Aspalditxo pasatu da urteroko CES 2014 kontsumoko elektronika azoka, baina badakizue zer fijazio dudan errobotekin, eta ezin aipatu gabe han aurkeztu diren tramankulu batzuk.
Badirudi Roomba aspiragailu elektronikoak ireki duela bidea beste batzuk ere etxerako otsein elektronikoen merkatuan sudurra sartzeko, eta niri neuri arreta eman didaten hiru adibide ekarri nahi dizkizuet gaurkoan.
Winbot: Roomba bertikala
Lehenengoa, erraz uler dezazuen, ‘garbiketa bertikalak’ egiteko Roomba baten modukoa dela esan genezake. Winbot du izena, eta kristalak garbitzeko errobota da. Roombaren gurpilen ordez, Winbotak beldar-kate txikiak ditu; eta aspiragailuaren ordez, indar handiko xurgatze bentosak, 17 kilo arteko pisuari ere eutsi ahal diotenak. Azkenik, WInbotak segurtasun kordoi bat ere badakar, pisuetako leihoak garbitzean istripurik gertatuz gero zorura ez jausteko. Opari bat egin nahi badidazue… egundoko izerdiak botatzen ditut egongelako leihotzarra garbitzeko!!! Estatu Batuetan webgunetik zuzenean saltzen dute, 400 dolarren truke (295 euro, gutxi gorabehera). Europan laster jarri behar omen dute salgai.
http://www.youtube.com/watch?v=4aPKpo0IQKo
Famibot: Hemen da R2-D2
Winbot sortu duen enpresak, ECOVACS izenekoak (es) (fr), baditu beste hainbat gutizia, zein baino zein erakargarriago. Beste bat nabarmentzearren, honako hau duzue Famibot, etxean gora eta behera ibil daitekeen errobot txikia, lehen bistadizoan R2-D2en anaia txikia ematen duena.
Txikitxo honek etxeko airea garbitzeaz gain, entxufeak ere kontrola ditzake, musika jarri, bideokonferentziak egin, eta jabeari telefonoz deitu etxean ezustekorik gertatuz gero (ezezagunen bat sartu, sua edo kea sumatu…)
Budgee: erosketa gurditxo adimentsua
Erakutsi nahi dizuedan azken errobota Kickstarter crowdfunding plataforman aurkeztu (eta porrot egindako) proiektua da. Budgee du izena, eta edadeko jendearentzako laguntzailea izan nahi du. Funtzionamendua sinplea da: oinarrian, jabeak aldean eraman behar duen urrutiko aginte bati jarraitzen dio gurditxoak, aldean 23 kilo bitartean garraia dezakeela. Behar izanez gero, errobota sakelako telefonotik gidatzeko aukera ere badago.
Nonbait, ideia ez da oso arrakastatsua izan. Proiektua finantzatzeko behar ziren 100.000 dolarretatik, 18.767 baino ez ditu lortu. Pena, ezta?
Información Bitacoras.com
Valora en Bitacoras.com: Aspalditxo pasatu da urteroko CES 2014 kontsumoko elektronika azoka, baina badakizue zer fijazio dudan errobotekin, eta ezin aipatu gabe han aurkeztu diren tramankulu batzuk. Badirudi Roomba aspiragailu elektronikoak ireki du..…