Shock egoeran utzi ninduen albistea irakurri nuen aurrekoan. Estatu Batuetako Universal Pictures film ekoizle handiak ‘Asteroids’ bideojokoaren eskubideak erosi omen ditu… zinemara egokitzeko. Zinemara! Asteroids! o.O
Jolasa ezagutzen (edo gogoratzen) ez duzuenontzat, zuri-beltzezko bideojokoen garaikoa da, Pong eta horien garaikidea: pantaila beltzak espazioa irudikatzen du, eta haren erdian triangelutxo bat dago, alboetarantz eta aurrera zein atzera mugi daitekeena. Espazio-ontzia da delako triangelu hori, jokalariak kontrolatu behar duena, eta haren inguruan alde batetik bestera mugitzen diren ‘asteroideak’ eta bestelako oztopo mugikorrak agertzen dira, gero eta azkarrago. Haiekin talkarik egin gabe ahal beste irautea da jolasaren helburua, oztopoak ‘laser izpiak’ erabiliz suntsituz. Akaso ondoko pantailazoa ikusita gogoratuko duzue.
Bueno, ba ‘trama argumental’ horretan oinarrituta, ondoko istorioa sortu du filma diseinatzeko enkargua eman dioten Lorenzo Bonaventura produktoreak (Doom, Constantine, Transformers, G. I. Joe): “Mitologia sendo eta sakona garatu dugu kasu honetarako. Bi pertsonaia nagusiak izango dira oinarria: bi anaia. Bizi-esperientzia bat izango dute, eta haren ondorioz espazioa den eszenario erraldoi eta erasokor horrekiko duten harremana birplanteatu egingo dute”. To eta no.
Baina hori ez da dena. Aurreko azalpenarekin nahikoa ez duzuen eszeptikoentzat, hona askoz argigarriagoa den beste bat: “Asteroids-en munduak hasiera-hasieratik erakarri egin nau. Laua da, sinplea, nire ustez, finean esan nahi diguna da han, espazioan, zerbait handi eta arriskutsua dagoela. Hori bai, hitz ematen dut, jatorrizko jolasaren omenez, gauzak tiroka errementatzen dituzten morroiak ere ez direla faltako”.
Total, izen ezagun bat behar zutela B serieko zientzia fikziozko beste pelikula bat egiteko, eta aurkitu egin dutela. Nik honi deitzen diot benetako “zinema terrorifikoa”. Txarrena da, traza guztien arabera, Asteroidsen zinemaratzeak zerikusi zuzena omen duela fan talde batek sortutako Tetris:The Movie-ren sorrerarekin.
Enpin, Asteroidsen nostalgikoentzako, oparitxo bat utzi dizuet ‘Gehiago…’ loturaren ostean. On egin!
Erabili norabide teklak ontzia alboetarantz biratzeko, eta gorako eta beherako geziak ontzia aurrera edo atzera bultzatzeko (kontuz: espazioan ez dago frikziorik!). Hutsune barrari sakatuz, laser izpiak jaurtiko dituzu. Ondo pasa!
Podcast: Play in new window | Download (0.0KB)
Harpidetu! RSS
Portzierto, ez da egunotako film tekno-nostalgiko bakarra. TRON mitikoaren bigarren oartea ere datorren urtean dator, Tron Legacy izenburuarekin, eta, nola ez 3D efektu txundigarriekin (hots: 12 euroko sarrera).
Originala ikusi beharko dut, oker ez banago nahiko mierder iruditu zait saiatu naizen bakoitzean :P
Asteroids? Tetris? Ze kontxo demontre da hau? Zineman sosik ez xahutzeko arrazoi gehiago eman nahi al digute? Eta Joxe, Tron eta mierder hitzak perpaus berean jartzea sakrilejioa da. Kultu filmeak ezin dira kritikatu, txar baino okerragoak izan arren, geek komunitatearen haserrea sufritu nahi ez baduzu behintzat ;-)