une batez: inprimatutako lehen egunkariak XVII. mende hasieran ziren. Eta haien oinarrizko kontzeptua, ideia bera, ez da apenas aldatu 500 urtean: paperezko argitalpena, aurreko eguneko albisteak eta haiekin lotutako iritziak jasotzen dituena.

Orain pentsatu agerkari digitaletan. 1990eko hamarkadan sortuko ziren lehenengoak, duela 25 urte eskas. Denbora horretan, hamaika forma eta kontzeptu ezberdin izan dituzte: paperezko bertsioaren hustuketa hutsa, paperezko bertsiotik erabat independenteak, paperik gabekoak, irakurleek idatzitako edukietan oinarritutakoak, eduki multimediaz hornitutakoak, doakoak, ordainpekoak, eredu mistokoak… Eredu bat finkatzen hasten denerako, aldaketa teknologikoek beste hamaikaren sorrera ekartzen dute, eta hilabete batzuk lehenago etorkizuneko apustu garbia zena ezerezean geratzen da egun batetik bestera.

Hori dena, esan bezala, infernu hutsa zen ‘internet’ deitzen dioguna euskarri fisiko bakarra-edo zenean: hots, agerkari digitalak nagusiki pantaila handi samarra duen ordenagailu batetik kontsumitzen zirenean. Gailu mugikorren etorrerak lehengo ziurgabetasun hori txiki utzi du, eta internet bidezko albiste eskaintza berriz ere oso-osorik birpentsatu beharra ekarri du. Web mugikorra ala propio sortutako aplikazioak? Telefonoak eta tabletak bereizi behar dira? Irakurleari jakinarazpenak bidaltzea ona da, ala aspergarria? Eduki mamitsuak papererako utzi behar dira, ala pantailan ere kontsumitzen dira? Eta hori guztia… dohainik? Publizitatea jasatearen truke? Harpidetza bidez? Albiste bakoitzeko ordainduta? Zenbat buruko min!!!

Loturak, estekak, linkak…

Astekaria

Gure inguruan ere badira mugimenduak arazo hau dela eta ez dela. BERRIAk adibidez, telefonorako ‘Astekaria’ aplikazioa aurkeztu berri du. Aplikazioan astero-astero eskaintzen dute egunkariak argitaratutako eduki interesgarrienen bilduma bat, txukun askoa.

Mugikaria

Beste aplikazio interesgarri bat, euskaraz: Mugikaria. Egunero euskarazko medioetan argitaratutako eduki interesgarrienen bilduma automatikoa eskaintzen du, bi ediziotan.

Google AMP

Internet bidezko albisteen formatua hain da gai korapilatsua, non Google bera ere hasi den sistema estandar bat proposatzen, haien banaketa errazteko. AMP deitu diote hainbat egunkari handirekin sortu eta estandar bihurtu nahi duten formatu tekniko berriari.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.