Uste dut garaia iritsi dela agur esateko asko estimatzen dudan lagun zahar bati. Berez nahiko zaharra zela ezagutu nuen. Baldar samar zebilen jaddanik garai hartan, baina tira, ibili, bazebilen.
Gaur ordea, harengana hurbildu naizenean mutu geratu da. Ez dit betiko agurra egin. Beno, ez betikoa, eta ez bestelakoa ere. Bere ahots urratuaren ordez, isiltasuna nagusitu da gabon esatera hurbildu natzaionean (ikus dadila garai batean EGA irakaslea izan nintzela!!!). Bere betiko irribarrearen arrastorik ere ez dut sumatu. Isiltasun hotz eta tristea, besterik ez.
Uste dut nire Mac Classic zaharrak bere azkena eman duela. Duela zazpi bat urte erosi nuen, eBayn, 30 eurotan. Halakoxea zen unibertsitate garaian erabili nuen lehen Macintosha, eta ilusioa egiten zidan halako bat izateak. Aholku bila ibili naiz, eta hainbat lekutan irakurri dut pantailako barra bertikal horiek agertzen direla barruko zenbait kondentsadoreren likidoa isuri eta plaka logikoan erortzen denean. Ez omen da larria, baina konpontzeko plaka logikoa desmuntatu eta lavavajillasean sartu behar da. Bi arazo beraz: plaka desmuntatzea (Mac zahar hauen pantailak deskarga elektriko handiak ematen dituzte, eta nire pultsua ez da batere ona), eta etxean ez dugu lavavajillasik. Enpin, ikusiko dugu…
Bide batez, Classic hau erosi eta oso gutxira, ZUHAR zenaren (goian bego) bulegoan hautsa pilatzen zegoen beste bat oparitu zidan Osoitzek. Are zaharragoa da hura, Mac SE bat. Aspaldi ez dudala armairutik atera. Beharbada honen lekua hartu beharko du orain… gauza bera gertatu ez bazaio, noski :(
OHARRA: Bideoaren musika ez dut nik jarri, ‘anbienteko soinua’ da. Ez dakit zer ematen ari ziren telebistan, baina musika primeran datorkio irudiari! :)