NabarmenakTrepetak

Laborgzomorroak erreskatera!!!

Texaseko Unibertsitate batean sistema bat garatu dute, labezomorroen burmuina kontrolatuz erreskate lanetarako erabiltzeko.
Laborgzomorroak erreskatera!!! 7 - teknopata.eus

Labezomorroak. Izaki higuingarri horiek… Inoiz hondamendi nuklearrik izanez gero, haiek izango omen dira bizirik iraun eta Lurra menderatuko duten hurrenak…

54-365 Cockroach
Kaixo, gizaki hori! Zure oinordekoa naizenez, afaltzera gonbidatuko nauzu, ezta? (Argazkia: arcadius@flickr)

Jum, baina egon, egon… labezomorroak hain ugariak eta hain iraunkorrak izanda… ez al dago gizakion probetxurako erabili eta etekina ateratzeko modurik? Hekatonbea datorren bitartean gutxienez!

Motxilaren pisua 3 gramokoa baino ez den arren, ez dirudi animaliarentzat erosoegia denik...
Motxilaren pisua 3 gramokoa baino ez den arren, ez dirudi animaliarentzat erosoegia denik…

Bada, bai: Texas AM University-ko ikertalde batek labezomorroak distantziatik kontrolatu eta norberak nahi duen lekura bidaltzeko sistema bat asmatu du. Motxila moduko bat da, zomorroari bizkarrean itsatsi behar zaiona. Bertan bateria txiki bat, mikrokontroladorea, irrati hargailua eta bi hari mehe-mehe, labezomorroaren buruan txertatu behar diren elektrodo banari lotuak, bere neuronak kontrolatzeko.

Labezomorro motxiladunek egindako esperimentuen %60an ondo ‘funtzonatzen’ dute, urrutiko aginduei espero bezala erantzunez. Hori bai: agindu horiek sinpleak dira momentuz: “ezkerrera” eta “eskumara”. Zientzialariek ez dute modurik aurkitu labezomorroei gelditzeko edo martxan jartzeko agindurik emateko, ezta astiroago ala azkarrago joateko ere.

Baina ez pentsa motxilaren kontu hau sadismo edo mendeku hutsa denik e? Helburu praktiko bat ere badu: ikertzaileen azken helburua da ordenagailuz kontrolatutako labezomorro eskuadroiak osatzea, eta horiek erabiltzea, adibidez, lurrikaren ostean, hondakinen artean harrapatutako biktimak aurkitzeko. Horretarako, motxiletan mikrofonoak eta kamerak ere txertatzea da asmoa, zomorrotxoak espioi lanetan bidali ahal izateko. Lurrikaretan ez ezik, horrelako labezomorro taldeak erraz erabil litezke Fukushima edo Txernobilgo zentral nuklear hondatuetan ere, haien egoera aztertzeko gizakirik edo robot garesti eta sofistikatuagorik sakrifikatu beharrik gabe.

Ideia ona da, zalantzarik gabe, baina beheko bideoa ikusi eta ezin hozkirria ekidin: nola sentituko da labezomorro gaixoa kontrolatzaileak bueltaka ibiltzera behartzen duenean? ETa nola sentitu liteke bat, lurrikara baten hondakinen artean harrapatuta, halako batean labezomorro nazkagarri mordo bat bere gainetik pasatzen igartzean?

https://www.youtube.com/watch?v=UG7dSejppgc

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.