Trepetak

Tactus: errealak bihurtzen diren teklatu birtualak

Tactus: errealak bihurtzen diren teklatu birtualak 1 - teknopata.eus
Ai, Palm! Zergatik abandonatu gintuzun!?!

iPhonek ekarri dituen aldaketa nabarmenetako bat teklatu birtualen hedapena izan da. Teklatu fisikoak anekdota bihurtu dira telefono aurreratuen munduan, eta zer esanik ez tabletenean… eta ez dakit zuek nola moldatuko zareten telefonoaren kristal lauaren gainean tekleatzen… baina nik neuk aitortu behar dut ez naizela batere trebea eta, sinestuidazue… *OSO* frustrantea da zeozer presaka apuntatu nahi eta tekla birtualekin asmatu ezinik ibiltzea!

Bada, torpeon frustrazio hori bukatzeko zorian egon liteke, Tactus izeneko enpresa estatubatuar batek aurkeztu duen prototipoak aurrera eginez gero. Teoria erraza da: ukimen pantaila arrunt baten gainean, ‘mikfrofluido’ batez beteta dagoen xafla mehe-mehe bat ezarri dute. Fluido hori olio berezi bat da, argindarraren presentzian puztu egiten dena. Horrela, erraz-erraz lortzen da orain arte pantailan marrazkia besterik ez ziren tekla birtualek bolumena hartzea hala behar denean, eta behin erabili ondoren berriz ere desagertzea. Askoz errazago ulertuko duzue bideo hau ikusita. (Ingelesezko azalpenak ulertu ezean ere, ‘demo’a ikusita oso ondo ulertzen da ideia:

Ikusten? Teklatua behar dugunean, pantaila ‘puztu’ egiten da teklei bolumena emateko, eta behar ez dugunean, pantaila lau-laua geratzen da berriz. Egileen arabera, teknologia hau edozein tamainako pantailatan aplikatu daiteke, telefonoetatik hasi eta telebistetaraino, eta sortzen diren bolumenak nahi den formakoak izan daitezke.

Energia kontsumoaren aldetik ere sistema oso eraginkorra ei da. Egileek azaldu dutenez, teklek segundu bat edo bi behar dituzte bolumena hartzeko, eta -tinta elektronikoarekin gertatzen den bezala- behin forma hartuta, ez dute aparteko energia kontsumorik. Sakelako estandar batean, sistemak bateriaren %2 inguru jango luke egun oso batez funtzionatzeko.

Aukera ederra torpeontzako, baina batez ere ikusmen arazoak dituzten lagunentzat, ezta? Esan nahi dut: teknologia hori erabiliz asko merketuko lirateke gaur egun hain konplexu eta garestiak diren itsuentzako interfazeak. Tactuseko arduradunek azaldu dutenez, begiz jota duten merkatu potentzial handia automobilena da. Gero eta ohikoagoak dira ukimen pantailak kotxeetan, eta horietan asko eskertuko litzateke botoiak ukimenaren bidez identifikatu ahal izatea.

[via: theverge]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.