Aupa koadrilla!
Konturatu gabe pasa zaigu astea, eta azken galderaren erantzuna emateko unea ere bai!
Aitortu behar dut hankasartze handia egin nuela galdera planteatzerakoan. Erratu egin nintzen, eta ulertu nuen Lego: Pirates of the Caribbean jokoa SONYren kontsoletan soilik joka zitekeela. Baina zuotako batzuek abisua eman ostean, ikusi nuen hainbat plataformatarako dagoela, eta beraz galdera apur bat moldatu behar izan nuen atzo denok ez zoratzeko.
Hori esanda, Sony etxearen PlayStation 3 da momentuz Blu Ray irakurgailua duen bakarra. Sonyren lehen kontsola Playstation izan zen, 1995ean kaleratu zuena. Urte horretan, berriz Bilboko Kafe Antzokiaren inaugurazioa izan zen.
Bigarren aukera
Hasieratik buruan izan dudan ideia aste osoan parte hartu eta akats BAT egin duzuenoi bigarren aukera ematea izan da. Bigarren aukera horretan parte hartu dezakezuenok, beraz, hauek zarete:
- agonirena
- haritz1982
- makilakixki
Zer egin behar duzuen? Bada, aurrekoen antzeko galderatxo bati erantzun. Horra:
2009an, Bilboko Kafe Antzokiari 2.000 euroko isuna eta hilabeteko itxialdia ezarri zion Udalak aurreko urtean antolatutako kontzertu batean Antzokiak baimenduta zuen ikusle kopurua bikoiztu omen zuelako.
Kontzertu hura eman zuen taldea sortu zen urtean, Estatu Batuetako telebista batek bideojoko sail bateko pertsonaia protagonistatzat zuen telesaila estreinatu zuen. Telesail horrek bi denboraldi eta 26 kapitulu izan zituen. Telesailaren protagonistari ahotsa eman zion aktorea oso ezaguna egin zen 90eko hamarkadaren bukaeran sitcom batean egin zuen pertsonai bitxia zela eta. Nola zuen izena pertsonai hark?
Beti bezala, 24 ordu dituzue intresatuok erantzuteko. Erantzun zuzenak jasota, behin betiko zerrenda osatu eta zozketa prestatuko dut.
Zozketa streaming bidez
Zozketa streaming bidez ikusi ahal izango duzue zuzenean, blogean bertan. Astelehenean izango da, gaueko 10:30etatik aurrera. Zailtasun tekniko pare bat konpontea lortzen badut, zuzenean parte hartzeko aukera ere izango duzue. (Hori ez dut oso konbentzituta esaten, e? Eguraldi ona egingo digula ematen du, eta ez dut asteburua esperimentuak egiten pasatu nahi!).
Bainabainabaina, zer da hau bigarren aukera ala zigorra???? :P
Beno, azkenean ez da hain zaila izan, eta sorpresatxoa zuen gainera. Ederki pasatu dut erantzuna bilatzen.