Teknopataren ajeak

Wi-Fia, 1900eko asmakizuna

Wi-Fia eta horrelako asmakizunak gaur-gaurkoak direlakoan bizi gara gehienok. Baina, ai! Uste baino kontu zaharrunagoak dira!
Wi-Fia, 1900eko asmakizuna 7 - teknopata.eus

Gauzak zer diren gero: edonori galdetuta, berehala esango luke teknopatia, teknologiarekiko lilura eta miresmena, oso kontu modernoa dela. Lehen askoz ere bizimodu sanoagoa generamala, eta bakoitza bizi gaituen zoro hori teknologiatik oso urruti ibiltzen zela.

Nikola Tesla, lehen bonbilletako batekin
Nikola Tesla, lehen bonbilletako batekin

Baina ai, halako batean interneten batetik bestera saltoka hasi (zenbat da ez duzuela ‘hipertestu’ hitza ikusi edo entzun? Eta ‘informazioaren super-autopista’?), ezustean konturatzen zara teknopatia oso-oso gauza zaharrunoa dela. Eta aspaldiko teknopata horiei bere garaian bide emanez gero, gaur egun bizi garen mundua oso ezberdina izango litzatekeela. Ikusi:

New Yorken dagoen negozio gizon batek posible izango du aginduak diktatu eta berehala jasotzea idatziz Londreseko, edo munduko beste edozein txokotako bulegoan. Bere mahaitik deitu eta planetako beste edozein lekutan dagoen beste telefono batekin hitz egin, oraingo gailuetan aldaketarik egin gabe. Gailu merke batek, erloju bat baino txikiagoak, aukera emango dio eramaleari nonahi dagoela, lurzoruan zein itsasoan, harengandik urrun dagoen edonon idatzitako musika edo kantuak, buruzagi politiko baten diskurtsoa edo dena delakoa entzuteko.

Ez, ez da Steve Jobs gaztetan, ezta Bill Gates edo Android garatzaileren bat. Goiko testua Nikola Tesla asmatzaile kroatarenak dira. 1908an idatzi zituen“The Future of the Wireless Art”  izeneko artikulu batean, Wireless Telegraphy and Telephony aldizkarian. Hari bidezko argindarra oraindik asmakizun iraultzaile eta iritsi berria zelarik, Tesla haririk gabeko komunikazio eta argindar garraioaz pentsatzen ari zen jadanik. Teslak uste zuen (uste bakarrik ez, demostratu ere egin zuen!) posible zela Lurraren konduktibitatea aprobetxatzea, bi punturen arteko karga elektriko diferentziak probokatu eta horrela, energia sortu eta garraiatzeko. Munduko edozein puntutan lurraren karga elektrikoan gorabeherak sortzeko kapaza den kondentsadore bat ezarriz gero, frekuentzia jakin batean lanean, nahikoa litzateke beste edozein puntutan frekuentzia berdina duen beste kondentsadore bat jartzea, tentsio elektrikoa sortu eta aprobetxatu ahal izateko.

Wardenclyffe dorrea

Sistema hori erabiliz, informazioa garraia zitekeen -gaur egun Wi-Fi teknologiaz egiten dugun bezala- baina ez hori soilik: argindarra sortu eta haririk gabe garraiatzeko ere balio zuen Teslaren asmakizunak, munduko punta batetik bestera eta oso kostu txikiarekin. Tesla jabe zen halako teknologia batek mundua goitik behera aldatzeko ahalmena izan zezakeela.

Tesla Broadcast Tower 1904
Tesla dorrea 1904an,  via Wikimedia Commons.

Horrela, 1900ean, eta JP Morgan bankariak utzitako 150.000$ poltsikoan, Teslak Wardenclyffe dorrea diseinatu eta eraikitzeari ekin zion New Yorketik gertu. Dorrea (gerora Tesla dorrea ere deitu zaiona) Atlantikoan zeharreko haririk gabeko telefonia sistema baten oinarria zen eta, bukatu ondoren, argindarra haririk gabe garraiatzeko teknologiaren lehen probak egiteko ere erabili nahi zuen Teslak. Zoritxarrez, eraikuntza lanak hasi ondoren, sistemaren konplexutasun teknikoak asko garestitu zuten egitasmoa. Tesla dirurik gabe geratu zen 1903an eta, finantziazio eske atera zenean, arazo handi birekin egin zuen topo: batetik finantza krisi sakona (hein handi baten JP Morganen erruz gertatu zena, Teslak berak batere lotsarik gabe gogorarazi zionez), eta bestetik Marconiren lehen esperimentuek -Teslarenak baino askoz ere merkagoak- piztu zuten arreta, inbertsoreena barne. Gainera, 1905ean Teslak argindar alternoarekin lotuta zituen hainbat patente iraungi ziren, diru-iturri propioa nolabait sikatuz. 1907rako, Teslak dorreko langileak kaleratu behar izan zituen, eta 1908an erabat itxi instalazioak. 1917an, Estatu Batuetako gobernuak dorrearen egitura metalikoa dinamitaz eraitsi zuen, Alemaniako urpeko ontziek erreferentzia gisa erabiliko ote zuten beldur. Eraikina AGFA argazkilaritza enpresari saldu zitzaion gerora… eta halaxe bukatu zen energia eta informazioa ozeanoan zehar haririk gabe garraiatzeko ametsa. Tesla gaixoak sekulako depresioa hartu zuen dorrearen auziaren ondorioz. Lehenagotik ere nahiko jota ibili omen zen, 1895ean sute batek New York hirian zuen laborategiko materiala, ohar eta dokumentazio guztia ere suntsitu ondoren.

Mundua eraldatzeko ahalmena

Teslak oso asmakizun  garrantzitsuak utzi zizkigun, eguneroko bizimoduan etengabe erabiltzen ditugunak: argindar alternoa, motore eta sorgailu elektrikoak (besteak beste, zentral hidroelektrikoak posible egiten dituztenak), lanpara fluoreszenteak, irratia bera (meritua Marconiri egozten bazaio ere), urruneko kontrola… Baina berak ere jasoa du bere autobiografian, seguruena energiaren haririk gabeko transmisioa izan zitekeela ondoko belaunaldientzako ondarerik garrantzitsuena. Eta bai, kontuaz apur bat irakurriz gero, halako galera sentsazioarekin geratzen da bat. Teknologia hori baztertu beharrean, ikertzen jarraitu izan balitz, nolakoa izango litzateke mundua gaur egun? Ze ondorio izango zituzkeen argindarra haririk gabe garraiatzeko teknologia garatu eta hedatu izanak? Bateriarik gabeko mugikorrak izango genituzke beharbada… edo agian ez genuke mugikorrik batere izango, uhin elektromagnetikoak beste nolabait erabiliko genituzkeelako… Beharbada guztiz ezberdina izango litzateke irrati eta telebistarekin lotutako teknologia, ordenagailuak… Bo, horra udako siesta ordu luze horietan buruari eragiteko gaia. Ez horregatik!

 

Gehiago jakiteko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.