ApliakNabarmenak

Agur eta ohore, Yahoo! Pipes

Yahook! hainbat eta hainbat zerbitzu itxi behar dituela iragarri du, tartean Yahoo! Pipes delakoa. Oso-oso ezaguna ez izan arren, albiste txarra da benetan.
Yahoo Pipes pantaila bat

yahoo_logo_detailDuela egun batzuk, ekainaren 4an, Yahoo!-k iragarri zuen hainbat zerbitzu itxiko dituela laster: Yahoo! Maps, Espainiako Yahoo! Movies, Frantziako Yahoo! Music, Yahoo! Mail eta Yahoo! Contacts sinkronizatzeko euskarria Mac eta iPhone zaharretan… Badakizue: internet asko aldatu dela Yahoo! sortu zenetik, eta harekin batera multinazionalaren negozioa ere eraldatu dela, eta zerbitzu batzuk itxi behar dituztela benetan zentralak diren horietan indarra jarri ahal izateko.

pipeslogo_whitebgEta likidatu beharrekoen zerrenda ixten, garrantzia kenduz bezala, oso ezaguna ez izan arren, sekulakoa den (zen!) zerbitzu bat ere agertzen da: Yahoo! Pipes. Labur eta azkar esanda: internet osoan parekorik ez duen datuak automatikoki hustu. ustiatu eta berregituratzeko zerbitzua. Lehengoan aipatu nizuen IFTTTren amona izan daitekeena, eta hura baino askoz ere malgu eta ahaltsuagoa.

Pipes?

Yahoo Pipes pantaila bat
Uste dut tututxo urdin horiek direla zerbitzuari izena eman ziotenak

Bai, Pipes: tutuak, ingelesez. Izan ere, zerbitzuak hainbat tresna eskaintzen zuen nahi beste webguneren edukia aztertu, erauzi eta berriz ere nahasteko, erabiltzailearen gogo eta beharraren arabera. Datu horien joan etorria pantailan agertzen ziren tutu batzuen bidez bideratu behar zen, eta horregatik, diot nik, Pipes izena. Honela deskribatu zigun Teketen lagunak, zerbitzua deskubritu zuenean, 2009ko irailean.

Adibidez: TOKIKOM, toki komunikabideen bateragunean, 20 bat webguneren titularrak jasotzen ditugu/genituen Pipes bidez, RSS jario bakar (eta ordenatu) batera ekartzeko. Hartu Anboto.org, Kronika.eus, Uriola.eus, Goiena.eus, Guaixe.eus, Baleike.eus, erlotelebista.eus… eta abarren RSS jarioak, hartu albisteen titularrak banan-banan, jarri bakoitzari hasieran dagokion eskualdearen izena, multzo guztia berrienetik zaharrenera ordenatu, eta horrekin RSS jario berri bat sortzen dugu, TOKIKOM webguneko titularrak eta Twitter kontuko albisteak ere elikatzen dituena. Jatorrizko webguneetan aldaketak dauden bakoitzean, noski, RSS hori automatikoki eguneratzen da.

tokikom.eus pantaila
TOKIKOM.eus webguneko titularrak Yahoo Pipes bidez sortzen dira.

Hori dena (eta askoz ere gehiago!) modulutxoak ezarriz eta elkarrekin konektatuz egin zitekeen, programazioaz ideiarik ere izan gabe. Yahoo!k itxiera iragarri zuenetik, lan bera egingo duen zerbitzu baten bila ibili naiz jo ta fuego, baina ez dut ezertxo ere aurkitu. (Bo, IFTTT errezeta konbinazio bat probatzea pentsatzen nabil, ea horrek zer ematen duen…). Ez naiz bakarra e? Han-hemenka jende piloa dabil hainbat foro eta sare sozialetan, pareko tresnarik topatu ezinda.

Hiru gogoeta, Pipes-en itxieraren aurrean

BAGA.- Orain Pipes, eta hura baino lehen Google Reader ere itxi izanak oso argi islatzen dute nolako internet ari garen atzean uzten, eta nolakoa dugun zain etorkizunean. Agur RSSei, formatu irekiei, informazio jarioak nahi erara moldatu eta berreraikitzeari. Kaixo formatu itxiak, informazio kanal kontrolatuak, formatu bateraezinak… Gauzak ez du, ez, itxura onik.

BIGA.- Doakotasunaren arriskuak. Big Data-ren garaian, doako zerbitzuak amu ezin hobea dira publiko masa handiak erakartzeko. Doako zerbitzu horietako batzuk, gainera, oinarri-oinarrizkoak egin zaizkigu, egunerokotasunerako ia-ia ezinbestekoak. Eta ahaztuta daukagu dohainik eman dizkiguten bezalaxe, kendu ere dohainik ken diezazkiguketela edozein unetan. Hor daude Google Reader eta Google News adibidez… baina pentsa zer izan litekeen egun batean Googlek erabakitzea Gmail, Contacts edo Maps zerbitzuei atera ziezaiekeen guztia atera diela. Dagoeneko ez direla errentagarriak, edo lehentasuna beste nonbait dutela, edo e-mailaren ordez beste ez dakit zer komunikazio molde erabiltzera bultzatu nahi gaituztela…

Txera handia diot Flickr zaharrari, baina ez dakit askoz gehiago aguantatuko ote duen gure artean...
Txera handia diot Flickr zaharrari, baina ez dakit askoz gehiago aguantatuko ote duen gure artean…

HIGA.- Zer nahi duzue esatea, pena apur bat ere ematen dit Yahook. Lehentasunen birdefinizioaren kontuarekin disimulatzen saiatu arren, zerbitzu multzo handiak ixten ibili behar izatea ez da seinale ona. Gero eta zirrikitu gutxiago geratzen zaizkio Googlerekin lehiatzeko. Eta, lehengo eguneko doako Google Photosen aurkezpenarekin, garai batean jaun eta jabe zen Flickr argazki zerbitzuak ere gero eta etorkizun gordinagoa dauka. Nik han ditudan argazkien segurtasun kopia egin behar dut laster, badaezpada ere…

2 iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.