Garai hobeak ezagutu ditu Adoberen Flash teknologiak. Interneteko multimedia edukietarako artxibo formatu estandarra izan nahi zuenak gero eta oztopo handiagoak aurkitu ditu bidean, eta badirudi azken egunotan irtenbiderik gabeko kale estu batean sartu dela. Asko eta asko dira haren heriotza oso hurbil dagoela iragarri dutenak.
Interneteko lehen urteotan, konexioak eta ordenagailuak ere geldoak ziren garaietan, pentsaezina zen webguneetan animazioak, audioa edo bideoa erakustea. Baina konexioak eta makinak bizkortu ahala, horrelako edukiak webguneetan txertatzeko sistema baten beharra haziz joan zen. Kontestu horretan sortu zen Flash: hasieran animazioak eta bideoak konpresio eta kalitate handiz erakusteko pentsatutakoa, eta pixkanaka interakzioa gehitzeko aukera ere txertatuz joan zena: botoiak, kontrolak, mikrofono eta kameraren kontrola… Interneteko multimedia edukietarako estandarra bihurtu nahi zuen Adobek.
Arazoa? Inork ez zuela argi ikusten interneteko estandarra etxe pribatu bateko formatu itxi bat izan behar zenik. Hori, eta formatua garatzen eta konplexutasunean irabazten joan ahala, arazo teknikoak eta, batez ere, segurtasun aldekoak biderkatuz joan zirela. Gailu mugikorren hedapenak ere arazo berriak sortu zituen: Flash berandu iritsi zen horietara, eta arazo oso handiekin: segurtasun arazo handiak, bateriaren kontsumo izugarria…
Gauzak horrela, Steve Jobs zenak hautsak harrotu zituen, 2010ean idatzi zuen gutun ireki batekin. Applek hartua zeukan bere gailu mugikorretan Flash ez exekutatzeko erabaki irmoa, arestian aipatutako arrazoi horiek tarteko: formatu itxia, ordurako alternatiba ireki eta hobeak zituena (h.264 kodifikazioa, adibidez), Flashen fidagarritasun, segurtasun eta performantzia, bateriaren iraupena… eta ukipen interfazetarako egokitzapen eza. Hori gutxi balitz, Adobek nahi zuen programatzaileek Flash bera erabiltzea aplikazioak sortzeko plataforma gisa… eta Applek ez zuen begi onez ikusten bere sistema eta programatzaileen artean beste bitartekari bat egotea. Total, esan eta egin egin zuen: iOS sistemetan ez dago Flash exekutatzeko aukerarik. Horrek Adoberen haserrea ekarri zuen , noski, eta hilabete batzuetan zurrumurruak izan ziren, Adobek ez ote zuen Photoshop eta bestelakoak Mac sistemarako garatzeari uko egingo, presio moduan. Baina ez zen ezer gertatu, eta gauzek haien bidetik jarraitu zuten.
Harez geroztik, Flashek hamaika segurtasun arazo eta urgentziazko eguneraketa izan ditu, baina kolpe larriena duela egun batzuk etorri da, jakin denean Hacking Team espioitza enpresak Flashen hainbat segurtasun errore erabili izan dituela erabiltzaileak zelatatzeko. Esan bezala, ez da Flashen segurtasun arazoez hitz egiten den lehen aldia, eta lehenago ere hainbatetan argitaratu behar izan dituzte urgentziazko eguneraketak, erabiltzaileen pribatutasuna babeste aldera.
Baina badirudi sareko eragile handien pazientzia agortu egin dela azken ‘errore’ honekin, eta azken egunotan hiru izen esanguratsuk behintzat Flashen aurkako neurri gogorrak hartu dituzte:
- Mozilla Fundazioak Firefox nabigatzaileko Flash plugina desgaitu egin du defektuz ‘segurtasun arazoak benetan konpontzen dituen bertsio bat atera arte’.
- Facebookeko segurtasun arduradunak, Alex Stamos-ek ere, eskari ezin argiagoa egin dio Adoberi: garaia da Flashen heriotzaren data zehatza iragarri eta nabigatzaile guztietan egun horretan bertan desgaitzeko
It is time for Adobe to announce the end-of-life date for Flash and to ask the browsers to set killbits on the same day.
— Alex Stamos (@alexstamos) July 12, 2015
- Googlek ere bat egin du mugimendu honekin, eta Flash blokeatu du Chrome nabigatzailean, zaharkituta dagoelako. Ematen du prest daudela berriro gaitzeko, Mozillak bezala, baldin eta Adobek arazoak konpontzen baditu… baina kontua da ordurako enpresa eta norbanako askok erabat galduta izango dutela Flashekiko konfiantza.
Eta, hori dena gutxi balitz, mugimendu bat ere eratu da sarean, Flash formatuaren amaiera azeleratzeko. Occupy Flash webgunean informazio ugari topatuko duzu honetaz, hainbat hizkuntzatan gainera: zer arazo dituen formatuak, zelako alternatibak… Flash zure ordenagailuan instalatuta dagoen ala ez jakiteko tresna ere badute, eta, nahi izanez gero, desinstalatzeko pausuz pausuko jarraibideak ere bai.
Aste horribilis Adobe Flash gaixoarentzat http://t.co/125JAARhav
@joxe Negargarri ibili da, #SF2015 ajeaz.
RT @joxe: Aste horribilis Adobe Flash gaixoarentzat http://t.co/125JAARhav
Adobe Flashen azken hatsa? http://t.co/bjykvMltzV
Aiii, Adobe Flash, agur eta ohore. Iragarritako heriotza? http://t.co/4Lax9vuTef @joxe ren bidez
RT @joxe: Adobe Flashen azken hatsa? http://t.co/bjykvMltzV
Adobe Flash, agur eta ohore | Teknopataren txokoa http://t.co/IFK8NkZs4U via @joxe
RT @Bergaratik: Adobe Flash, agur eta ohore | Teknopataren txokoa http://t.co/IFK8NkZs4U via @joxe