Ugaoko Udalak bosgarren aldiz antolatu du aurten email erotikoen lehiaketa. Eta, parte hartzeko lanak e-mailez bidali behar badira ere, aurtengoa lehenengo aldia da lehiaketaren berri emateko webgune bat sortzen dutena (bazen garaia, e?). Izen propioa ere jarri diote lehiaketari, Erotikugao. Nire arreba txikienak (gazteena bai, baina txikiena ere bai) esaten duen moduan, antimorbo total da zorioneko izena, baina enfin, kritikatzea erraza da, (eta gainera, euskalsex hartuta zegoen jadanik!).
Enfin, gauza da zabalik dagoela lehiaketan parte hartzeko epea (azaroaren 30era arte), eta hona ekartzeko gai aproposa iruditu zaidala. Sari onak daude, 700 euro bitartekoak, eta lanik onenak antzezlan bihurtuta ikusteko aukera, Glu-Glu antzerki taldearen eskutik.
Teknopatok ere pentsamendu lizunak izaten ditugulako tartean behin (ez, iPhone entzutean sortzen zaizun dardarizoak ez du kontatzen!), eta batzuk behintzat izango zaretelako php aginduak ez diren bestelakoak ere idazten trebeak! Animatzen bazarete, oinarriak hemen aurkituko dituzue. Zorte on!